Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Garage Show: The Actuality of the Experience at the Moment

Anthony Yung eta Jane Debevoise

Izenburua:
Garage Show: The Actuality of the Experience at the Moment
Egilea:
Anthony Yung eta Jane Debevoise
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Erakusketak
Artelan motak:
Bideoinstalazioa | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Geng, Jianyi | Zhang, Peili

Shanghai Education Hall (sotoa),
1991ko azaroak 22–24

Artistak: Geng Jianyi, Gong Jianqing, He Yang, Hu Jianping,
Ni Haifeng, Song Haidong, Sun Liang eta Zhang Peili

Antolatzaileak: Song Haidong eta erakusketan parte hartu zuten beste artista batzuk

 

Garage Show: The Actuality of the Experience at the Moment izan zen inondik ere Ekainaren 4ko Gertaeren ondoren inauguratu zen arte esperimentaleko lehen erakusketa, eta Song Haidong, Zhejiangeko Arte Ederretako Akademiako (Txinako Arte Akademia da gaur egun) Eskulturako sailako lizentziatuak antolatu zuen Hangzhoun. Shanghai Education Hall-eko sotoan ipini zen, eta hiri hartako eta inguruetako artistek parte hartu zuten, besteak beste Song-en promozioko hiru lagunek, Hangzhouko Geng Jianyi-k eta Zhang Peili-k, eta Zhoushaneko Ni Haifeng-ek. Erakusketak, Zhejiangeko Akademiako ikasle askoren joera iraunkorra azpimarratuz, argi azaldu zuen praktika kontzeptualen, instalazioen eta denboran oinarritutako arte-praktiken lehentasuna, asto-pinturaren eta eskulturaren aurrez aurre. Erakusketa hartako obra adierazgarri batzuk izan ziren Geng Jianyi-k liburu gaizki inprimatu eta ezin irakurrizkoekin egin zituen ikerketak, Ni Haifeng-en osagai elektronikoen eta grafiti burugabeen nahaspilak, eta eguneroko objektuak eta eskultura klasikoaren elementuak elkarren gainka jartzen zituzten Song Haidong-en eraikuntza multimediak. Ekarpenik nabarmenen artean, aipa daiteke Zhang Peili-ren bideo-instalazio bat, Higieneari buruzko dokumentua, 3. zkia. (Document on Hygiene No. 3, 1991), non oilasko bizi bat, gero eta bustiagoa, behin eta berriz garbitzen zuten xaboi-urarekin. Bideoarte txinatarraren adibide goiztiar hura bertako nahiz nazioarteko artistek ikusi zuten, baita erakusketa bisitatu zuten arte-arduradun bakan baina eragin handiko batzuek ere; haien artean, Tokioko Arte Modernoko Museo Nazionaleko arte-arduraduna zen Chiba Shigeo-k; Hans van Dijk eta Andreas Schmid-ek, zeinak garai hartantxe bete-betean ari baitziren arte garaikideko erakusketa bat antolatzen Berlinen (sarrera bat eskaintzen diogu aurrerago erakusketa horri); Li Xianting kritikari eta komisarioak, zeina funtsezkoa izan baitzen Pekingo 1989ko China/Avant-Garde erakusketaren antolamenduan; eta Nicholas Jose-k, Australiaren Txinako kultura-agregatua izan zenak, zeina, Li-rekin batera, arte garaikide txinatarrari buruzko erakusketa-sail bat antolatzen ari baitzen, eta haien artean zegoen 1993ko Hong Kongeko China’s New Art, Post-1989 (erakusketa horri sarrera bat eskaintzen diogu aurrerago).

Aurreko hamarkadako arte berrizaleko beste erakusketetan gertatu zen bezala, artistek jarri zuten abian eta zabaldu zuten Garage Show, eta argi bazegoen ere denentzat zegoela irekita, bisitariek zirkulu nahiko txikia eta itxia osatu zuten; artistak, zaleak eta adiskideak. Baina 85eko Uhin Berrian nagusitutako espiritutik aldenduz, Garage Show erakusketaren helburua, harekin alderatuz gero, ez zen inola ere hain handinahia. Urruti geratzen ziren erretorika jasoaz adierazitako desira utopikoak; desagertuak ziren berebat gizarte txinatarra bere osotasunean “modernizatzeko” desirak, hura baitzen 1980eko hamarkadan erreformaren aldeko intelektual askoren desira. Aitzitik, Garage Show erakusketetak plataforma bat eskaini nahi izan zuen esperimentaziorako eta antzeko planteamenduak zeuzkaten artisten eta profesionalen arteko trukerako, hain zuzen ere 1989aren ondorengo politika murriztaileak konbentzionala zenetik apartatzen ziren eta gizarte-apurtzaileak izan zitezkeen jendaurreko hartu-emanak guztiz mugatuak ziren garai batean.

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

PDF-a JAITSI