Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Huang Yong Ping

Lu Mingjun

Izenburua:
Huang Yong Ping
Egilea:
Lu Mingjun
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta politika | Zentsura | Boterea
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Huang, Yong Ping

99 Saguzarra proiektua I & II (Bat Project I & II), 2003
Altzairua, panel akrilikoak, egurra, banbu-makilak, plastikozko xaflak, kartoia, saguzar disekatuak, agiri inprimatuak, hegazkin bateko xafla metaliko bat, kuterra, zuntzezko taula, argi-instalazioa eta argi-aplikeak, 207 × 220 × 220 cm guztira; bideoa, koloretan, soinuduna, 6 min. Guggenheim Abu Dhabi

 

2001eko apirilaren 1ean, Estatu Batuetako EP-3 miaketa-hegazkin batek txinatar hegazkin militar batekin talka egin zuen airean, Txinako Hego Itsasoaren gainean. Txinatar hegazkina suntsitu egin zen, eta Estatu Batuetakoak larrialdiko lurreratzea egin zuen Hainan uhartean. Maiatzaren amaieran, Txinak eta AEBk akordioa sinatu zuten EP-3 hegazkina desmuntatzeko eta itsasontziz AEBra eramateko. Garai hartan, Shenzhen hiriko He Xiangning Arte Museoan egitekoa zen Transplantation In Situ, laugarren eskultura garaikidearen txinatar-frantses erakusketan parte hartzera gonbidatu zuen Alberte Grynpas Nguyen frantses komisarioak Huang Yong Ping. Paristik Shanghai-ra zihoala, Huang-ek hegazkin amerikarra lekualdatzera zihoazela entzun zuen albistegietan, eta hark inspiratu zion Shenzhenerako Saguzarra proiektua proposamena. Estatu Batuetako EP-3 hegazkina benetako neurrian berreraikitzeko asmoa zuen, fuselajetik isatseraino —20 bat metroko luzera, beraz—, hiru ataletan bana­tuta. Artelana eraikitzen ari zela, ordea, Guangzhouko frantses kontsulatuak ezustekoan esku hartu zuen, adieraziz obra erakusgai jartzea politikoki kaltegarria izango zela, eta haren produkzioa eteteko eskatu zien erakusketaren antolatzaileei. Parte hartzekoak ziren beste artista batzuek jendaurrean protesta adierazi arren, ezin izan zen egoera hura konpondu. Hala, abenduaren 12an erakusketa inauguratu zenean, Huang-en izenik ez zen ageri argitaratutako materialetan.

Hurrengo urtean, 2002an, Saguzarra proiektua Wu Hung-ek komisariatutako Guangzhouko lehen trienalean aurkezteko gonbita egin zioten Huang-i. Kontsulta egin ondoren, Huang-ek Saguzarra proiektua II proposatu zuen, zeinetan erakutsi zituen EP-3aren gainerako atalak —15 metroko luzera, gutxi gorabehera—, kabina eta ezker hegala barne. Baina instalazioa amaitzear zela, Estatu Batuetako kontsulatuak esku hartu zuen, Txinako Atzerri Ministerioaren bidez, eta obra erretiratzeko eskatu zuen. Beste behin ere, beste artista parte-hartzaile batzuek desadostasuna adierazi zuten, baina obra erretiratu egin zuten, azkenean. 2003ko ekainean aurkeztu zuten proiektua, azkenik, Saguzarra proiektua I eta Saguzarra proiektua II obren zirriborro, argazki, dokumentu eta maketen bidez, eta Veneziako 50. Bienalean erakutsi ziren Hou Hanru-k komisariatutako Z.O.U.—Zone of Urgency erakusketa tematikoaren barruan1.

Saguzarra proiektua albisteetatik sortu zen, eta geopolitikan oinarritzen zen haren motibazioa, baina ezustekoa izan zen obraren gauzatzea bera gertaera/albiste bihurtzea. Hegazkina sinbolikoa da hemen, argi eta garbi, eta Estatu Batuen hegemoniari eta nazioarteko ordenarekiko probokazioari erreferentzia egiten dio, garbiro. Gainera, hegazkina desmuntatzeko ekintzak ere baditu bere inplikazio politikoak. Erreferentzia egiten dio ez soilik boterearen dekonstrukzioari, baizik botereak indarrean dagoen ordena deuseztatzeari. Obraren gaia gorabehera, Huang Yong Ping-en asmoa ez zen hura probokazioa izatea. Egilearen aburuz, artea politika da, baina ez zuen artea politizatzeko asmorik. Hala ere, bata bestearen atzetik sorturiko zailtasunek bultzatuta, artea bera politizatu zen. Eta are garrantzizkoagoa dena: ordura arte, errealitate sistemiko eta politika nazionalera mugatuak izan ziren zentsura- eta autozentsura-kasuak, baina Huang-en jardunak nazioarteko ikuspegia indartu zuen bere publikoarengan. Frantziako eta Estatu Batuetako kontsulatuen esku-hartzeak eta zentsurak agerian utzi zuten nazioarteko politikaren konplexutasuna eta haren baitako esleipen eta egituren berdintasunik eza. Ez dugu ahaztu behar I-11 garrantzi handiko arrazoia izan bide zela Huang-en jarduera eragozteko eta haren asmoa eta aurretiko ekintzak gertaera haren iragarle gertatu zirela, halabeharrez. —LMJ [Lu Mingjun]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. 2003ko urrian, Saguzarra proiektua III ere Gu Zhenqing-ek komisariatutako Left Wing erakusketatik erretiratu zuten. Bi urte geroago, Gao Minglu-k komisariatutako The Wall: Reshaping Contemporary Chinese Art erakusketan txertatu zuten Saguzarra proiektua IV, “agiririk gabe”. Ikus Huang Yong Ping, “Bat Project: A Chronology”, hemen: House of Oracles: A Huang Yong Ping Retrospective, arg. Philippe Vergne eta Doryun Chong, erak. kat. Walker Art Center, Minneapolis, 2005, 76.–79 or. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

2001: The Fourth Shenzhen Contemporary Sculpture Exhibition: Transplantation In Situ, He Xiangning-eko Arte Museoa, Shenzhen. 2002: Guangzhouko Trienala: Reinterpretation: A Decade of Experimental Chinese Art (1990–2000), Guangdong-eko Arte Museoa. 2003: Veneziako Bienala: Z.O.U.—Zone of Urgency. 2004: This Much Is Certain, Royal College of Art, Londres. 2005: On the Edge: Contemporary Chinese Artists Encounter the West, Cantor Arts Center, Stanfordeko Unibertsitatea, Kalifornia; toki hauetan ere izan zen 2006an: Davis Museum and Cultural Center, Wellesley College, Massachusetts eta Indianapolis Museum of Art. The Wall: Reshaping Contemporary Chinese Art, Milurtekoko Artearen Museoa, Pekin; toki hauetan ere izan zen 2006an: Albright-Knox Art Gallery, New Yor eta University at Buffalo Art Galleries (aldi berean). House of Oracles: A Huang Yong Ping Retrospective, Walker Art Center, Mineapolis; toki hauetan ere izan zen 2008an: MASS MoCA, North Adams, Massachusetts; Vancouver Art Gallery; eta Ullens Center for Contemporary Art, Pekin. 2016: Wolfgang Hahn 2016 Saria: Huang Yong Ping, Museum Ludwig, Kolonia

PDF-a JAITSI