Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Ai Weiwei [IV]

Alexandra Munroe

Izenburua:
Ai Weiwei [IV]
Egilea:
Alexandra Munroe
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta teknologia | Zentsura | Txina
Aipatutako artistak:
Ai, Weiwei

113 Herri-ikerketa (Citizens’ Investigation), 2009ko martxoak 20–2010eko maiatzak 12
Interneten bitartez deitu eta bildutako herritar indibidualek beren kabuz antolaturiko ikerketa-kanpaina eta ekimena, 2008ko lurrikarak Sichuan-en suntsituriko eskola-eraikinetan hildako ikasleen izenak jakiteko helburuarekin. 160 boluntariok egin zuten ikerketa, eta lurrikarak gehien eragindako eremuak hartu zituen: 14 konderri, 74 hiri eta 300 eskola baino gehiago.
Herri-ikerketa egiteko azterlanaren prozesuaren online-argitalpena, hil ziren 5.386 ikasleren izenak eta adina ageri ziren erregistroa. Ikerketa-proiektu sozial honen jarduerei eta ondorioei buruzko argibide gehiago eskaintzen dituzten
dokumentalak eta argazkiak.
Ai Weiweiren instalazio-sorta bat, lurrikara gertatu zen lekuetatik zetozen barra indargarriz eginak, Zuzenak (Straight, 2008–12) izenekoa. Eskultura publiko monumental bat, haurren motxilek osatua, Gogoan (Remembering, 2009) izenekoa, Haus der Kunst-en eskaeraz egina, Munich

 

Ai Weiwei Herzog & de Meuron-entzat arte-aholkulari gisa lanean hasi zenean Pekingo Estadio Nazionalaren diseinuan, erabat aldatzen hasia zen artistak gobernu txinatarraren gainean zuen iritzia. 2008ko Olinpiar Jokoak ospatu baino lehentxeago, nazio osoak hartarako egindako ahalegina kondenatu zuen, esanez “irribarre faltsu” bat zela, alderdi bakarraren mendeko herrialdearen egoera kezkagarria mozorrotzen zuena. Suminduta arrunt elite kultural eta intelektualeko kideek berek ere defendatzen zuten asepsia ofizialarekin, The Guardian aldizkarian argitaratu zen elkarrizketa batean adierazi zuen Aik bere ukoa Olinpiar Jokoei, propaganda hutsa zirelakoan1. Egunero plazaratzen zituen tankera horretako iritziak, esanez: “Nire jarrera eta nire bizitza-estiloa dira nire arterik garrantzitsuena”2.

2008ko maiatzaren 12an, arratsaldean, 8.0 magnitudeko lurrikara batek astindu zuen Wenchuan konderria, iparraldeko Sichuan probintzian; eremu menditsu bat erraustu eta 70.000 bat lagunen heriotza eragin zuen, haien artean lurrikara gertatu zenean eskolan ziren milaka neska-mutilena. 370.000 zauritu izan ziren eta milioika pertsonak etxea galdu zuten. Wenchuangoa izan zen Txinako hondamendi natural okerrena 1976ko Tangshan-go lurrikaraz geroztik; hori zoritxar-seinale gisa interpretatu zuen jendeak, gertatzear zen Mao Zedong-en heriotzaren ondoren etorriko zenaren seinale gisa. Sichuango tragedia Olinpiar Jokoak baino hiru hilabete lehenago gertatu zen, eta ezohiko elkartasun nazional bateratua eragin zuen puska batez. Baina dohaintzak heldu ahala, komunikabideek eta jendeak galdera kezkagarri baten inguruan bildu zituzten indarrak: zergatik erori ziren halako erraztasunez Estatuak eraikitako eskola-eraikinak, milaka haur bizirik hobiratuz, beste eraikin batzuek astinaldiari eutsi zioten artean?

Egun gutxiren buruan, Ai Weiwei eta haren lankideak Beichuan-era joan ziren, alderdi kaltetuenetako bat zenera, eta “sufrimendu eta izu mugagabearen lekukoak izan ziren”3. Eszenak filmean eta argazkietan grabatu zituzten, eta irudiak eta komentarioak Airen blogera igo zituzten, zeinak oso hedapen handia baitzuen. Ekainean jadanik, hurrengo urtean landuko zuen bidegabekeria salatu zuen Aik; horren ondorioz, bloga itxi zioten, poliziak gau batean eraso egin, eta buruko hemorragia bat eragin zion: 2011ko apirilean, atxilotu eta kartzelan sartu zuten, “Estatuaren boterearen kontrako subertsioa” egotzita. Baina gero eta argiagoa zen ustelkeria izan zela Sichuango eskolen eraikuntzaren kalitate txarraren kausa, eta gobernuaren maila gorenetan bitartekoak ari zirela prestatzen “tofu-hondakinen eskolak” deituen hondamendia zabaldu ez zedin.

Lurrikara gertatu eta hamar hilabete geroago, Sichuan probintziako gobernuak itxi egin zuen biktimen kopuruari buruzko ikerketa bat-batean, argudiatuz “zaila zela kopuru zehatza ematea”4. Ez zieten jaramonik egin Ai Weiwei Studioren eta beste aktibisten eskaerei. Orduan jarri zuen Aik abian, 2009ko martxoaren 20ko data zeukan azalpen batean, Herri-ikerketa. Honako hitz hauekin eskatu zuen boluntarioen elkarlana:

Eskola-umeen heriotzak ez duela beraiekin batere ikustekorik diote […]. Gertakariak ezkutatzen dituzte, eta, ‘egonkortasunaren’ izenean, egia jakitea eskatzen duten hildako haur horien gurasoak auzipetzen, mehatxatzen eta espetxeratzen dituzte […]. Zendutako neska eta mutil bakoitzaren izenak jakingo ditugu eta gogoratuko ditugu […]. Zuen ekintzek sortzen dute zuen mundua5.

Maiatzaren 12an, Sichuango lurrikara gertatu eta handik urtebetera hain zuzen, Airen Herri-ikerketak hildako 5.386 ikasleen izen-zerrenda argitaratu zuen. Taldearen aurkikuntza tristeak Interneten bidez zabaldu ziren, eta nazioarteko hedabideen arreta erakarri zuten, noiz eta nazioa gorenean egon behar zenean Olinpiar Jokoei eman zitzaien estaldurarekin. Baina Airi zegokionez, haren amorruaren muinak ez zuen atzera egin. Haur errugabe haien heriotzak ustelkeria bera baino gauza okerrago bat agertzen zuen: gizabanakoen bizitzarekiko interes eskasa, nolabait ere gizarte txinatarrean arazo endemikoa zena.

Herri-ikerketa honekin eta Ai Weiweik haren ondorio gisa sortu zituen beste obrekin, esparru sinonimoak bihurtuko ziren artea eta aktibismoa. Zuzenak (2008–12) gela baten neurriko hainbat instalazio dira, Sichuango hondakinetatik atera eta zuzendutako barra indargarri metatuez osatuak, lekukotasun soil eta elegiakozko hainbat tona eratuz. 2009ko Haus der Kunst aretoko interbentziorako, Aik milaka haur-motxila ipini zituen Hitlerren garaiko eraikinaren fatxadan, eta ama baten oroitzapena zen esaldi bat eraiki zuen haiekin: “Zoriontsu bizi izan zen mundu honetan zazpi urtez”. Airen Txinako hutsune politiko, legezko eta moralei egindako eraso latzek arrisku larrian ipini zituzten bera eta bere lankideak, baina hedabideetan zuen ospea eta Interneten zuen jarraitzaile-kopurua handitzeak asko zabaldu zituen bere protestak, eta jaso zuena baina tratu okerragoa jasotzetik babestu zuen. Sichuanekin, fama globaleko “artista disidente txinatarra” bihurtu zen Ai, eta haren patua apustu arriskutsua zen bai Txinarentzat bai Mendebaldeko demokrazientzat; izan ere, bi alderdiek zekitenez, balio liberalak bere balio propioak zirelakoan defendatzen zituen artistak. Teknologian zuen fede utopikoak indarturik, Airengan bat egin zuten justizia sozialaren aldeko aktibismoak, mundu osoan zabaldutako fama artistikoak eta sarean zuen presentziak, eta horrek guztiak bide berri bat zabaldu zuen Interneten aroko arte bat sortzeko, eragin politikoa izango zuena, parte-hartzailea eta sozialki konprometitua. —AM [Alexandra Munroe]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Hemen aipatua: Jonathan Watts, “Olympic Artist Attacks China’s Pomp and Propaganda”, The Guardian, 2007ko abuztuak 8. [itzuli]
  2. Evan Osnos, Age of Ambition: Chasing Fortune, Truth, and Faith in the New China, New York: Farrar, Straus and Giroux, 2014,183. or. [itzuli]
  3. Ai Weiwei, “Blog Post: Truth, Responsibility, Rights” (2009ko martxoak 20), hemen: Ai Weiwei Disposition, Maurizio Bortolotti (arg.), Londres: Koenig Books; Venezia: Zuecca Project Space, 2013, 32. or. [itzuli]
  4. Gertaren kronologia baterako, ikus ibid., 51–52. or. [itzuli]
  5. Ai Weiwei, “Truth, Responsibility, Rights”, hemen: ibid., 32. or. [itzuli]

PDF-a JAITSI