Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Chen Zhen

Alexandra Munroe

Izenburua:
Chen Zhen
Egilea:
Alexandra Munroe
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta gizartea | Kapitalismoa | Kontsumoa | Budismoa | Espiritualtasuna | Erbestea
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Chen, Zhen

84 Fu Dao/Fu Dao, Buda buruz behera/Zoriontasunera iristea
(Fu Dao/Fu Dao, Upside-Down Buddha/Arrival at Good Fortune), 1997
Altzairua, banbua, Budaren erretxinazko estatuak, garbigailua, ordenagailu-monitorea, pneumatikoak, bizikleta, haizemailea, aulkia, etxetresna elektrikoak, aurkitutako beste objektu batzuk eta soka, 500 × 800 × 650 cm inguru, guztira. Eskaintza: GALLERIA CONTINUA, San Gimignano/Pekin/Les Moulins/Habana

 

Chen Zhen-en instalazio joria Kitakyushuko (Japonia) Center for Contemporary Art (CCA) zentroan artistak egindako bakarkako erakusketaren karietara gauzatu zen lehen aldiz, 1997ko maiatzean. Nobuo Nakamura idazle eta komisarioak fundatu eta udalak finantzatu zuen CCA, eta Japoniako nazioarteko arte garaikideko ikerketa- eta ikasketa-zentro aitzindarietako bat izan zen. Lehen urteko bakarkako proiektuetan eta egonaldietan, bereziki nabarmendu ziren honako artista hauek: Marina Abramović, Daniel Buren, Tatsuo Miyajima, Julião Sarmento eta Londresen egoitza duten Langlands & Bell arkitekoak. CCAk “trabarik gabeko” gunea izan nahi zuen, toki bat non artista eta pentsalari gazteek aukera izango zuten “sormen-proiektu berriak abian jarri eta horien bidez gaurko errealitate konplexuen gaineko beren interpretazioa adierazteko”1, eta, ikuspegi horretatik, 1990eko hamarraldiaren amaierako komunitate artistiko globalaren irrikak islatzen zituen; garai hartan, aurkitutako objektuek osaturiko kokaleku espezifikoko instalazio-artea, Joseph Beuys-engandik oinordekotzan jasoa, bihurtu zen nazioarteko artistek beren hurbileko munduari gaurkotasun kritiko baina poetikoaz erantzuteko modu gogokoena.

Chen-en instalazioa tenplu budistetako santutegietako pagoden egitura oktogonalaren erreplika bat da. Baina espazio transzendentea izan ordez, egunerokotasunean erabiltzen diren traste industrialen kakofonia bisual baterako gonbita egiten dio Chen-ek publikoari, berak “hileta esekia” deritzonerako gonbita2. Auto baten atearen zatiak, haizemaile elektrikoa, pachinko makina bat eta zenbait telebista ageri dira dilindan esparru oktogonalean, zeinaren jatorrizko estalkia baitago banbu landare pilez osatua. Barruan, jainko budisten iruditxoak, masan ekoitziak, luzera desberdinetako soketatik buruz behera zintzilikatuak. Fu Dao/Fu Dao izenburuak txineraz antzera ahoskatzen diren karaktereen esanahi desberdinen arteko jokoa egiten du: 佛倒 (fu dao), zeinak esan nahi baitu “Buda buruz behera”, eta 福到 (fu dao), zeina baita Urte Berriko esaera arrunta, “zoriontasunera iristea”, etxeetako ateetan eranskailuetan buruz behera jartzen dena. Chen-ek obra honi buruz idatzitako oharretan, galdetzen zuen nola zitekeen asiar herriak “gure gizarte modernoa, gure kultura garaikidea eta gure sistema politiko berezia eraikitzea” budismoaren “desmaterializazio-espirituaren” eta oparotasunarekiko “obsesio” kapitalista modernoaren eta kultura kontsumistaren artean harrapatutako errealitate batean3. Postmodernoek teorizatzen zituzten eta globalizazioak sustatzen zituen sinesmen-sistemei buruz egitura partaidetzazko eta metaforiko honetan bildutako kezkak funtsezkoak dira Chen-en sorkuntza-lanean.

Iraultza Kulturaren ondo-ondotik sorturiko artista esperimentalen lehen belaunaldiko kidea da Chen. Eszenografiako ikasketak egin zituen Shanghaiko Arte Dramatikoko Eskolan, 1970eko hamarraldiaren amaieran. 1986an Parisera aldatu zen, eta han bizi izan zen eta lan egin zuen hil arte. 2000. urtean zendu zen, gaixotasun degeneratibo batek jota, 45 urte zituela. Artista gisa, sistema desberdinen bazterrean ikusten zuen Chen-ek bere burua, bai espazioari (Txina, Europa eta mundu global berria) bai garaiari zegokionez (iragana, modernoa eta garaikide azeleratua), zeinek bere ondare kultural propioa zuten. 1990eko hamarraldian lanean ziharduten beste sortzaile ez-mendebaldar batzuei gertatu bezala —Montien Boonma, Ilya Kabakov eta Rirkrit Tiravanija, adibidez— bidaia, migrazio edo/eta erbestealdiko egoerek osatu zuten Chen-en jarduera artistikoaren eskema kontzeptuala. Bere instalazioen murgiltze-esperientziaren bidez, espiritualtasun eta gizarte-eraldaketa komun baterako bidea bilatzen saiatzen da Chen, diskordia orotatik aldenduta, zeina baitatza, paradoxikoki, bizitako diferentzien bizikidetzan. Harald Szeemann komisarioak —1997an antolatu zuen L’Autre Lyongo Bienalean ere sartu zuen Chen— Beuys-ekin alderatzen du Chen, Fu Dao/Fu Daoren esanahia argitzeko moduan:

Chen Zhen-ek probokazioa, soinua isiltzea, etena, harmoniaren kontrako matxinada, asaldura, bizitzaren sintesia baliatu zituen. Mezuak beti ziren ilunak bezain argiak. Are gehiago, hainbat esanahiren iragarpena ziren, espiritualtasun baten bila, zeinak ez baitu ikusten goian eta behean, ezkerrean eta eskuinean, heriotza eta bizitza, harmonia eta atonaltasuna kontraste modura, baizik, aitzitik, jario bakar gisa […]. Taupada antzemangarria duen pentsamoldea, Beuys-ek Europan landutakoaren antzekoa, zeinak lagundu baitzuen “europarra ez zenaz” genuen ikuspegia aldatzen eta hura ez hartzen “bestetzat”, “exotikotzat”, baizik adierazpen espiritual era berean natural, bat-batekotzat […]. Kontzeptu bat presentzia batean, bizitza batean atxikitzeko irrika da, ezerk geldiarazi ezingo duen jarioa duen energia sortzailearen korronte bat bezala4.

—AM [Alexandra Munroe]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Kitakyushuko CCAren webgunea, “About” aukera, kontsulta: 2016ko abenduaren 10ean. [itzuli]
  2. Chen Zhen, Fu Dao/Fu Dao proiektuaren deskribapena, Kitakyushuko CCAren webgunea, kontsulta: 2016ko abenduaren 10ean. [itzuli]
  3. Ibid. Fu Dao/Fu Dao-ri buruz, ikus gehiago hemen: Chen Zhen: Invocation of Washing Fire, arg. David Rosenberg eta Xu Min, Gli Ori, Prato eta Siena, Italia, 2003, 254.–55. or. [itzuli]
  4. Harald Szeemann, izenbururik gabeko saiakera ibid., 11. or. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

1997: Fu Dao/Fu Dao, Upside-Down Buddha/Arrival at Good Fortune, Center for Contemporary Art, Kitakyushu, Japonia. 2003: Chen Zhen: Silence sonore, Palais de Tokyo, Paris. 2004: Chen Zhen: Dancing Body—Drumming Mind, Gemeentemuseum, Haga

PDF-a JAITSI