Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Martxa Luzea proiektua (Long March Project)

Lu Mingjun

Izenburua:
Martxa Luzea proiektua (Long March Project)
Egilea:
Lu Mingjun
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta ekonomia | Artea eta gizarte iraultza | Artea eta politika | Martxa Luzea | Dualtasuna | Talde-memoria
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Liu, Wei | Lu, Jie | Qiu, Zhijie | Wang, Jianwei | Xu, Zhen

104 Martxa Luzea proiektua (Long March Project) 1999–
Aribidean dauden proiektuak; parte-hartzaileak: artistak eta lekuan lekuko herritarrak, batzuetan dozena bat lagun eta besteetan zenbait milaka; ekitaldi bakoitzean artearen, iraultzaren eta gizartearen arteko erlazioak planteatzen dute. Ikerketan oinarrituriko jarduerei dagokienez, badira ikuskizun bisualak, argitalpenak, performanceak, hitzaldiak eta gizarte-proiektu kolektiboak
Hainbat leku Martxa Luze historikoaren bidean zehar: Ho Chi Minh-en ibilbide historikoa Txina, Laos, Vietnam eta Kanbodian zehar; eta nazioarteko beste kokagune batzuk, Hego Korean, Estatu Batuetan eta beste. Komisario burua: Lu Jie

 

1999an, Lu Jie-k, Goldsmiths unibertsitatean graduatuta, bere master-tesiko komisariotza-plana —Martxa Luzea proiektua (Long March Project)— praktikara eramatea erabaki zuen, eta helburu hura ikertzen eta antolatzen hasi zen. 2002ko ekainetik irailera arte, lau urteko prestakuntzaren ondoren, Lu Jiek abian jarri eta Qiu Zhijie komisariokidearekin batera antolatuta, Long March: A Walking Visual Display (Martxa Luzea: erakustaldi bisual ibiltaria) egin zen Armada Gorriaren Martxa Luzearen jatorrizko ibilbidean. Parte-hartzaileak Ruijin-etik abiatu ziren, hau da, Jiangxi probintziatik, eta hainbat lekutatik igaro ziren: Jinggang mendia; Daozhong, Guangxi probintzian; Lijiang eta Kunming, Yunnan probintzian; Lugu aintzira, Sichuan probintzian; Guiyang-Kunming burdinbide-linea; Zunyi eta Maotai, Guizhou probintzian; Xichang Sateliteen Jaurtiketa Zentroa, Moxi, Anshun-go lurraldea, eta Dadu ibaia, Sichuan probintzian, Pekinera itzuli baino lehen. Guztira, antolaturiko hogei lekutatik hamabitan egin zituzten ekitaldi artistikoak. Geldialdi bakoitzean, jarduera artistiko desberdinak egiten zituzten, lekuaren historiaren eta une hartako esperientziaren arabera, bertako artista eta erakunde kulturalekin elkarlanean.

Lu Jieren ikuspegitik, kanpaina militar hutsa baino gehiago izan zen Armada Gorriaren Martxa Luze historikoa. Denborarekin, zama ideologiko garrantzitsua hartu zuen, eta era askotako auziak hartzen zituen: utopia sozialaren idealak; Txinak Mendebaldeaz duen ideia, Mendebaldeak Txinaz duena; modernizazioaren erasoa eta hari eman zitzaizkion erantzunak; “erromesaldi” bat eta “bidaia” bat; generoa, klasea, jatorri etnikoa eta identitatea; masa-mugimenduak eta propaganda; teoria eta praktika; sekulartasuna eta erlijiotasuna; anonimotasun kolektiboa eta gizabanakoaren eskubideak. Gai horiek esparru eta testuinguru metaforikoak eskaini zituzten proiektu nazional eta nazioarteko sail baten produkzioaren gainean eztabaidan jarduteko. Hala, Luk bi helburu nagusi zeuzkan Martxa Luzea Proiekturako. Lehenengoan, sorkuntza eta aurkezpen artistikoko eredu bizia eta arina lortu nahi zen, leku jakinetako herri-tradizioetan eta ekologietan oinarritua, artearen historia eta teoriarako eredu multimedia berria erabiliz hartarako. Bigarren helburua zen iraultzako eta bizi-esperientzia sozialistako mende bat berraktibatzea, gizarte txinatar garaikidea eratzen jarraitzen baitute, eta bertako herriaren memoria gisa pilatu baitira1. Zentzu horretan, proiektu osoa zen historia berrikusteko ekintza, baita interbentzio sozialeko praktika ere. Guztira, berrehun eta berrogeita hamar artistak, tokiko kultura-langileek eta intelektualek parte hartu zuten proiektuan. Batzuek proiektu osoan parte hartu zuten, eta beste batzuek, berriz, geldialdi batean edo bitan. Esperientzia ibiltariak esperimentazioko, elkarlaneko eta interakzioko modu desberdinak erabili zituen memoria historikoa pizteko, horrela berriz analizatzeko zer modutan taxutu dituen gure bizitzak tradizio politikoak, eta nola dagoen orainaldiarekin lotua. Bitartean, proiektu horrek, artearen eta erakusketen hizkeretan egindako esperimentu gisa, artearen sistemak ipintzen dituen muga guztiak baztertu zituen, eta askatasun eta irudimen handiagoa eman zien artistei (baita tokian tokiko sortzaileei ere). Hala, esate baterako, Martxa Luzearen bidea kontrako norabidean korritzea zen Xiao Xiong-en plana, Yan’an-go amaierako puntutik Ruijingo hasierako punturaino. Qin Ga-k ez zuen martxan parte hartu, baina, ekipoa geldialdi batera heltzen zen bakoitzean, tokiaren izena eransten zion bizkarrean tatuatua zeukan Txinako mapari, bidaiaren amaieraraino. Gaur egun, Jiang Jie-k oraindik ere urtero jasotzen ditu Moxiko herritarren argazkiak, Sichuan probintzian, artistak oparitu zien artelanaren aurrean: Dohaintza Armada Gorriarentzat: Martxa Luzeko bideko amei agurra (Gift to the Red Army: Salute to the Mothers of the Long March Route, 2002–).

Taldea hamabigarren geldialdira heldu zenean, bi komisarioak bat-batean ohartu ziren proiektua fokuratu zuten modua oso erraza zela iragartzen, oso axalekoa zela, eta proiektuaren jatorrizko asmoei traizioa egitera ere heldu zela. Wang Jianwei-k esan zuen bezala, “Ez ote zen hasi oraindik egiazko Martxa Luzea?”2. Berehala erabaki zuten bertan behera uztea ondorengo geldialdiak eta plana berregokitzea, Pekinera itzulita. 2003ko apirilaren 13an zabaldu zen ofizialki 25,000 Cultural Transmission Center (25.000 Igorpen Kulturaleko Zentroa); elkarrekin lotutako hainbat erakusketa esperimental aurkeztu zituen erakundeak. Irailaren 18an, 25.000 Igorpen Kulturaleko Zentroaren lekuan, Long March Space (Martxa Luzea Espazioa) zabaldu zen, eta Power of the Public Realm (Esparru publikoko boterea) erakusketarekin nabarmendu zuen abagunea; Martxa Luzea Proiektuaren hamahirugarren geldialdia izan zen, eta Lu Jie eta Qiu Zhijie izan ziren komisarioak. Erakusketa hartan “Martxa Luzean” deskubrituriko lau herri-artista izan ziren: Li Tianbing, mendebaldeko Fujian eskualde sobietar iraultzaile ohitik zetorren argazkilaria; Jiang Jiwei, Guangxi probintziako egur-zizelkaria; Guo Fengyi, Shaanxi probintziako pintore herrikoia; eta Wang Wenhai, Yan’an-go Iraultzaren Museoko irakasle erretiratua, “Yan’an-go buztinezko eskulturaren erregea” ezizenaz ezaguna. Bere ñabardura antropologikoekin, artearen eta eguneroko munduaren arteko mugen analisia eta eztabaida hauspotzen zituen erakusketak, baita garaikidekotasuna zer den definitzeko moduaren auzia. Ondoren, Long March Space guneak hainbat proiektu bideratu zituen, honako hauek besteren artean: paper ebakiz egindako eskulanen azterlan bat Yanchuan konderrian, lehen eta bigarren hezkuntzako eskoletan eman ziren paper-ebaketako ikastaroekin batera; Martxa Luzea proiektua: Yan’an; Yang Shaobin-en ikatz-meatokiko proiektua; eta Tibeti buruzko landa-lan bat. Era hartan, nolabait ere, Martxa Luzea proiektua Txinako ezkerreko pentsamoldearen 1990eko hamarkadako goraldiaren jarraipena izan zen. Bere modura erantzun zion Txinan gaur egun jarraitzen duen “ezker-eskuin debatea” (zuo you zhizheng) delakoari, baita “Hu eta Wen-en politika berria” deituari ere (Hu Wen xin zheng). Ezker-eskuin debatearen gai nagusietako bat izan da nola birplanteatu modernotasun txinatarraren auzia ikuspegi global batetik, eta hasieratik aritu da Lu Jie hortaz hausnarrean.

Lu Jieren jatorrizko komisariotza-ideian, Martxa Luzea Proiektua ez zen Txinako tokiko historia eta errealitateetara mugatu, aldiz, nazioarteko ekitaldi baten gisa sortu zen. Chinatown proiektua izenekoan, Martxa Luzea Proiektuaren baitan, Txinarekin, Mendebaldearekin eta munduarekin loturiko auziak landu ziren. Horrez gainera, Martxa Luzea: erakustaldi bisual ibiltaria izenekoan, Jean-Luc Godard-en La Chinoise (1967), Michelangelo Antonioni-ren Chung Kuo, Cina (1972), Philip Haas eta David Hockney-ren A Day on the Grand Canal with the Emperor of China (1988) eta Txinari buruzko beste film klasiko batzuk ipini zituzten; Ingo Günther, Judy Chicago eta Wim Delvoye artista ez txinatarrak ere gonbidatu zituzten arte-proiektu hartan parte hartzera. Geroago, Martxa Luzea Proiektua garrantzi handiko erakusketetan eta arte-azoketan aurkeztu zen, ondoko hauetan: Yokohamako Trienala, Asia Pazifikoko Trienala, Auckland-eko Trienala, Asia Society-ren Art and China’s Revolution (Artea eta Txinako iraultza) erakusketa, Rotterdameko Nazioarteko Arte Azoka, Busango Bienala eta New Yorkeko Performa. Erakusketa bakoitzean, Martxa Luzea proiektua saiatzen zen historia eta errealitateko esperientzia lokalekin konektatu, eta parte-hartze aktiboan eta artista lokalen erantzunean oinarrituriko proiektu berriak gauzatzen. Erakusketa bakoitzak hasiera berri bat edo bidaia berri bat zekarren. Hala, tokiko diskurtso-planteamendu eta testuinguru horretatik atera ziren, esate baterako, Korea 2018, Harlem School of New Social Realism (Harlem Errealismo Berriko Eskola) eta, bereziki, Ho Chi Minh Trail (Ho Chi Minh ibilbidea).

Long March Project: Ho Chi Minh Trail (Martxa Luzea Proiektua: Ho Chi Minh ibilbidea) 2008an hasi zen ofizialki, eta bereziki landu zituen Laos, Vietnam eta Kanbodia gurutzatzen zituen eta Vietnamgo gerrako logistikan garrantzi handiko elementua izan zen ezkutuko ibilbidearen historia nahasia, baita horrek egun oraindik duen garrantzia ere. 2010eko ekainetik uztailera, Lu Jie eta Gao Shiming antolatzaileak, hala nola Lu Xinghua, Wang Jianwei, Xu Zhen, Liu Wei, Zhang Hui, Johnson Chang Tsong-zung eta Wang Jiahao artista eta intelektualak Pekindik atera ziren Ho Chi Minh-en bidea egiteko, Phnom Penh, Ho Chi Minh Hiria, Hue, Vientiane, Hanoi, Youyi eta Guangxiko probintzia gurutzatuz. Zortzi urte lehenagoko Martxa Luzearen ibilbidea berriz egin ordez, proiektuaren xedea areago izan zen diskurtso-espazio bat bideratzea, hartan artistek, komisarioek eta tokiko intelektualek gai zabalak azter zitzaten, nola ziren independentzia, iraultza, erreforma soziala eta eskualdearen garapen ekonomikoa. Proiektua historiaren berrikusketa erabiltzen saiatu zen, globalizazioaren aroan mekanismo kontzeptualak eta eskualdeetako kulturen ekoizpenari zegozkionak garatzeko, eta, zentzu horretan, Ho Chi Minh ibilbidea oroitzapenen metaketa eta ekintza sozial hutsa baino zerbait gehiago izan zen. Historiaren eta errealitatearen arteko bidegurutzean iraultza pertsonala ernatzea zuen egiazko xedea, hartara autonomia berri bat eratu eta Martxa Luzeak amaierarik ez duela gogorarazteko. Artegintzan hasiera berriak etengabe bilatzean datza haren garrantzia3. —LMJ [Lu Mingjun]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Lu Jie, argitaratu gabeko hitzaurrea, honetarako: “Long March: A Walking Visual Display/Changzheng: Yige xingzouzhong de shijue zhanshi”, 2003. [itzuli]
  2. Lu Jie, egilearekin elkarrizketan, 2016ko irailak 7. [itzuli]
  3. Gao Shiming, Zou zai Hu Zhiming xiaodao shang (Ho Chi Minh ibilbidea eginez), hemen: Changzheng Jihua: Hu Zhi Ming xiaodao (Long March Project: Ho Chi Minh Trail), Fang Zengxian eta Xu Jiang (arg.), Pekin: Culture Art Publishing House, 2010. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

2004: Light as Fuck—Shanghai Assemblage 2000–2004, Museum of Contemporary Art, Oslo. Le moine et le démon: Art contemporain chinois , Musée d’art contemporain de Lyon. Taipeiko Bienala: Do You Believe in Reality?, Taipei Fine Arts Museum. 2005: Classified Materials: Accumulations, Archives, Artists, Vancouver Art Gallery. Yokohamako Trienala: Art Circus-Jumping from the Ordinary. Pragako Bienala. 2006: Asia Pazifikoko Trienala, Queensland Art Gallery, Brisbane. São Pauloko Bienala: Como viver junto. 2007: Performa, New York. Auckland-eko Trienala: Turbulence. 2008: Art and China’s Revolution, Asia Society, New York. Busan-go Bienala: Sea Art Festival: Voyage without Boundaries. Guangzhouko Trienala: Farewell to Post-Colonialism. 2010: Shanghaiko Bienala: Rehearsal

Proiektuaren historia

2002: Long March: A Walking Visual Display, hainbat kokaleku Martxa Luzearen ibilbidean, Txina. 2004: Long March Project: The Great Survey of Paper-Cutting in Yanchuan County, Yanchuan konderria, Txina. 2004–06: Yang Shaobin: 800 Meters Under, Martxa Luzea Espazioa, Pekin. 2006: Long March Project: Yan’an, Yan’an, Txina. 2006–09: Long March Project: Yanchuan Primary School Papercutting Education Project, Yanchuan konderria, Txina. 2006–07: Long March Project: Why Go to Tibet, hainbat kokaleku Tibeten. 2007–: Long March Project: Korea 2018, hainbat kokaleku Korean. 2007–08: Long March Project: Yang Shaobin; X-Blind Spot, Martxa Luzea Espazioa, Pekin. 2008–10: Long March Project: Ho Chi Minh Trail, hainbat kokaleku. 2010–2011: Long March Education: Rhizome Forum, hainbat kokaleku

PDF-a JAITSI