Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Zhu Jia

Xiaorui Zhu-Nowell

Izenburua:
Zhu Jia
Egilea:
Xiaorui Zhu-Nowell
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Ekonomia | Pertzepzioa
Artelan motak:
Bideoartea
Aipatutako artistak:
Zhu, Jia

37 Betiko (Forever), 1994
Bideoa koloretan, soinurik gabea, 27 min 16 s.
Hauen eskaintza: artista eta ShanghART Gallery, Shanghai

 

Zhu Jia bideoartearen aitzindaria izan zen Txinan, eta bideokamera eramangarriekin hasi zen lanean 1992an, olio-pintura tradizionalean trebatu ondoren Pekingo Arte Ederretako Akademian. Bideoaren teknologia hori kontsumitzaileengana heldu berria zenean egin zituen artistak bere lehen bideo-lanak, zeinak agerian jartzen baitute egilearen konpromiso sendoa fenomenologiaren inguruko ideia filosofikoekin eta haien planteamendu esperimentalekin. Hou Hanru-k idatzi zuen bezala: “Komunitate filosofiko eta artistiko txinatarrak 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990eko hamarkadaren hasieran fenomenologia bereganatzen hasi ziren unean bertan jarri zituen abian [Zhu Jiak] bere proiektu multimedia eta kontzeptualak”1. Zhuri bereziki interesatzen zitzaion nola erabil zitekeen kameraren begirada gizabanakoaren pertzepzioa aldatzeko, ikuslearen eta ikusitakoaren arteko erlazioari buruzko usteak auzitan jarriz aldi berean. Lehen esperimentu haiek eguneroko objektuak eta espazioak erabiltzen zituzten, nola diren armairuak, bizikletak eta hozkailuen barrenaldeak, berriz pentsatzeko eguneroko bizitza garaikidearen muina. Espazio bakoitzari beren ohiko funtziotik at dauden inplikazioak emanez, Zhuren bideoek pertzepzioaren borondateari eta haren paperari buruzko meditazio gisa funtzionatzen dute, modernizazioaren aztoramendu bizkorren erdian, Txinako hiri-paisaiaz eta etxeko bizimoduaz hausnarketa egiteko garaian.

Betiko (1994), Zhu Jiaren esperimentu ikoniko goiztiarrenetako bat, mirari ekonomikoa deituaren lehen aldian grabatu zen, eta une hartan, eraistearen eta eraikuntzaren bidez, herrialdeko metropoli nagusiak itxuraldatzen ari zen hazkundearen agerpenari egiten zion erreferentzia. Bideokamera bat lotuz triziklo baten gurpilari, Pekineko bere auzoko kaleko eszena dokumentatu zuen bideokameraren mugimendu birakariaren bitartez. Pedalei eragindako abiadaren arabera, oso bizkorra baina ezagutzeko modukoa izatetik gauza guztiz psikodelikoa izatera igarotzen da eszena. Gehieneko abiadan, jendea, ibilgailuak eta eraikinak kolore eta forma indartsuko zirimola batean nahasten dira, pintura likidoa balira bezala. Betiko honen distortsioak, kale arrunt batean guztiz bizkor aldatzen diren irudiak kaleidoskopioa bihurtuz, bere horretan ezin mantendu daitekeen hiri gisa aurkezten du Pekin. —XZN [Xiaorui Zhu-Nowell]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Hou Hanru, “Have You Ever Had Any Sexual Relationship with Zhu Jia?”/“Ni he Zhu Jia fasheng guo xing guanxi ma?”, hemen: Art Changsha 2015: Zhu Jia/2015 yishu Changsha: Zhu Jia, Tan Guobin (arg.), Changsha: Hunan Fine Arts Publishing House, 2015, 18–25 or. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

1996: Image and Phenomena: ’96 Video Art Exhibition, Txinako Arte Akademiaren Galeria, Hangzhou. 1997: Uncertain Pleasure: Chinese Artists in the 1990s, Art Beatus Gallery, Vancouver. Cities on the Move 1, Secession, Viena; 1998an toki hauetara eraman zuten erakusketa: CAPC– Musée d’art contemporain de Bordeaux (Cities on the Move 2 tituluarekin) eta P.S.1 Contemporary Art Center, Long Island City, New York (Cities on the Move 3 tituluarekin). Another Long March: Chinese Conceptual Art 1997, Chassé Kazerne, Breda, Herbehereak. Johannesburgoko Bienala: Trade Routes: History and Geography. 2002: Tempo, The Museum of Modern Art, New York. 2010: Looking through Film: Traces of Cinema and Self-Constructs in Contemporary Art, OCT Contemporary Art Terminal, Shenzhen. 2015: Mobile M+: Moving Images, Midtown POP, Hong Kong, M+ erakundeak antolatua, Hong Kong

PDF-a JAITSI