Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Song Dong

Lu Mingjun

Izenburua:
Song Dong
Egilea:
Lu Mingjun
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta denbora | Artea eta kultura | Memoria | Tradizioa | Talde-memoria
Artelan motak:
Inprimaketa
Aipatutako artistak:
Song, Dong

63 Harri bat jaurtitzen – Dokumentazioa (Throwing a Stone – Documentation), 1994
Tinta harri gainean, 35 zati, 6 × 7 × 5 cm eta 20 × 18 × 5 cm bitarte bakoitza.
Hauen eskaintza: artista eta Pace Gallery

64 Ur-egunkaria (Water Diary), 1995
Zilar-gelatinazko lau kopia, 40 × 60 cm bakoitza. Hauen eskaintza: artista eta Pace Gallery

 

Song Dong-en artegintzan, bizitza bera da inspirazio- eta adierazpen-iturria. Haren materialak eta metodoak eguneroko existentziaren alderdirik arruntenetan dute jatorria, sarritan gure bizitzatik desagertu eta jaramonik egiten ez diegun alderdietan hain zuzen ere. Alabaina, esperientziaren arrakalen artean Chan-a (Zen-a) eta aura harrapatzea izaten da beti Songen artegintzaren xedea, errealitateari antzematea eta sinboloak edo kontzeptuak erabiltzea baino areago. 1990eko hamarkadaren erdialdean egin zituen performanceak —Harri bat jaurtitzen (Throwing a Stone, 1994), Pote bat ur irakiten (A Pot of Boiling Water, 1995) eta Ur-egunkaria (1995)— topaketa aleatorioen bitartez artistak esanahi iheskorrarekin duen konpromisoaren adibideak dira.

1994an, harriak hartzen hasi zen Song, zori hutsez, toki desberdinetan; harri bakoitzean idazten zuen gero non eta noiz aurkitu zuen, eta gero bota egiten zuen. Ondoren harria geratu zen tokira joan, jaso eta ostera ere zer ordutan hartu zuen markatzen zuen, eta datu haren ondoan aurkitu arte eman zituen pausoen kopurua idazten zuen. Harria galtzen zen arte errepikatzen zuen prozesu hori. Songek, gainera, beste harri batean ere kopiatzen zituen datu horiek, eta haiek gorde egiten zituen, gaur egun ikusten dugun harrizko dokumentua osatzeraino; testu horri “harriak jaurtikiz” deitzen dio. Songen planteamendua, harriak jaurtitzeko ekintzari dagokionez, tradizioarekin dago lotua, haur-jolas baten moduan: asperdura-ekintza da. Songek ez zuen bere indar fisikoa neurtzeko asmorik; jaurtiketa naturala zen guztiz. Areago, galdu, irabazi eta berriz galtzeko prozesuan, bizitzaren alderdi iheskorrera heltzen da. Azkenean, pertsona eta harria modu saihestezinean bereizi arren, Songek sinesten du harria ez dela egiazki desagertzen. Harri galduan idatzitakoa haizeak eta eguzkiak higaturik geratzen denean ere, hortxe jarraitzen du gizabanakoaren eta harriaren arteko erlazioak; jadanik sartu dira bataren eta bestearen bizitza-esperientzian. Harri paraleloan idatzitako testua da existentziaren zentzu horren egiazko erregistroa, zalantzarik gabe.

Pote bat ur irakiten obra 1995eko neguan egin zen, eta hartarako Songek pote bat ur irakiten hartu zuen eta bere etxearen inguruan isurtzen joan zen, potea hustu zen arte. Uraren isuriak haren bidea markatu zuen lerro batean. Negua zenez gero, ura ez zen berehala lurrindu; areago, hantxe iraun zuen hozten zen bitartean, eta izoztu ere egin zen puntu batzuetan. Baina azkenean nahitaez behar zuen desagertu. Harri bat jaurtitzen obrak harrien gaineko idazkera erabili zuen bitarteko gisa; Pote bat ur irakiten izenekoan, berriz, ura isurtzeko ekintza bera da bitartekoa, eta ura dokumentazio-forma berebat galkorra da, haren existentziak edonolako arrastoa baino harantzago dirau-eta.

Honela dio Songek: “Ura gai koloregabea, usaingabea, zaporegabea eta formagabea da. Bizitza-iturria da, baita suntsiketa-iturria ere. Hiru formetan existitzen da, solido, likido eta gas gisa, eta horrek nolakotasun poetiko guztiz berezia ematen dio”1. Haren Ur-egunkaria, 1995ean hasi zuena, artistaren bizitzaren parte bat da, baita haren espirituaren garraiatzaile garrantzitsua ere. Idazkeraren formarik pertsonalena, indibidualena delakoan interesatzen zitzaion Songi egunkaria. Harena, bereziki, txikitako oroitzapenetan inspiratu zen: nola irakatsi zion aitak idazten, behatza erabiliz urarekin harri batean marraztuz, pintzeletan dirurik ez gastatzeko. 1995etik gaur arte, harri batean idatzi du Songek bere egunkaria, urarekin, gauero-gauero, lotara joan aurretik. Bidaian denean, bainugelako gain batean idazten du, behatza bustita. Gogoeta asko dauzkanean adierazteko, bata bestearen gainean idazten ditu. Gertatzen da batzuetan honako hau idaztea ere: “Gaur ezer aipagarririk ez dago”. Idatzia utzi du Songek bere testamentuan hiltzen denean bere errautsak harriaren gainean sakabanatzea nahi duela, eta hortxe uztea, haizeak zabal ditzan, eta itzultzea gero harria naturara. Bizitza egintza horri eskaini diola esan liteke, baina azkenean hutsa besterik ez da geratuko.

Jakintza ez da Songen praktikaren oinarri enpiriko bakarra. Egunerokotasunaren pertzepzioa da haren ekintza gehienen sorburua, egunerokotasunak elikatzen baititu kultura-tradizio txinatarrak eta jende arruntaren bizitzako joko-arauak. Ekintza hauek denek pobretasun-sentipen berezi bat ematen dutela dirudi. Artistaren beraren urritasun materialeko esperientziatik dator sentipen hori, baina berebat jartzen du agerian toki pobretuek mugagabeko jakintza eta ideiak dauzkatela beren baitan gordeak. —LMJ [Lu Mingjun]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Song Dong, artistaren adierazpena Ur-egunkaria obran, argitaratu gabea, 1995. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

63            2007: Song Dong in Beijing Commune, Beijing Commune

64            2001: Living in Time, Hamburger Bahnhof, Museum für Gegenwart, Berlin. 2002: Asia Pazifiko Trienala, Queensland Art Gallery, Brisbane. 2003: How Latitudes Become Forms: Art in a Global Age, Walker Art Center, Minneapolis; 2004an toki hauetara eraman zuten erakusketa: Fondazione Sandretto Re Rebaudengo per l’Arte, Turin; eta Contemporary Arts Museum Houston. 2004: Song Dong: Water Works, Chinese Arts Centre, Manchester. 2015: Song Dong: Life Is Art, Art Is Life, Groninger Museum, Herbehereak. Song Dong, Kunsthalle Düsseldorf

PDF-a JAITSI