Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Wang Guangyi

Stephanie H. Tung

Izenburua:
Wang Guangyi
Egilea:
Stephanie H. Tung
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta historia | Artea eta mitologia | Artea eta politika | Espiritualtasuna | Boterea
Mugimendu artistikoak:
Errealismoa | Pop Artea
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Wang, Guangyi

11 Mao Zedong: Sareta gorria, 2. zkia. (Mao Zedong: Red Grid No. 2), 1988
Olio-pintura mihise gainean, 150 × 130 cm. M+ Sigg Collection, Hong Kong

 

Wang Guangyi-ren Mao Zedong: AO triptikoa (1988) agertu zenean 1989ko China/Avant-Garde erakusketan Pekingo Arte Galeria Nazionalean, ikusleak guztiz harrituta geratu ziren, koadro hark lotsagabeki baliatzen baitzuen Maoren irudi ikonikoa, sareta beltz handi batez estalita aurkezten baitzuen1. Ordu arte, Txinako artista bakar bat ere ez zen ausartu, non eta halako espazio publiko batean, Maoren erretratua bere mesede propiorako erabiltzen, esanahi politiko handia baitzuen oraindik ere.

Wang Iparraldeko Arte Taldeko kide nagusia zen; teorian oinarrituriko artista-talde bat zen hura, Harbin-en egoitza zuena, eta gogor erreakzionatu zuen 1980ko hamarkadako emozio katartikoen eta pailazokeria dadaisten ugaritasunaren kontra, pintura arrazionalaren goi mailako bilaketa objektiboaren bitartez2. Ordurako famatua zen Wang-en Posklasikoa saila (Post-Classical, 1986–88), zeinean Mendebaldeko pinturako maisulanak erabiltzen baitzituen, besteren artean Leonardo da Vinciren Ama Birjina eta Haurra eta lorontzi bat (1474–76), eta Jacques-Louis Daviden Maraten Heriotza (1793); gero “zuzendu” egiten zituen, irudiak abstrakzio ilun bihurtuz, ezaugarririk gabe, kono eta esfera formako konposizio-baliabideen modura kokaturik, haien indar espiritualaren fokua lokalizatzeko edo haien auraren nolakotasun eraikia agerrarazteko.

Mao Zedong: Sareta gorria, 2. zkia Wang-ek 1988an bukatu zuen Maoren bost koadroko sail batekoa da. China/Avant-Garde erakusketaren inguruan egin ziren elkarrizketa eta artikuluetan, Wang Wang-ek adierazi zuen ezabatu egin nahi zuela Maoren erretratu nonahikotik “irrika humanisten nolakotasun ilogikoa”, eta Mao hustu bere “ilusiozko zentzu mitologikotik”3. Wangek proiekturako sortu zituen prestakuntzazko zirriborroetan argi ikusten da oraindik ere garrantzitsua zela Maoren irudia; izan ere, argazkietatik, aldizkarietatik eta baita brodatu komertzialetatik ere hartutako irudiak erabili zituen. Ikuslearen eta plano piktorikoaren arteko konexio globala apurtzea da saretaren baliabide ez figuratiboaren helburua, eta aldi berean agerian utzi nahi du Maoren erretratua dimentsio monumentaletaraino zabaltzeko haren bizitza politikoaren parte handi batean herrialde osoan erabili ziren marrazketa-amarruak. Maoren erreprodukzio ikonografikoaren baldintzak azalduz, Wangek espero zuen ikusleak gauza izango zirela beren kabuz deseraikitzeko Maoren irudi historikoaren produkzioa, hura hil eta handik hamabi urte eta argi-urte batera.

Liberalizazio burgesaren kontrako 1987ko kanpainaren testuinguruan sortu zuen Wang-ek Maoren erretratua. Kanpaina hark boteretik apartatu zuen Hu Yaobang, alderdi liberalaren liderra, eta bidea zabaldu zien Tiananmengo 1989ko manifestazioetako istiluei. Maoren irudia oso gai eztabaidatua zen oraindik, eta, gure gaurko ikuspegitik, zaila gertatzen da ulertzea zenbaterainokoa zen Wangen obraren erradikaltasun-zama. Andy Warholen Mao sailak (1972–73) pertsona famatu baten estatusarekin berdintzen zuen Maoren boterea; Wang-en Maori buruzko koadroak, aldiz, pertsonaia honek Txinan zeukan botere espirituala publikoki auzitan jarri zuten lehen obretakoak izan ziren, “Mao sukarraren” bataila ikonografiko zabala iragarriz era horretan, zeinak bereganatuko baitzituen gazte intelektual txinatarrak 1990eko hamarkadaren hasieran, eta hurrengo hamarkadan Maoren irudi ikonikoak bihurtuko baitzituen Errealismo ziniko eta Pop politiko taldeetako artisten motibo eta estrategiarik gogokoenak. —ST [Stephanie H. Tung]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Christoph Heinrich, “Wang Guangyi” hemen: Mahjong: Contemporary Chinese Art from the Sigg Collection, argit. Bernhard Fibicher eta Matthias Frehner, erak. kat., Bernako Kunstmuseum, Hatje Cantz, Ostfildern, Alemania, 2005, 68. or. [itzuli]
  2. Stephanie H. Tung, “Northern Art Group”, U-Turn: 30 Years of Contemporary Art in China 2, 4. zkia, 2008, 2. or. [itzuli]
  3. Huang Zhuan, Politics and Theology in Chinese Contemporary Art: Reflections on the Work of Wang Guangyi, Skira, Milan, 2013, 142. or. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

2005: Mahjong: Contemporary Chinese Art from the Sigg Collection, Kunstmuseum Bern; 2009an toki hauetara eraman zuten: Hamburger Kunsthalle, Hanburgo; Berkeley Art Museum and Pacific Film Archive, Kaliforniako Unibertsitatea; eta Peabody Essex Museum, Salem, Massachusetts. 2010: Made in Popland, Arte Moderno eta Garaikideko Museo Nazionala, Seul. 2014: Right Is Wrong: Four Decades of Chinese Art from the M+ Sigg Collection, Bildmuseet, Umeåko Unibertsitatea, Suedia; 2016an toki hauetara eraman zuten: The Whitworth, Manchesterko Unibertsitatea (The M+ Sigg Collection: Chinese Art from the 1970s to Now izenarekin) eta ArtisTree, Hong Kong (M + Sigg Collection: Four Decades of Chinese Contemporary Art izenarekin)

PDF-a JAITSI