Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Huang Rui

Alexandra Munroe

Izenburua:
Huang Rui
Egilea:
Alexandra Munroe
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta politika | Komunismoa | Txina
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua
Aipatutako artistak:
Huang, Rui

27 Mao Zedongi buruzko obra politikoak tintan paketatuak
(Political Works about Mao Zedong Packaged in Ink), 1990

Tinta liburu inprimatuen gainean, egurrezko laukian, bi sorta, 29,7 × 15,8 × 12,7 cm bakoitza.
Artistaren eta 10 Chancery Lane Gallery-ren eskaintza

28 Mao Zedongen lan hautatuen Lau Yin eta Yang ale, I eta II
(Four Yin and Yang Volumes of Selected Works of Mao Zedong I and II), 1990

Tinta liburu inprimatuen gainean, bi sorta, 6 × 13,7 × 20,2 cm bakoitza.
Artistaren eta 10 Chancery Lane Gallery-ren eskaintza

 

Huang Rui pintura abstraktuaren aitzindaritzat hartzen da arte txinatar garaikidearen baitan. Izarren Taldearen kide fundatzailea izan zen (1979 eta 1984 bitartean luzatu zen taldearen jarduna), zeina izan baitzen, Kultura Iraultzaren beheraldiaren ondoren, demokraziaren aldeko artista abangoardisten aurrenetako taldeetako bat. Era berean, 1979ko Izarren Taldearen Stars Art Exhibition erakusketaren antolatzaile garrantzitsua izan zen; hartan hogeita hiru “artearen esploratzailek” —haien artean zeuden Ma Desheng eta Yan Li Izarren taldekideak—Pekineko Arte Galeria Nazionala inguratzen duten burdin sareetan zintzilikatu zituzten beren obrak, eta ekintza hura mugarri bat izan zen arte esperimental txinatarraren historian. Han zintzilik zegoen kartel batean, honako hau idatzi zuen Huangek: “Gure koadroetan era guztietako adierazpenak daude, eta adierazpen horiek gure xede indibidualei zuzentzen zaizkie […]. Iraganaren itzala eta etorkizunaren distira elkarrekin gurutzatzen dira, egungo bizitza-baldintza desberdinak eratuz”1. 1978an, Bei Dao eta Mang Ke-rekin batera, Today (Jintian) [Gaur] literatura-aldizkaria fundatu zuen Huangek. Argitalpen aurrerakoi hura funtsezkoa izan zen 85eko Uhin Berria eratuko zuen indibidualismoari eta askatasunari buruzko diskurtso hasi berriarentzat. 1984an, Huang Osakara joan zen, eta han geratu zen 2002ra arte, urte hartan Pekinera itzuli baitzen.

Hirietako beste gazte asko bezala, Huang ere landaldera bidali zuten Kultura Iraultzaren garaian, “ber-heziketarako”, 1968tik 1974ra arte, eta barne Mongolian aritu zen lanean. Ironikoa bada ere, toki urrun haiek, eta erabiltzen ez ziren liburutegi lokalei esker, arte modernoko klasikoak ezagutzeko espazioa eta aukera ere eman zieten ikasle argienei, halakoak ezin baitziren inola ere aurkitu, eta askoz ere lagunekin lasai komentatu, are kontrolatuagoak zeuden hiriguneetan. Huang 1974an itzuli zen Pekinera, bere burua modu modernoan adierazteko xedea defendatzeko eta lantzeko asmoa hartuta. Abstrakzio espresionistaren alde egin zuen aurrenekoetako bat izan zen, arte txinatar ofizialean abstrakzioa oraindik estilo debekatua zenean; 1980ko hamarkadaren hasieran, bota egin zuten Artista Txinatarren Elkartetik. Tiananmengo plazan Ekainaren 4ko Gertaeren garaian Pekinen ez bazen ere, ikaragarri sufritu zuen, garai hartan atzerrian lanean ari ziren beste artista askok bezala, bere herrian gertatzen ari zenarekin.

Mao Zedongi buruzko obra politikoak tintan eta Mao Zedongen lan hautatuen Lau Yin eta Yang ale gutxi ezagutzen diren objektuak dira, eta Huang Rui-k bere estudioan eduki ditu sortu zituenetik, 1990an, Tiananmengokoak gertatu eta urtebete geroago. Kasu honetan, Maoren testu-bilduma famatueneko aleak erabili zituen, Lan hautatuak. 1950eko udaberrian, Alderdi Komunista Txinatarraren Batzorde Nagusiak Argitalpen Batzorde berezi bat eratu zuen, Liu Shaoqi-k zuzendua; 1917–48 bitarteko Maoren testuak, bederatzi ale izatera heldu zirenak, editatzea eta argitaratzea zen haren eginkizuna. Era askotako gaiak lantzen zituzten liburuok: gerra, iraultza, ekonomia, taktika militarrak eta masen ongi izatea. Haien artean zeuden Maoren 1942ko “Literatura eta arteari buruzko Yan’an-go Foruko interbentzio” famatuak; txinatar-japoniar gerraren eta insurgentzia komunistaren unerik gorenean egin zituen, eta haietan dei bat egin zien artistei, politikaren zerbitzura jar zitezen sozialismoa sustatzeko langileen, nekazarien eta soldaduen artean. Geroago itzuli eta atzerrian banatuko ziren Obra hautatuek Mao bihurtu zuten txinatar teorialari marxista nagusia, eta Txinako Alderdi Komunistaren pentsamolde politikoa tankeratu zuten. Lan hautatuen lau Yin eta Yang obra sortzeko, Huang Ruik bilduma aleanitzeko liburu batzuk hartu eta tintan murgildu zituen. Ale batean, orri guztiak daude busti-busti eginda. Hurrengoan, artistak bizkarraren eta azalen erdiraino aplikatu zuten tinta, eta, hala, yin eta yang txinatarren filosofia zaharrago eta inondik ere iraunkorragoarekin estali zuen Maoren filosofia tenporala. —AM [Alexandra Munroe]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Huang Rui, “Preface to the First Stars Art Exhibition (Xingxing Meizhan)” kartel baten testua (1979), ingel. itzulp. Philip Tinari, hemen: Chinese Contemporary Art: Primary Documents, Wu Hung-en argit., Peggy Wang-ekin elkarlanean, Museum of Modern Art, New York, 2010, 7 or. Hemen erreproduzitua: Huang Rui: The Stars Times 1977–1984, erak. kat. He Xiangning Art Museum, Shenzhen, Thinking Hands eta Guangyi Contemporary Art Archive, Pekin, 2007. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

1992: Huang Rui-ren erakusketa, Kaze Gallery, Osaka

PDF-a JAITSI