Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Yu Youhan

Philip Tinari

Izenburua:
Yu Youhan
Egilea:
Philip Tinari
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta politika | Paisaia
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Pop Artea
Teknikak:
Pintura (pintura akrilikoa)
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Yu, Youhan

26 Abstraktua 1990-4 (Abstract 1990-4), 1990
Akrilikoa mihise gainean, 100,5 × 92 cm. Artistaren eta ShanghART Gallery-ren adeitasunez, Shanghai

 

Herri Errepublikaren historiako hainbat unetako posibilitate bisualen moduei buruzko komentario baten gisa interpreta daiteke Yu Youhan-en pintura. Yu Shanghain jaio zen 1943an eta, bertako Kontsesio Frantsesa izeneko auzo kosmopolitan hazi zelarik, 1970eko hamarkadaren amaierako erreforma ekonomikoaren hasierarekin batera gertatu eta erdigunea Pekinen izan zuen pizkunde artistikoaren kontaketatik kanpo geratu zen. Oraindik ere Kultura Iraultza abian zela hasi zen Yu artearekin zaletzen, bere bizilagunek arte inpresionista eta fauvistari buruz zituzten liburuak ikusiz, haiek oso zabalkunde handia izan baitzuten artistaren gaztaroko zonaldean 1920 eta 1930eko hamarkadetako garai oparoetan. Pekineko Arte eta Diseinuko Akademia Zentralean bukatu zuen prestakuntza, 1973an, eta Shangaira itzuli zen bertako Arte eta Ofizioen Eskolan irakastera. 1970eko hamarkadan estilo posinpresionistako paisaiak margotu zituen, garai hartan hasia baitzen estilo hura Shanghain zabaltzen. 1980ko hamarkadan abstrakzioa lantzen hasi zen. Laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, Yu-ren obra pop estiloaren aldera hasi zen egiten, eta orduan egin zituen bere irudirik zorrotz eta nazioartekoenetako batzuk —collage batean Richard Hamilton-en lanari erreferentzia egiten dio, baina hark irudikatutako kulturistaren ordez Jiang Zemin presidentearen irudia ipini zuen bere obra seminalean, Zerk egiten du gaurko etxeak hain modernoak, hain erakargarriak izatea? (Just What Is It That Makes Today’s Homes So Different, So Appealing?, 1956)—, 1989aren ondorengo inguruan mugitu zirenak. Yuren koadroetako bat hedabideetako argazki famatu baten interpretazio folkloriko eta koloretsua da, Hunango nekazariekin hizketan (Talking with Hunan Peasants, 1990) du izena, eta Mao herri bat bisitatzen ageri du. Koadro hura China Avant-Garde: Counter-Currents in Art and Culture liburuaren azalean agertu zen, zeina Berlingo Haus der Kulturen der Welt-en egin zen China Avantgarde erakusketa historikoa zela-eta idatzi baitzen. 1990eko hamarkadaren amaiera aldera, Yu abstrakziora eta paisaiara itzuli zen, eta bi estilo horien artean mugitzen da gaur egun oraindik ere.

Lao Tse-ren Tao Te King 80ko hamarkadaren erdialdean aurrenekoz irakurri ondoren hasi zen Yu bere obra abstraktuen lehengo saila egiten, Zirkulua (Circle). Taoismoaren obra klasiko hark inspiratuta, “gauza ororen hasieraren eta amaieraren irudikapena eta une baten eta betikotasunaren aldi bereko [sinbolo]” gisa ikusi zuen motiboa1. Obsesionaturik jarraitu zuen “unibertsoa bizirik, aldaketa-egoera etengabean dagoelako ideiarekin”2. Abstraktua 1990-4 Yu-ren bigarren abstrakzio-garaiaren hasierakoa da; aldi hartan, bereziki oparoa izan zen 1990. urtea, urte hartan estilo horretako hogei bat mihise egin baitzituen, alde batera utzita konposizio biribilaren egitura, modu sakonagoan esploratzeko pintzelkada labur eta arinagoen errepikapenarekin lor zitezkeen efektuak. “Mugimenduen irudi aberatsak irudikatzen nituen konposiziorik oinarrizkoenaren eta oinarrizko koloretako pintzelkaden bidez, efektu ugari eskaintzeko xedeaz, emaitza harmoniotsu bat lortze aldera”, esaten zuen duela gutxi artistak3. Forma abstraktuaren eta geroagoko obrako orientazio figuratiboagoaren eta sinbolikoagoaren esplorazio itxuraz urrunen artean lotura bat bilatzen zutenei mintzatuz, hona zer idatzi zuen egileak behin: “Niretzat koadro bakoitza bateratze bat da, lerro bihurri askoren bateratzea. Lerro bihurri horiek dira: aldaketak nire estetikan, nire zuzeneko inguruan perzibitzen dudan moduaren aldaketak, eta baita gure historiaren eta gure gizartearen nire interpretazioaren aldaketak ere […]. Nire arteak kezka hori besterik ez du irudikatzen, nahiz eta ezer ez duen argiro igortzen; adierazpenaren Zen metodo famatua bezalakoa da: enigmei enigmekin erantzun”4. —PT [Philip Tinari]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Yu Youhan, “Starting from Composition” (1985), ’85 New Wave: The Birth of Chinese Contemporary Arten argitaratua, Fei Dawei-ren argit., erak. kat. Ullens Center for Contemporary Art, Shanghai People’s Fine Arts Publishing, Shanghai, 2007, 103 or. [itzuli]
  2. Hans Ulrich Obrist, “Yu Youhan: Abstract, Concrete”/“Liudong yu juti”, itzulp. Michael Einar Engstrom eta Du Keke, LEAP/Yishujie, 7. zkia., 2011ko otsaila, 143 or. [itzuli]
  3. Paul Gladston-en aipamenaren arabera, “Yu Youhan: The (Dis-)placed Literatus in Revolutionary and Post-revolutionary China”, hemen: Yu Youhan, 3030 Press, Hong Kong, 2015, 35 or. [itzuli]
  4. Yu Youhan, “Wo hua Mao Zedong” [Mao Zedong margotzen dut], argitaratu gabeko adierazpena, 1992ko abuztua. China Avantgarde erakusketaren Alemaniako antolatzaileei zuzendu zien gutun hau. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

2013: Yībān, Yuan Espazioa, Pekin

PDF-a JAITSI