Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Wu Shanzhuan

Lu Mingjun

Izenburua:
Wu Shanzhuan
Egilea:
Lu Mingjun
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta identitatea | Artea eta politika | Kontsumoa | Boterea
Teknikak:
Marrazkia
Aipatutako artistak:
Wu, Shanzhuan

Gaur urik ez (Today No Water), 1986–96
Tinta, grafitoa eta kolorezko arkatza paperaren gainean, 437 orri, 41,5 × 32,7 cm bakoitza. Bilduma pribatua

 

1985ean, Wu Shanzhuan-ek hizkuntzan oinarrituriko Umore gorria (Red Humor) bere sail ezaguna eratu zuen. Hangzhou-n, Zhejiang Arte Ederretako Akademian ikasten aritu zenean, non arte kontzeptuala lantzen baitzen. Wu lehen artista txinatarreko bat izan zen Mao Zedong-en aroko aurrez definituriko kultura bisuala eta esperientzia sozialista hizkuntzan oinarritutako arte bat sortzeko bereganatzen, estrukturalki eskala handiko erakundeen kritikarekin lotura zuen artea, gobernuaren propaganda eta burokrazia baliatuz. Oroitzapen bisualak eta ohiko diskurtsoak hartu zituen abiapuntu gisa —nahiz eta askotan, hain ohikoak izateagatik, ez zitzaien jaramonik egiten, 1960 eta 1970eko hamarkadetan Txinan nonahi agertzen baitziren leku publikoetan, dimentsio handiko karteletan, zigilu gorrietan, ikurritzetan eta bozgorailuetan—, irudi eta asoziazio satirikoak, sarkastikoak eta kritikoak sortzeko. “Gaur urik ez” jakinarazpena, esate baterako, usadiozko oharra zen hirietako biztanleen eguneroko bizitzan, sarritan geratzen ziren-eta urik gabe udalak kudeaturiko etxebizitza hondatuak. Alabaina, esaldia gehiegi erabili zelarik, ezabatuz joan ziren haren esanahi berezia eta azpian zuen botere politikoa, harik eta esaldiak, eguneroko mekanismo gisa, kontrol-modu berri bat eskuratu zuen arte. Eta puntu harexi lotu zitzaion indarrez Wu Shanzhuan. Wuk berak esan izan duen bezala, eguneroko bizitzako esaldi aspergarri horiexek dira hain zuzen ere “pentsamolde ilusorio” harrigarri bat eragiten zutenak beregan1. Eta harexek eraman zuen ikuspegi guztiz “konpositibo” batekin esperimentatzera, hitz haien esanahia eta botere-konnotazioak osorik agortzeko xedeaz. Haiek ziren artistak bere karaktere gorriak deitzen zituenak. Muturreko pobretasun bati edo erabateko hustasunari egiten diote karaktere horiek erreferentzia, edo agian, ezkutuan, erabateko eskubide eta askatasun bati.

Gaur urik ez (1986–96) da Wu Shanzhuanen Umore gorria saileko obrarik monumentalena. Paperezko 437 orri dira, aurreko garaiko hizkuntza eta mezu politiko bati erreferentzia egiten dioten marrazkiz, oharrez, testuz eta elementu itsatsiz beteak. Gaur egun ere, ez da batere erraza sailkatzen Wuren idatzien corpus ikaragarria. Ez da prosa, ez da fikzioa, ez poesia, eta askoz ere gutxiago kritika serioa edo lan akademikoa. Esperientzia pertsonaleko eta irudimenezko zati gehiegi dauzka, baita era guztietako eskema eta analisi bitxiak ere, logika bateraturik eta narratiba globalik gabe. Nonahi sar edo atera liteke bat testutik. Hemen ez dago esanahirik, ez ikuspunturik; kontzientzia-isuri bat besterik ez, hitz eta esaldi guztiak inoiz izan zitzakeen esperientziaz, asmoaz eta ezaugarriez gabetzen dituen garun batetik datorrena. Gainera, Sol LeWitt eta Lawrence Weiner-en lana oinarritzen duen Mendebaldeko Arte Kontzeptualaren logika minimalista eta abstraktuan ez bezala, Wuk asmorik ez zuen bere idatzietatik kontzeptu- edo forma-multzo bat ateratzeko. Ametsetan hitz egitearen antzeko “narratiba” honek bere baitan hartzen ditu Iraultza Kulturala, bortizkeria, politika, sexua, heriotza eta patua, eta oroitzapenez, erreboltaz, zalantzaz, paradoxaz, fantasiaz eta egunerokotasun-giro batez dago betea, eta aldi berean datuak, orduak, kokaguneak eta tenperatura adierazten duten oharrez zipriztindua dago. Komeni da azpimarratzea hitzen zoramen horrek, hitzen oldar emozionalak, ez dutela Wuren sintaxi bitxia eragozten; aitzitik, xeheagoa eta osoagoa egiten dute karaktere gorrien esanahi-ekintza.

1991n, Hanburgora joan zen Wu, eta beste ibilbide bati ekin zion, zeinari deitu baitzion “nazioarteko umore gorria”. Garai hartan, Gaur urik ez obraren oinarrizko jatorria lantzen jarraitu zuen, lehen lanaren “poema-bertsioa” eta “bertsio oharduna” sortzeko. Poema-bertsioa 303 bertsoko poesia bat da, jatorrizkoaren ondoriozkoa. Bertsio oharduna 303 bertso horien gaineko mihise-sail bat da, bere “nazioarteko” esperientzia berrian (supermerkatuak, bisatuak) eta kontsumismoarekin eta identatearekin lotutako gaietan inspiratzen dena. Bi bertsioek gordetzen dute karaktere gorrien logika geruza askokoa eta zentzurik gabea. Zehatzago, “karaktere gorri baten karaktere gorri baten karaktere gorri bat” da hau. Zentzuren batean, mekanismo linguistiko eta kognitibo horretatik sortuak dira Wuk geroago Inga-Svala Thórsdóttir bere emazte eta lankide artistikoarekin sortu zituen lanak, hala nola Parentesi perfektua (The Perfect Bracket), Mugarik gabeko jabetza (Domain without Edge), Kuo Xuan eta Haragitxo lodia (Little Fat Flesh). —LMJ [Lu Mingjun]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Wu Shanzhuan, “Origins of the Red Characters”/“Chizi de qidian”, 1986. Hemen argitaratua: Wu Shanzhuan: Red Humour International/Guoji hongse youmo, Susan Acret eta Jaspar Lau Kinwah-en argit., Asia Art Archive, Hong Kong, 2005, 12. or. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

1994: Aus der Eisenzeit, Kampnagelfabrik K3, Hanburgo. 1997: Caldas da Rainhako Bienala, Portugal. 2008: Wu Shanzhuan: Red Humour International, Guangdong Arte Museoa, Guangzhou

PDF-a JAITSI