Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Long March: A Walking Visual Display

Anthony Yung eta Jane Debevoise

Izenburua:
Long March: A Walking Visual Display
Egilea:
Anthony Yung eta Jane Debevoise
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea. Merkatua | Erakusketak | Martxa Luzea | Talde-memoria | Boterea
Artelan motak:
Argazkia | Eskultura | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Chen, Shaoxiong | Liang, Juhui | Qiu, Zhijie | Song, Dong | Sun, Yuan | Wang, Gongxin | Wang, Jianwei | Xu, Bing | Xu, Zhen | Xu, Tan | Yang, Fudong | Yang, Zhenzhong | Yin, Xiuzhen | Zhang, Peili | Zhang, Xiaogang | Zhao, Bandi | Zhou, Tiehai

Ruijinen hasi zen, Jiangxiko probintzian, eta Yunnan, Guizhou, Sichuan eta beste probintzia batzuetara joan zen gero
2002ko uztailetik irailera

Artistak: 250 artista inguru, haien artean Chen Shaoxiong, Judy Chicago, Wim Delvoye, Ingo Günther, Jiang Jie, Liang Juhui, Qin Ga, Qiu Zhijie, Song Dong, Sui Jianguo, Sun Yuan, Wang Gongxin, Wang Jianwei, Xu Bing, Xu Tan, Xu Zhen, Yang Fudong, Yang Zhenzhong, Yin Xiuzhen, Zhan Wang, Zhang Peili, Zhang Xiaogang, Zhao Bandi eta Zhou Tiehai

Komisarioak: Lu Jie eta Qiu Zhijie

Antolatzailea: Long March Project (Martxa Luzea Proiektua)

Argitalpena: Long March: A Walking Visual Display, Long March Foundation, New York, 2003. Lu Jie eta Qiu Zhijie-ren testuekin, 82 orri (zenbakitu gabeak); ingelesez eta txineraz

 

1989ko China/Avant-Garde erakusketa egin eta hamar urte eskas igaro zirenean, guztiz bestelakoa zen Txina barruko arte garaikidearen nolakotasuna. Shanghaiko ereduari jarraituz, Pekineko agintari zentralak hasiak ziren konturatzen “soft-power” edo “botere bigunaren” ekimenen eraginkortasunaz, bitartean zain zeudela ea Nazio Batuek onesten zuten Txina Merkataritzako Mundu Erakundean sartzea, eta Olinpiar Jokoetako Batzordeak ontzat ematen ote zuen Txinaren hautagaitza han egiteko 2008ko udako Olinpiar Jokoak (2001ean eman ziren bi onespenak). Arte garaikidea, ordu arte baztertua egon bazen ere, goi mailako estrategia diplomatikoaren parte bihurtu zen1.

Bai nazio mailako, bai nazioarteko mailako onespen tankera berriko hark, ordea, halako ezinegon bat sortu zuen artisten eta komisarioen artean. 2002an, Lu Jie-k eta Qiu Zhijie-k idatzi zuten arte garaikidea Txinan “herriko masa handietatik elitearen aldera joan zela, estudio pribatuetatik egitura hierarkikoen aldera (besteak beste, bienaletara eta erakusketa handietara) eta, Txinatik, Txina baino harantzago zegoen munduaren aldera”, artistak bultzatuz “zuzenean merkatu globalaren tranpara”, halako eran non Txina eta Mendebaldea elkarri eranstea bihurtu baitzen “debate teorikoaren eta sorkuntza artistikoaren [muina…], eta hark ezinegon eta irainezko sentimenduak zekartzan. Nola iristen den artearen kontsumoa produkzio artistikoa gidatzera ikusarazten duen adibide klasikoa da”2.

Long March: A Walking Visual Display, Lu Jie-k 1999an abian jarria eta 2002an zabaldua Qiu Zhijie beste komisarioarekin, haien kezkei heltzeko abagune praktikoa gertatu zen. Martxa Luzea —Mao Zedong eta haren ejertzito komunista matxinatuak 1934 eta 1936 bitartean egin zuten ia 10.000 km-ko bidaia— esparru metaforiko gisa erabiliz, Txinaren oroimen iraultzailea ikertzea eta sozialismoak kultura bisual garaikidean izandako eragina aztertzea hartu zuten bi komisarioek xedetzat, testuinguru global batean, artearen eta trukearen forma berriak irudikatzeko3. Ostera ere Maoren bidea egitea erabaki zuten, Txinako barrenaldeko lurraldean barna, aldez aurretik definituriko hogei kokaleku bisitatuz ibilbidean zehar. 250tik gora artista, idazle eta komisario elkartu ziren bidaldi hartan, eta ehunka artelan sortu ziren; baina banakako obrak baino garrantzitsuagoa izan zen agian “ibiltari” haiek garatu zuten metodologia, harexek ezaugarritzen baititu gaur egun oraindik ere, Lu Jie-ren arabera, Martxa Luzearen proiektuak.

Lehen geldialdia Ruijingo hiri txikian egin zen, Jiangxigo probintzian, eta han debate bat antolatu zen “Utopia, internazionalismoa eta merkatuko ekonomia sozialista” gaiaren inguruan, eta Fu Xinmin, Sui Jianguo eta Zhan Wang eskultoreen obrak jarri ziren ikusgai, baita Li Tianbing argazkilari zaletuaren landaldeko argazkiak ere. Seigarren geldialdian, Lugu aintziran, Yunnan eta Sichuan probintzien artean, feminismoaren eta gizarte matriarkalen gaiak landu ziren, Judy Chicago artista estatubatuarraren eta Ding Jie, Fu Liya, Lei Yan, Su Yabi, Sun Guojuan eta Zhang Lun artista txinatarren ekimenen bitartez. Zunyin, Guizhouko probintzian, han egin baitzen itzuliaren zortzigarren geldialdia, antolatzaileek komisariotza-jarduerari buruzko nazioarteko konferentzia bat egin zuten, Txinako testuinguruan4.

Martxa Luzea proiektua bertan behera utzi zen hamabigarren geldialdiaren ondoren, eta Pekinera aldatu zen, non eratu baitzen 25.000 Transmisio Zentro Kulturala, 798 Arte Barrutian. 2003an izen berria ipini zioten hari, The Long March Space, eta harrezkero Txinako kudeaketa lokaleko merkataritza-galeria handienetako bat bihurtu da5.

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. 2003an, arte garaikideko erakusketa handi bat inauguratu zuen Txinako Kultura ministerioak, Alors, la Chine? Centre Pompidou-n, Parisen. Urte hartan bertan, bere lehen pabiloia inauguratuko zuen Txinak Veneziako Bienalean, azkeneko unean bertan behera utzi ez balitz SARS izurritea zela-eta. [itzuli]
  2. Lu Jie eta Qiu Zhijie, “Long March: A Walking Visual Display”, Yishu: Journal of Contemporary Chinese Art 1, 3. zkia., 2002ko azaroa, 55. or. [itzuli]
  3. Ibid. Ikus berebat Long March Space. [itzuli]
  4. Ikus hemen gai honen inguruko artikuluak: Yishu: Journal of Contemporary Chinese Art 1, 3. zkia., 2002ko azaroa, 55–122. or. Zunyiko konferentzian Jo-Anne Birnie Danzker, Edward Lucie-Smith eta Fram Kitagawa-k parte hartu zuten. [itzuli]
  5. 2004an, Shanghaiko Bienalean erakusgai jarrita geratu ziren Martxa Luzearen esperimentua oinarritu zuten eduki batzuk. Ikusgarriena “The Great Survey of Paper-Cutting in Yanchuan County, Shaanxiko probintzian, Martxa Luzea proiektuak antolatua konderriko gobernuarekin elkarlanean. Instalazio bilkari bat zen, paper ebakiko 15.006 pieza bildu zituena, eta papera lantzen zuten artistei buruzko zenbait azterlan ere egin ziren, debateak sustatu zituztenak okerreko sormen interpretazioaz, “bestearen” identifikazioaz eta garaikidea denaren definizioaz testuinguru globalean. [itzuli]

PDF-a JAITSI