Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Qiu Zhijie

Lu Mingjun

Izenburua:
Qiu Zhijie
Egilea:
Lu Mingjun
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Kaligrafia | Lan-prozesua
Artelan motak:
Bideoa | Kaligrafia
Aipatutako artistak:
Qiu, Zhijie

23 1. eginkizuna: “Orkidearen Pabiloiaren Hitzaurrea” 1.000 bider kopiatzea
(Assignment No. 1: Copying the “Orchid Pavilion Preface” 1,000 Times), 1990–95
Bideoa koloretan, soinurik gabe, 35 min. Artistaren eskaintza
Tinta paper gainean, 70 × 160 cm. Chang Tsong-zung-en bilduma

 

Qiu Zhijie-k, txikitandik landu baitzuen kaligrafia, Zhejiang Arte Ederren Akademiako Kaligrafia sailean ikasi nahi izan zuen lehenik, baina, sail hark 1988tik aurrera ez baitzuen ikasle gehiago hartzen, Grabatu sailera aldatu zen Qiu. Hala ere, bai artistaren gustu pertsonalagatik, bai orainean historia ulertzeko bitarteko gisa, baliabide eta gai garrantzitsua izan da kaligrafia Qiuren artegintzan, haren ikasle-garaiko lehen obretatik gaur egunera arte.

1990ean, Fluxus talde “errebeldearen” eraginpean, performance urratzailea eta irrazionala hasi zen Qiu lantzen, baita artearen denborazkotasuna ere. Horrexek inspiratu zion 1. eginkizuna: “Orkidearen Pabiloiaren Hitzaurrea” 1.000 bider kopiatzea (1990–95), zeina karrerako bigarren urtean egin baitzuen. Artistak jarraitu zuen prozesua ez zen oso konplikatua izan. Orkidearen Pabiloiaren Hitzaurrea kopiatu zuen besterik gabe —Ekialdeko Jin dinastiako Wang Xizhi kaligrafoaren kaligrafia tradizionaleko testu klasikoa da—, mila bider, paper bilkari orri bakarrean. Testu hori aukeratzea garrantzitsua zen: Han ikasien kulturaren oinarria da, eta klasikoen azterketaren bidez nork bere burua hezteko printzipio gorenak irudikatzen ditu. Qiuk bideoan grabatu zituen testuaren lehen berrogeita hamar kopiak. Aurrenekoan oso argi irakurtzen da jatorrizko testua; alabaina, errepikatu ahala, gero eta antz handiagoa hartzen du testuak pintura abstraktuaren marka beltz huts-hutsik bisualena. Berrogeita hamargarren aldian, egilea oinarri guztiz beltz baten gainean ari da idazten, tinta tintaren gainean erantsiz, eta Zen kaligrafiako ariketa bat ari dela egiten dirudi1. Komeni da azpimarratzea berrogeita hamargarren eta milagarren errepikapenen markatzaileek ez dutela berezko esanahirik; erreferentzia-puntuak besterik ez dira, artistak zoriz hautatuak, ekintza errepikatzailea berariaz ordezkatzen dutenak zentzugabekeria arbitrarioko keinu batekin.

Kaligrafia txinatarraren printzipioetan oinarritzen den arkeologia kognitiboko ekimen bat bezala definitu du Qiuk bere obra. Zehatzago, esploratu nahi zuen nola funtsean bizkor-bizkor idatzitako zirriborro bat besterik ez den testu bat, akatsak eta zuzenketak dauzkana, hel daitekeen aldarrikatzera klasikoa, kaligrafiaren puntu gorena delakoan, eta zergatik jendeak behin eta berriz imitatzen zuen, haren forma eta estetika bereganatu nahian. Hortxe datza hain zuzen ere Qiuren eszeptizismoa. Forma artistikoaren usadiozko ikasketa-metodo errepikakorra aplikatzea zen haren egiazko helburua, forma eta estiloa agortzeraino, Orkidearen Pabiloiaren Hitzaurrearen idazkeraren egoera primitibora eta funtsezko nolakotasun literariora itzultzeko xedeaz2. Prozesu horrek ulertarazten digu zergatik izan daitekeen hain naturala jatorrizko Orkidearen Pabiloiaren Hitzaurrea. Obra honen edukian agerikoa gertatzen den bezala, konbentzionaltasun gutxiko inkontzientzia-egoera bat da kaligrafia berez. Harreman estuagoa du naturarekin eta irudimenarekin, apaingarri mekaniko eta arrazionalekin baino. —LMJ [Lu Mingjun]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Qiu Zhijie, “Copying Lanting Xu 1,000 Times”/”Chongfu shuxie yiqianbian Lanting Xu”, hemen: Qiu Zhijie: Breaking the Ice, a History/Wuzhizhe de pobingshi, Jérôme Sans eta Guo Xiaoyan-en argit., Culture and Art Publishing House, Pekin, 2009, 136 or. [itzuli]
  2. Qiu Zhijie, “Guanyu ‘Zuopin 1 Hao’ de ziwo chenshu” (1. eginkizunari buruzko adierazpen pertsonala), hemen: Qiu, Ziyou de youxianxing (Askatasunaren mugak), China Renmin University Press, Pekin, 2003, 293–94 or. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

1994: Third Chinese Art Research Documents Exhibition, East China Normal University, Shanghai. 1995: Des del Pais del Centre: avant-gardes artistiques xineses, Centre d’Art Santa Mònica, Bartzelona. 1998: Inside Out: New Chinese Art, Asia Society Galleries, New York, eta P.S.1 Contemporary Art Center, Long Island City, New York; 2001ean toki hauetara eraman zuten: San Francisco Museum of Modern Art eta San Franciscoko Asian Art Museum; Museo de Arte Contemporáneo de Monterrey, México; Tacoma Art Museum, Washington, eta Henry Art Gallery, Seattle; National Gallery of Australia, Canberra; eta Hong Kong Museum of Art. 1999: Power of the Word, Taiwan Museum of Art, Taipei; 2002an toki hauetara eraman zuten: Faulconer Gallery, Grinnell College, Iowa; Emerson Gallery, Hamilton College, Clinton, New York; University of Arizona, Tucson; eta Tang Museum, Skidmore College, Saratoga Springs, New York. 2009: The Orchid Pavilion: The Art of Writing in China, Musées Royaux des Beaux-Arts de Belgique, Brusela. 2015: Copyleft: Appropriation Art in China, Power Station of Art, Shanghai

PDF-a JAITSI