Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Liu Dan

Alexandra Munroe

Izenburua:
Liu Dan
Egilea:
Alexandra Munroe
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta identitatea | Artea eta politika | Kaligrafia | Erbestea | Tiananmen plazako protestak
Teknikak:
Urtinta
Aipatutako artistak:
Liu, Dan

83 Zeruaren eta lurraren distira (Splendour of Heaven and Earth), 1994–95
Tinta paper gainean, 190 × 500 cm. Akiko Yamazaki eta Jerry Yang-en bilduma

 

Asiako arte moderno eta garaikidearen esparru gazteak era askotako ikasketak biltzen ditu, hasi historiatik eta humanitate klasikoetatik, eta globalismoaren kritika garaikide eta identitate-politikara. Ekialdeko Asian, eta, bereziki, Txinan, eztabaida sutsua eta inola ere ebatzi gabea sortzen du, oraindik ere, tintari eman beharreko tratamenduak. Artista garaikideak erabilgarri duen baliabide hutsa da tinta, edo sistema kultural bat, zeinaren kodeak ezin baitituzte manipulatu eta deszifratu txinatarrek eta gaian adituek beste inork? Tintaz egindako pintura oro da guohua, –hau da, literalki, “pintura nazionala”– eta dago, horrenbestez, nahita edo nahi gabe, Txinaren identitate kultural esentzialeko proiektu batean oinarritua? Zergatik eman zitzaien artista batzuei —hala nola Henri Michaux, David Smith eta Brice Marden-i— pintzelaz egindako kaligrafiaz jabetzeko eskubidea, arte abstraktuaren tresna modernotzat hartuta, baina leporatzen zaie nolabait modernoak ez izatea prestakuntza hobea duten txinatar artistei, gauza bera egiten dutenean? Bereizketa faltsu horrek indarrean dirau arte garaikidean, non tintaz lan egiten duten Txinako artistak baztertzen baitira, “tradizioa” erabiltzeagatik, kategoria horretan maiz kontuan hartu gabe “tintaren artista horiek” nola ari diren benetan “iragana” modu produktiboan azalera ateratzeko tresna kontzeptual eta kritikoak aplikatzen. Suntsipen kulturalaren politika ofizial burugabeak tintaren estetika ahuldu zuen garai batean heldutasuna iritsi zuten hainbat artistarentzat, Liu Dan-entzat esaterako, paisajismo jasoaren egitura aurreratua modu kritiko eta sortzailean birplanteatzeari buruzko auzia sekula ez da izan berreskuratze kontu soila.

Liu-k Nanjing-etik alde egin zuen 1981ean, Estatu Batuetara joateko; Honolulu-n zen Txinan mugimendu demokratikoa indartu zen garaian, 1989ko udaberrian. Tankeen joan-etorria atzerritik etsipenaren etsipenez ikusi zuten milaka herritar txinatarren antzera, ekainaren 4aren ondoren “lotura bat hautsi balitz bezala” sentitu zuen Liu-k1. Bere estudioan itxi zen, urtebetez, eta tintazko paisaia monumental bat sortu zuen, 18 metro luzea: Tintaz margotutako paper bilkaria (Ink Handscroll, 1990), su, ur, aire eta harkaitzen ikusmira izugarri bat, sormenezko eta hondamenezko prozesu nahasi batean murgildua. Errenazimentuaren, lehen Ming aroaren, alemaniar erromantizismoaren, kubismoaren eta espresionismoaren teknika paisajistikoak uztartuz, pintzelean eta tintan oinarrituriko lan-metodo bat sortu zuen Liu-k, eta Txinako arte eta kultura garaikidearen teorialari nagusien arreta erakarri zuen metodo haren bidez, hala nola Ah Cheng eta Ackbar Abbas-ena, baita I. M. Pei-rena ere. Bizitza errealean aurkitu ezin zuen egiatasun baten bila, nolabaiteko “sendabidea” aurkitu zuen tinta pintzelaz pazientzia handiz aplikatzeko jardueran2.

Zeruaren eta lurraren distira (1994–95) Liu-ren heldutasuneko lehen aldiko beste maisulana da. 1993an New Yorkera alde egin eta berehala landutako irudizko paisaia horren neurriek guztiz liluratuta uzten dute ikuslea. Mendiak, amildegiak, aintzirak eta hodeiak, dena erupzio eta mugimendu bizian, giza bizitzaren inolako arrastorik gabe, erritmo sinfoniko batean pilpiraka, paper gainalde ikaragarri handian barrena. Luze eta zabal idatzi da Liu-ren birtuosismoaz. Haren obra Munduaren antzerkiari buruzko eztabaidarako esanguratsu egiten duen ezaugarria da lekualdatze eta dislokazio sistema baten bidez gaia —txinatar paisajismoa— “bihurritzeko eta usurpatzeko” duen modua3. Txinarekiko urruntasunak, erbesteratua den heinean, eta AEBekiko urruntasunak, etorkina den heinean, “bestetasun” iragankorreko egoera iraunkor batera eraman zuten. Lekualdatzeak deskribatzen du kultura suntsitu bati buruzko bere ikuspegia eta azaltzen du arte garaikide mota jakin batekiko deskonexioa, zeinaren lengoaia gertatzen baitzitzaion irakurgaitza. Ikuspegi horrek inspiratu zion artistak “moshenggan-sentipena (besterentze edo arroztea)” deitu zuena. Horri buruz adierazi zuenez: “Gustukoa dut irudiak lilura deskribaezin bihurtzea, haien ezaugarri ezagunak manipulatuz beren bestetasuna agerian uzteko […]. Objektu fisikoaz bestelako ordena bat berreraikitzen du horrek”4. Hain zuzen ere, “errealtzat” jotzen denaren aurrez aurreko “bestetasunezko ordena bat” edo “arrozte” bat deseraikitzeko eta berreraikitzeko prozesu hori da Hou Hanru-k “hirugarren espazio” modura definitzen duena. Huang Yong Ping bere garaikidea bezalaxe, baina bestelako tresna multzo bat erabiliz, “bitarteko” lurraldean dabil Liu Dan, eta forma fantastikoa atxikitzen dio bere inteligentzia errebeldeari. —AM [Alexandra Munroe]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Hemen aipatua: Alexandra Munroe, “Why Ink?: The Art of Liu Dan”, hemen: Munroe eta Tadayasu Sakai, Alternative Visions: Liu Dan and Hiromitsu Morimoto, 3. lib., erak. kat., Gallery at Takashimaya, New York eta Tokio, 1993 [itzuli]
  2. Ibid. [itzuli]
  3. Xu Lei, “Twelve Views of Little Openwork”, Liu Dan-i egindako elkarrizketa, ing. itzul. Hue Wang Mokotoff, ingelesezko eskuizkribu argitaratu gabea, 2004. [itzuli]
  4. “Interview with Liu Dan, conducted by Li Xiaoqian on the occasion of a group exhibition at the Today Art Museum, 2012”, hemen: The Union of Mind and Dao: Art Works by Liu Dan, erak. kat., Suzhou Museum, Suzhou, 2013, 27. or.; hemen aipatua: Liu Yang, “To Make Stone Stony: Liu Dan’s Fantastic Mountains”, hemen: Liu Yang, Ink Unbound: Paintings by Liu Dan, erak. kat., Minneapolis Institute of Art, Minneapolis, 2016, 38. or. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

2001: China without Borders: An Exhibition of Chinese Contemporary Art, Sotheby’s, New York. 2004: The Second Contemporary Landscape Painting Invitational Exhibition, Liu Haisu Art Museum, Shanghai

PDF-a JAITSI