Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Kan Xuan

Katherine Grube

Izenburua:
Kan Xuan
Egilea:
Katherine Grube
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta gizartea
Artelan motak:
Bideoartea
Aipatutako artistak:
Kan, Xuan | Li, Yongbin | Zhang, Peili

76 Kan Xuan! E! (Kan Xuan! Ai!), 1999
Koloretako bideoa, soinuduna, 1 min 22 s. DSL Bilduma

 

Minutu bat baino gehixeago besterik irauten ez duen bideo honetan, zehaztasunez editaturik —Kan Xuan! E! (1999)—, Kan Xuan artista bera ageri da, bizkor-bizkor ibiltzen Pekingo metroko korridore batean barna, bidaiari guztien kontrako norantzan. Kan, jendetza saihestuz, bere buruari deika eta bere buruari erantzunez doa, bere izena eta e! interjekzioa oihukatuz, zeinak batzuetan alarma eta besteetan ezagutza adierazten baitu. Obra grabatzeko, Li Yongbin artistak utzitako DV Sony eskuko kamera bat erabili zuen Kanek, geroago beste bi bideo-lan egiteko ere baliatuko zuena: Kakia (Persimmon) eta Zaborra (Garbage), biak 1999koak. Denbora hartan, Kanek berebat grabatu zituen eragin handia izan zuten bi erakusketa: Post-Sense Sensibility: Alien Bodies and Delusion (Sentsazioaren ondorengo sentiberatasuna: gorputz arrotzak eta eldarnioa, 1999) eta Art for Sale (Artea salgai, 1999). Erakusketen grabazioak dokumentazio aski zuzena badira ere, bere bideo-lanetan lehen obrak definitzen zituzten eskala txikiko intimitatea eta behaketaren estetika garatu zituen Kanek. Kamerako off soinuaren eta lehen plano oso laburren arteko tentsioarekin jolasten diren bideoak dira; lehen plano horiek gorputzenak, fruituenak edo zaborrarenak dira, eta manipulazio fisikoko egoera jakin batean dago bakoitza. Obra horiek berebat irudikatzen dituzte eskuko bideokamera digitalak Txinara heldu zirenean gertatu ziren aldaketa formal nahiz sorkuntza-aldaketa adierazgarriak. Zhang Peili eta Li Yongbin artistek, besteren artean, lehen denboretan egin zituzten bideo-lanetako laukiratze finkoko plano tarteko eta orokorretatik urrunduz, hizkera bisual guztiz bestelakoa proposatu zuen Kanek, erabat pertsonala, artistaren presentzia sistematikoki erreibindikatzen zuena, kameraren mugikortasunaren, egonkortasunik gabeko laukiratzearen, gehiegizko lehen planoen eta soinu dinamikoaren bitartez; manipulazio tekniko horiek afektiboki baliatzen zituen sarritan, bere bideoei gorpuztasun sentsuala emateko xedeaz. Grabazioaren ekintzan bertan agertzeko borondate horrek agerian jartzen zuen zenbateraino liluratzen zuen Kan irudi ikusiaren eta irudi sortuaren arteko tentsioak, eta, artistak berak iradoki duen bezala: “Irudia grabatzen denean, ez da inoiz izaten bizitza errealean aurrenekoz ikusi genuenean bezain egiazkoa, ezta gero iruditzen zaigun bezain fikziozkoa ere”1. Bere aurreko bideo-lanetatik estetikoki urruntzeaz gainera, Kan Xuan! E! lana orobat izan zen artista gazte baten eta emakume gazte baten altxamendu kexatia, ahots beregain baten bila baitzebilen, Txinako genero-hierarkia sozialak eta instituzionalak baino harantzago, baita artearen munduko haien forma areagotuak baino harantzago ere. —KG [Katherine Grube]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Hemen aipatua: Lu Leiping, “Beyond Objects: Kan Xuan’s Video Art Work”, hemen: Kan Xuan, Jonathan Watkins (arg.), erak. kat., Birmingham: Ikon Gallery, 2016, 10. or. Honi egotzia: Bianca Visser, “‘Our Actions Are Ruled by Two Actions: The Brain and the Heart’; Interview with Kan Xuan”/“Tounao he xinling: Kan Xuan fangtan”, hemen: Everyday Miracles: Four Woman Artists in the Chinese Pavilion at the 52nd Venice Biennale/Richang qiji: 52 jie Weinisi shuangnianzhan Zhongguo guan, Hou Hanru (arg.), erak. kat., Shanghai: Shanghai Literature and Art Publishing House, 2007. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

1999: Art for Sale, Shanghai Square, Shanghai. 2002: Guangzhouko Trienala: Reinterpretation: A Decade of Experimental Chinese Art (1990–2000), Guangdong Arte Museoa. 2005: I Still Believe in Miracles, Musée d’Art moderne de la Ville de Paris. 2007: Veneziako Bienala: Everyday Miracles: Four Woman Artists, Txinako pabiloia. 2015: Mobile M+: Moving Images, Midtown POP, Hong Kong, antolatzailea: M+, Hong Kong

PDF-a JAITSI