Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Wildlife

Anthony Yung eta Jane Debevoise

Izenburua:
Wildlife
Egilea:
Anthony Yung eta Jane Debevoise
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Erakusketak | Zentsura
Mugimendu artistikoak:
Arte Kontzeptuala
Artelan motak:
Instalazioa | Performance
Aipatutako artistak:
Chen, Shaoxiong | Liang, Juhui | Lin, Yilin | Ma, Liuming | Qiu, Zhijie | Song, Dong | Wang, Gongxin | Xu, Tan | Yin, Xiuzhen | Zhang, Huan | Zheng, Guogu

Pekin, Chengdu, Guangzhou, Shangai eta Txinako beste hiri batzuk (zenbait leku),
1997ko martxotik 1998ko martxora

Artistak: hogeita zazpi artista, besteak beste Chen Shaoxiong, Dai Guangyu, Hu Jianping, Liang Juhui, Lin Yilin, Ma Liuming, Qiu Zhijie, Shi Yong, Song Dong, Wang Gongxin, Wang Jin, Weng Fen, Xu Tan, Yin Xiuzhen, Yu Ji, Zeng Xun, Zhang Huan, Zheng Guogu, Zhu Fadong eta Zhuang Hui

Komisarioak: Guo Shirui eta Song Dong

Antolatzailea: Contemporary Art Center Co. Ltd., Pekin

Argitalpena: argitalpen independenteko katalogoa, 1998, 123 orri; txineraz

 

1980ko hamarkadaren erdialdeaz geroztik, behin eta berriz agertu da arte txinatarrean erakustokiaren forma, funtzioa eta autoritatearen kontzeptua zalantzan jartzearen gaia. Kritika hauen aurrenetako adibideen artean, aipatzekoak dira The Events Exhibition That Took Place at the Exhibition Hall of the Fujian Art Museum (1986), ekitaldi-sail aztoragarri bat, Huang Yong Ping-ek eta Xiamengo Dada taldeko beste kide batzuek antolatua; eta Procedure of Ask First, Shoot Later—About X? (1987), Zhang Peili-rena, non obra ikusteko argibide-multzo ulergaitz bat ematen baitzen.

1990eko hamarkadan ikaragarri jaitsi zenez gero arte esperimentala ikusgai jartzeko aretoen kopurua, nazioarteko erakusketa-egituren kritika era berean bihurtu zen artelanak aurkezteko kokagune alternatiboen bilaketa praktikoa. Gorago esan den bezala, leku ezohikoetan hasi ziren artistak beren obra aurkezten, lokal alokatuetan adibidez, etxebizitza partikularretan, edota unibertsitateen galerietan. Azken horren adibideen artean, Beijing Youth Daily egunkarian argitaratuko proposamen-sail bat aipa daiteke: 1994 Interior Design Invitational, The Date 26 November 1994 as a Reason (1994) eta 45 Degree as a Reason (1995), azken biak Geng Jianyi-k antolatuak. Wildlife izan zen beste bat (1997)1.

Wildlife Song Dong artistak eta Pekinen kokatua zegoen iraupen-laburreko Contemporary Art Center Co. Ltd. antolaturiko erakusketa bat izan zen, Guo Shirui-ren zuzendaritzapekoa2. Hogeita zazpi artista gonbidatu zituzten urtebeteko iraupena izan zuen proiektu honetara, Txina kontinentaleko hirietakoak —Pekin, Chengdu, Guangzhou, Haikou, Luoyang, Shanghai eta Yangjiang—, instalazioak, performanceak edo aire zabaleko kokalekuetarako berariaz egindako proiektuak sor zitzaten. 123 orriko argitalpen batean, interbentzio gehienbat aldi batekoak ziren hauen zirriborroak eta dokumentazio fotografikoa bildu ziren, baita haien lokalizazioaren mapa ere.

Song Dong-en hitzetan, proiektuaren helburua “erakusketenak ez diren espazioekin” eta “erakusketenak ez diren formekin” esperimentatzea zen, baita artea jendaurrean aurkezteko modu berriak aurkitzea ere, modu deszentralizatu batean, hau da, eskualdeetako lekuetan eta, berariaz, Pekin bezalako gune artistikoetatik kanpo, artistak gero eta kopuru handiagoan ari baitziren biltzen han3. Obrarik aipagarrienen artean, aipa daiteke Kaleko Paisaia (Street Scenery) saila, Chen Shaoxiong-ena; Zhuang Hui-ren Nire talde-argazkia 318 polizia-ofizialekin, maiatzak 13 (My Group Photo With 318 Police Officers, 13 may) eta Zhang Huan-en Urmael bateko uraren maila jaso (To Raise the Water Level in a Fish Pond). Azken proiektu horrentzat, artistak eskatu zien berrogei langile emigranteri zutik posatzeko ur arreko urmael batean, ura bular biluziaren mailaraino heltzen zitzaiela. Artista elkartu zitzaien, mutil bat lepoan zeramala, eta denak elkarrekin uraren maila igotzen saiatu ziren, alferrik ordea.

Wildlife erakusketako lan aitzindarien artean —lan haiek Txina barruko eta kanpoko artisten arteko truke gero eta handiagoa azpimarratu zuten—, aire zabaleko zenbait proiektu zeuden, leku jakin baterako berariaz eginak, esate baterako Betsy Damon artista eta Keepers of the Waters GKEren zuzendari estatubatuarrak antolatuak. Damon-ek Song Dong eta Yin Xiuzhen-ekin lan egin zuen, beste artisten artean, Lhasan (Tibet), 1996an. Urte hartan bertan, Song Dong-ek, Lin Yilin-ek eta Taiwan eta Hong Kongeko beste artista batzuek aire zabaleko instalazio bat aurkeztu zuten Oscar Ho Hing-kay-ren Outside the White Cube erakusketan, Hong Kongen.

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Hona hemen tituluaren itzulpen osorik deskribatzailea: Wildlife: An Experimental Art Project Held Outside Conventional Exhibition Spaces and Devoid of Conventional Exhibition Forms, Commencing Jingzhe Day, 1997. One of the Twenty-Four Divisions in China’s Traditional Calendar, Which Marks the Moment in the Year When Animals Wake Up from Hibernation and When All Creatures Revive. See Wu Hung, Exhibiting Experimental Art in China (Basa bizitza: proiektu artistiko esperimentala, erakusketa-espazio konbentzionaletatik kanpo egina eta erakusketa-forma konbentzionalez gabetua; Jingzhe Egunean hasten da, 1997. Txinako egutegi tradizionalaren hogeita lau zatiketetako batean, zeinak markatzen baitu animaliak hibernaziotik esnatzen diren eta izaki guztiak pizten diren urteko unea. Ikus Wu Hung, Arte Experimentala erakusgai Txinan), Smart Museum of Art, Chicagoko Unibertsitatea, Chicago, 2000, 143. or. [itzuli]
  2. Ikus ibid., 99–100, 143–47. or. [itzuli]
  3. Ibid., 143. or. [itzuli]

PDF-a JAITSI