Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Chine demain pour hier

Anthony Yung eta Jane Debevoise

Izenburua:
Chine demain pour hier
Egilea:
Anthony Yung eta Jane Debevoise
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Erakusketak | Erbestea | Nazionalismoa | Kultura eta globalizazioa | Dualtasuna
Aipatutako artistak:
Cai, Guo-Qiang | Chen, Zhen | Huang, Yong Ping | Wenda, Gu | Yang, Jiechang

Pourrières, Frantzia (hainbat kokagunetan)
1990eko uztailak 7-31

Artistak: Cai Guo-Qiang, Chen Zhen, Wenda Gu, Huang Yong Ping, Yan Pei-Ming eta Yang Jiechang

Komisarioa: Fei Dawei

Antolatzailea: Les Domaines de l’Art

Argitalpena: Art chinois 1990: Chine demain pour hier, Editions Carte Segrete, Paris, 1990, Fei Dawei-ren argit., Julien Blaine, Chen Ying-Teh, Chiba Shigeo, Fei Dawei, Monica Dematte, Noël Dutrait, Marc Le Bot, Bernard Marcadé, Yves Michaud, Tong Dian eta besteren testuekin, 101 orri; frantsesez

 

Chine demain pour hier aire zabaleko erakusketa bat izan zen, 1990ean egin zena Frantziako hego-ekialdeko hiri txiki bateko hainbat kokagunetan. Fei Dawei izan zen komisarioa; Artearen Historian lizentziatua zen (1985ean Pekineko Akademia Zentralean), Chine/Avant--Garde erakusketaren antolamendu--batzordearen kidea izan zen, eta Jean-Hubert Martin-en laguntzailea artista txinatarren hautaketan Magiciens de la terre oinarrizko erakusketan (Paris, 1989). Erakusketan baziren leku jakinetarako berariaz prestaturiko obrak, 1980ko hamarkadaz gero Txinatik kanpo bizi ziren sei artista txinatarrek eginak: Cai Guo-Qiang, Chen Zhen, Wenda Gu, Huang Yong Ping, Yan Pei-Ming eta Yang Jiechang.

Fei-ren jardunbideak gogoan hartuta, hiriaren testuinguru sozial, kultural eta historikoari egokitzen zitzaizkien obrak sortu zituzten artistek. Yan Pei-Ming-ek erretratuak margotu zituen hiriko garaje batzuetako ate batzuetan; Yang Jiechang-ek bere 100 tinta-geruza (100 Layers of Ink) saileko obra bat ipini zuen bertako monasterio batean, artistaren arabera, Budaren gorputzaren erlikia bat ezkutatzen zuen lur-muino baten aurrean; Chen Zhen-ek eguneroko objektu baztertuak zintzilikatu zituen (laurogeita hemeretzi) baso kiskali bateko zuhaitzetan, besteak beste telebista hondatu bat, bizikleta bat eta automobil-pneumatiko zahar bat; eta Cai Guo-Qiang-ek ekitaldi bat proposatu zuen dragoi-formako eztanda bat eraginez, zeina Mont Sainte-Victoireko aldapan gora igotzeko, hau da, Paul Cézanneren koadro ezagunenetako batzuen gaia izan zen Proventzako menditik. Huang Yong Ping-ek eta Wenda Gu-k dimentsio handiko obrak sortu zituzten hiriaren landa-inguruetan.

Erakusketarekin batera, kontzertu bat eskaini zen, Chen Qigang, Pan Huanglong eta Tzeng Shing-Kwei konpositore txinatarren obrekin, baita nazioarteko sinposio bat ere, “Cultural Misunderstanding: The Illusion of the Other” (“Gaizkiulertu kulturala: ‘bestearen’ ilusioa”). Sinposioko aktetan adierazten zen bezala, Fei Dawei-k eta beste batzuek, haien artean Hou Hanru-k eta Huang Yong Ping-ek, premia larria sumatzen zuten identitate kulturala testuinguru globalean berriz definitzeko. Artearen sistema globalean txertatzen ari ziren artista txinatarrek aurre egin behar zieten erronkak deskribatuz, Fei-k Mendebaldeko publikoaren itxaropen exotikoak azpimarratzen zituen, haren arabera publiko hura tradizionalak deituriko elementu txinatarrak nahiz disentsio politikoaren aztarrenen bila baitzebilen1. Era berean, Fei-k gogoan hartu zituen Txina kontinentalean zeuden lankideek adierazitako kritikak, Li Xianting-ek egindakoa haien artean, susmo txarrez erreparatzen baitzion hark diasporako arteari, jakinaraziz ezen “arteak bere aberri kulturaletik alde egiten duenean, behera egiten du[ela] nahitaez”2.

Txina barrutik zetorren kritika haren erreakzio gisa, eta Mendebaldeko publikoaren itxaropen kultural eta politiko estereotipatuei erantzun ahal izateko, itxaropen haiek aldatzeko xedeaz, artearen indibidualismoa eta giza eginahalaren talde-nolakotasuna defendatzen zituen Fei komisarioaren ikuspegiak. 1994ko artikulu batean, argudiatzen zuen antzua gertatzen zela dikotomiak azpimarratzea, esate baterako, “posizio txinatarra” “Mendebaldeko kultura” izenekoaren aurrez aurre. Seinalatuz nola Mendebaldeko artistek (John Cagek esate baterako) kultura txinatarraren kontzeptuetara jotzen duten eta alderantziz, “aberri” kontzeptua erabat baztertzea proposatu zuen Fei-k, bide horretatik baizik ez baitzuen arteak lortuko diferentzia nazionalak eta kulturalak gainditzea, eta giza espezie osoarenak diren galderak egitea3. Kokagunearen berezitasunak eta giza kezken unibertsaltasuna azpimarratzeak elikatu zuten Fei-ren ondorengo proiektuen ikusmoldea, besten artean Exceptional Passage (Fukuoka, Japonia, 1991) eta Promenade in Asia (Tokio, 1994) proiektuena.

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Ikus “Cultural Misunderstanding: The Illusion of the Other” sinposioaren transkripzioa, 1990eko uztailak 8. Asia Art Archive-n eskura daiteke, Hong Kong (web-aren bitartez bakarrik). [itzuli]
  2. Fei Dawei, “Does a Culture in Exile Necessarily Wither? A Letter to Li Xianting” (1991), itzulp. Phillip Bloom, hemen: Contemporary Chinese Art: Primary Documents, argit. Wu Hung, Peggy Wang-en lankidetzarekin, Museum of Modern Art, New York, 2010, 252. or. Lehenik honela argitaratua: “Liu wenhua biran kujie?—Gei Li Xianting de yifengxin” hemen: Piping de shidai (Kritikaren aroa), 1. alea, argit. Jia Fangzhou, Guangxi Fine Arts Publishing House, Guangxi, 2003,153–62. or. [itzuli]
  3. Fei Dawei, “Neixin de chuzou” (Barneko ni-aren erbestea), Jiangsu huakan (Jiangsu Pictorial), 2. zkia., 1994, 19. or. [itzuli]

PDF-a JAITSI