Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Neurketa Berria: egoeraren analisia

Alexandra Munroe eta Philip Tinari

Izenburua:
Neurketa Berria: egoeraren analisia
Egilea:
Alexandra Munroe eta Philip Tinari
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta politika | Neurketa Berria taldea | Tiananmen plazako protestak | Boterea
Teknikak:
Pintura (pintura akrilikoa)
Artelan motak:
Bideoa | Pintura
Aipatutako artistak:
Ding, Yi | Geng, Jianyi | Gu, Dexin | Qiu, Zhijie | Wang, Guangyi | Wu, Shanzhuan | Zhang, Peili

1989ko gertaerek aldaketa handiak ekarri zituzten Txinako artera; izan zen, ordea, joera nagusi bat, hamarkada hartan bertan lehenago agertu zena, baina Tiananmenen ondoren aurrera egin eta indartu zena: lan analitikoaren, kontzeptualaren aldeko bultzada zen. Joera hori 85eko Uhin Berriaren azken aldietan hasi zen, une hartan artista batzuk, bereziki Zhejiang Arte Ederretako Akademiaren ingurukoak, Hangzhou-n —haien artean zeuden Wang Guangyi, Zhang Peili, Geng Jianyi eta Wu Shanzhuan— Ludwig Wittgenstein, Martin Heidegger eta Karl Popper-en filosofoen ideiekin bat egin baitzuten. Aginpide-sistemak —artea eta modernotasuna, logika eta hizkuntza barne— zalantzan jartzen zuen kontzientzia kritiko berri batek inspiratu zituen artista haiek, eta arrazionaltasuntzat hartu zenaren fartsa agertzen zuten obrak sortu zituzten. Tiananmengo Ekainaren 4ko Gertaeren ondoren, haien lana paraleloan indartu zen Hito Steyerl-ek 1990eko hamarkadako kritika instituzionaleko bigarren uhina izendatu zuenarekin1. Ikasleen mugimenduaren traumaren ondoren kontsumismo autoritarioaren dogma nazional berria etorri zenean, are argiagoa egin zen artisten kritikaren xedea.

1988an, Wang Guangyi-k “entusiasmo humanista garbitzeko” esan zien bere lankide artistei2, aurreko urteetako pintura-joerak gaitzetsiz, haiek, errealismo sozialistaren handikeriatik urrundu ziren, baina sentimentalismo gozo berri baten aldera egin zuten. Bere obretan, txantiloi erraboilkaretara murrizten zituen Wang-ek Mendebaldeko konposizio ohiko batzuk, Ama Birjina Haurrarekin esate baterako; eta beste batean, sareta baten atzean jarri zuen Maoren irudia ([Mao Zedong: Sareta gorria, 2. zkia. (Mao Zedong: Red Grid No. 2), 1988]), era horretan agerian jarriz ikonoak saldoka ekoizteko sistema. Garai bertsuan, Zhang Peili-k bideoarte txinatarraren lehen lantzat hartzen dena sortu zuen, 30 × 30, hiru ordu nekagarritan zehar ispilu bat hautsiz eta puskak berriz elkartuz; 1988ko Huangshaneko Konferentziako kritikariek osaturiko lehen entzuleriak ere ezin pairatu izan zuen bideoa amaieraraino. Europan, Estatu Batuetan eta Japonian hamarkada bat pasa lehenago sortu zen arte kontzeptualaren parte handi batek bezala, prozesu mekanizista bat, sentiberatasun dokumentala eta gertaerak apaingarririk gabe agerrarazten zituzten bitarteko minimalistak jartzen zituzten obra hauek agerian.

Alabaina, artista haiek nazioarteko joerekin bat egiten ari zirelarik, aldi berean beren ingurune politikoen aurrean erreakzionatzen zuten. Haietako asko interesatuak zeuden burokrazia autoritarioa betikotzen duten hizkuntza-egituretan, egitura horiek, miatzen direnean, segituan agertzen baitute beren zentzugabekeria. Kezka horren adibidea dira Geng Jianyi-ren Inprimakiak eta sinestamenduak (Forms and Certificates), nahiz Zhang Peili-ren 1. Liburu marroia (Brown Book No. 1) lanak, dokumentu ofizialen parodiak biak. Laster indartuko zen ildo hura: Geng-en collageak, Bost urratseko bi sail arro­pak janzteko (Two Series of Five Steps of Wearing Clothes), oinarrizko eginkizunak egiteko —jaka bat jazteko esate baterako— jardunbide zehatzak adieraziz, argi azaltzen du nola erregimen autoritarioak banakoaren subjektibotasuna sorgortzen duen. Wu Shanzhuan-en Gaur urik ez (Today No Water) proiektu zabal eta jarraituak, eraikin bateko ur-zerbitzua aldi baterako eteten denean egiten den ohiko jakinarazpen barregarria abiapuntutzat hartuz, poesia hutsean sublimatzen du burokrazia. Hanne Darboven-en Kulturaren historia 1880–1983 (Kulturgeschichte 1880–1983, 198083) obrak bezala —egunkarietako oharrekin konbinatzen ditu hark gertaera kulturalak, sozialak eta politikoak, 1.590 orrietan zehar—, Wu-ren Gaur urik ez obrak ere iraupenezko esperientzia baten egitandian kontzentratzen ditu irudia eta testua. Alabaina, Wu-ren kasuan, apustuak ez dira huts-hutsik existentzialak; hizkuntza “gorriarekin” jolasten du hari bere boterea kentzeko, eta, era horretan, askatasunaren eskubidea aldarrikatzen du, kontzeptualki behintzat.

Hangzhou baino harantzago, analisi zehatzaren aldeko joera bat hasi zen sortzen garai hartan, era askotako praktiketatik. Pekinen talde berri bat eratu zen, aurreko taldeetako kideak bildu zituena: Xin Kedu edo Neurketa Berria taldea, Chen Shaoping, Gu Dexin eta Wang Luyan artistek osatua; taldekideek testuetan eta liburuetan oinarrituriko obrak sortu zituzten, eta deseraikuntza-modu inpertsonal bat baliatu zuten, hizkuntzaren elementuak eta elementu bisualak berrantolatzeko xedeaz. Gizabanakoa sorkuntza-ekintzatik ezabatzea, ez gutxiago, zen haien esperimentuen helburua. Shanghain, Ding Yi-k, partez Yu Youhan bere mentorearen konposizio abstraktuek inspiraturik ([Abstract 1990-4, 1990]), pintura-hizkera berezi bat garatu zuen, erabateko itzaleztatzean oinarritzen zena: lerro gurutzatuen sinbolo bat, inprenta batean lanean ari zelarik aurkitu zuena ([Appearance of Crosses 1991-3, 1991] eta [Appearance of Crosses 1992-17, 1992]). Bitartean, Qiu Zhijie goiztiarrak —artista-belaunaldi berri bat galbanizatuko zuen laster—, bere Egitekoa, 1. zkia. (Assignment No. 1) bukatu zuen, non Orkidearen Pabiloiaren Hitzaurrea kaligrafiako testu klasikoaren idazkera behin eta berriz errepikatuak, paperezko orri-bilkari bakar batean, azkenean tintan desegina bukatzen baitu.

Artista haiek eta beste asko aldi ezegonkor hartan gidatzen zituzten bultzada estetiko eta kontzeptualak kontraesanean agertzen dira ontzat eman ohi den arte-historiarekin, zeinak ezagunagoak eta deigarriagoak ziren Pop Politikoa eta Errealismo Zinikoa pintura-eskolak 1989ko gogorkeriaren ondoriorik berehalakoenak eta zuzenenak direlakoan aurkezten baititu. Tragedia nazional haren ondoren, sinbolismo eroso batekin ez ezik, hausnarketa-espiritu eutsi eta neurrizko batekin ere agurtu zuten artistek aro berria. —AM & PT

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Hito Steyerl, The Institution of Critique, European Institute for Progressive Cultural Policies, 2006ko urtarrila, http://eipcp.net/transversal/0106/steyerl/en. [itzuli]
  2. Jane DeBevoise, Between State and Market: Chinese Contemporary Art in the Post-Mao Era, Brill, Boston, 2014, 241 or. [itzuli]

PDF-a JAITSI