Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Artea, espiritismoa eta teosofia

Simon Grant

Espiritismoaren jarraitzaileek uste dute bizirik dauden pertsonak hildakoekin komunikatu daitezkeela, medium espiritista baten bitartez. Ameriketako Estatu Batuetan 1848an sortutako mugimendu horren ospea berehala zabaldu zen, kristau fede tradizionalaren ezeztapentzat hartua izateraino. Ordura arte inoiz ikusi ez bezalako aldaketa sozialak, ekonomikoak, zientifikoak eta erlijiosoak izan ziren garai batean agertu zen espiritismoa. Balio materialisten eta sistema arrazionalisten aurkako arbuioak sostengatua, espiritismoaren planteamendu guztiz indibidualista eta berdintasunezkoak izugarri erraztu zuen ideia libertarioen zabalkundea, eta, bereziki, bidea erraztu zien emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapenei. Horrek azal lezake zergatik zeuden hainbeste emakume XIX. mendearen bigarren erdiko artista espiritisten artean; eta zergatik erabaki zuten haien arteko askok emakumezkoen elkartasunaren ideia defendatzea eta femeninotasun sakratuaren kontzeptuari atxikitzea, haien obretan agertzen diren hainbat elementuk erakusten dutenez.

Georgiana Houghton, Anna Mary Howitt, Barbara Honywood, Alice Pery eta Alice Essington Nelson, adibidez, Britainia Handiko garai hartako artista garrantzitsuenen artean daude. Haietako batzuek espiritista gisa jarduten zuten, eta gehienek beren medium-dohainak baliatzen zituzten —trantzean sartuta eta guzti, batzuetan— espirituen munduaren eta mundu fisikoaren artean konexio bat ezartzeko, eta, konexio horren bidez, beren obra konplexu eta xehetasun ugarikoa gauzatzeko prozesua errazteko. Batzuen eta besteen lanak desberdinak ziren estilo aldetik, baina guztiak ziren oso pertsonalak, norberaren errealitate espirituala islatzen zuten neurrian. Houghtonen urmargo abstraktuak dentsoak eta xehetasunez beterikoak ziren, hark asmatutako sistema kromatiko bati leialak beti; Howitten paper gaineko lan figuratiboen gai kutuna Ama Birjina zen; Peryren zuri-beltzeko marrazkietan zehatz-mehatz irudikatutako aurpegiak agertzen ziren; eta, ondorengo garai batean, Essington Nelsonen koadro abstraktu ezagun bakarrak (koloretako zirkuluz osatutako konposizio bat) agerian uzten du ideologia kosmikoekiko erakutsi zuen jaiera. Esan beharra dago artista horietako batzuek ikusizko lengoaia abstraktu pertsonalizatu bat sortu zutela, jatorri ezezagunekoa, baina, gaur arte iritsi zaizkigun obren arabera, forma organikoetan eta garaiko aurrerapenetan oinarritua, elektrizitatearen eta magnetismoaren alorreko aurrerapen zientifikoetan inspiratua gehienbat1.

XIX. mendearen azken urteetan eta XX.aren lehenengoetan, artista batzuek —Hilma af Klint, kasurako— estilo abstraktu propioak landu zituzten, norberaren sinesmenekin bat zetozenak. Jarduera espiritistak egiten zituzten arren —espiritismo-saioak eta guzti—, beste diziplina esoteriko batzuetara zabaldu zuten transzendentziaren esplorazioa. Teosofiak —Helena Blavatsky espiritistak eta Henry Steel Olcott kazetari eta abokatu estatubatuarrak 1875ean sortu zuten mugimenduak— eragin erabakigarria izan zuen horretan. Doktrina hinduista eta budistetan zein mendebaldeko okultismoan inspiratzen zen planteamendu panteista batean oinarrituta, zientziaren, naturaren legeen eta filosofiaren arteko loturak aztertzen zituen teosofiak. Artista batzuek —Klintek berak, adibidez, zeinak espiritismoari atxikita jarraitu baitzuen, teosofia ere praktikatu arren— materiaren izaeran inspiratutako planteamendu kosmologiko bat garatu zuten, beren sinesmenetan oinarri hartuta. Klintek zioen —XIX. mendeko bere aurrekoekiko balizko kidetasunak iradokiz horretan— bere garaiko aurkikuntza zientifikoak (haien artean, X izpiak, elektroia, erradioaktibitatea eta espektroskopia) zantzu funtsezkoak zirela ikusezinaren, immaterialaren eta mundu fisikoaren arteko loturei buruzko egia unibertsalen bilaketa horretan2.

Teosofiak —antroposofiaren “zientzia espirituala”, Rudolf Steinerrek sortua—, okultismoaren inguruko teoriek eta pentsamendu esoterikoen korronte ezberdinek askotariko eragina izan zuten, XX. mendeko lehen hamarkadetan, garaiko beste margolari moderno garrantzitsu batzuen ekoizpen artistikoan (horien artean, František Kupka, Vasily Kandinsky, Piet Mondrian, Giacomo Balla, Kazimir Malevich eta Bauhauseko zenbait kide). Haien lanen ezaugarri komun nabarmenena abstrakzioa izan zen. Houghtonek bere lanak ikuspegi espiritista batetik abiatuta moldatzen zituen bitartean, XX. mendeko artisten ikusizko hizkuntza abstraktua etengabe dibertsifikatuz joan zen. Artista haiek era askotako estiloak landu zituzten: mundu organikoan inspiratutako estetika Klintek, “formen zeroaren” nozioa Malevichek —zeinaren Lauki beltza koadroa, laugarren dimentsioaren ideian, geometria ez-euklidearrean eta teosofian oinarritua, adibide ezin hobea baita—, eta abstrakzio kromatikoa Kandinsyk, Annie Besanten eta C. W. Leadbeaterren Pentsamendu formak (1901) liburuak akuilatuta.

Hurrengo hamarkadetan, ahuldu egin zen joera horietako batzuen indar-eragina, eta beste artista batzuek sinesmen-sistema propioak sortzeko beharra sentitu zuten, askotariko iturri historikotan inspiratuak baina espiritismoaren eta teosofiaren alorreko eta are urrunagoko ideia berdintsuetan oinarrituak. Artista horiek beren aurrekoekin partekatzen zuten beren dohain indibidualak proiektu espiritual (eta sarritan praktiko) baten zerbitzura jartzeko nahia, bai telepatiari edo zentzumenez kanpoko botereei esker nozio zientifikoak edo espiritualak esploratzeko (Emma Kunzen praktika artistiko sendagarriak, adibidez), bai trantzetik hurbileko egoeretan meditatzeko (Olga Fröbe-Kapteynen lan abstraktuak geometria sakratuaren printzipioek gidatuta egon ziren neurri batean), bai ezkutuko ideien eraginpean marrazteko (August Strindberg eta Ithell Colquhounen lanek, besteak beste, erakusten duten bezala). Artista horietako askok hamarkadetan zehar partekatu zuten ezaugarri komuna beren sorkuntza-lanen planteamendu sistematiko eta grafikoa izan zen, eta, bereziki, mendebaldeko eta ekialdeko testuetatik ateratako sinbolo zaharrak erabiliz eratutako geometria sakratuaren nozioaren interpretazio-modu indibidual bat, kosmosa sustengatuko lukeen egitura geometriko baten kontzeptu klasikoan oinarritua sarritan.

Sinesmenetan, metodoetan, estiloetan, tekniketan eta helburuetan zituzten desberdintasunak gorabehera, artista haiek bide harrigarri berdinak hartu zituzten batzuetan. Hainbat esanahi-mailatako hiztegi bisual sistematikoak egin zituzten, beren ideiak esploratu eta aditzera emateko; eta ikertzaile zientifikoak fenomeno ikusezinen propietate fisikoak aurkitzean ahalegintzen diren bezala, haiek aldi berean praktikatu zuten zientzia eta esoterismoa, arimaren izaera transzendentalaren bila. Azken hamarkadetan, hainbat artista agertu dira mundu fisikotik harago menturatzeko prest, esperientzia izpiritual berezien bila, aldez aurretik marraztutako bideari jarraitzeko inolako beharra sentitu gabe.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Beren artelanei buruz ari zirenean, XIX. mendeko artistek —Georgiana Houghtonek, adibidez— ez zuten “abstrakzio” hitza erabiltzen.
  2. Tessel M. Bauduin, “Science and Ocultism in Hilma af Klint’s Time and in her Work”, hemen: Hilma af Klint Paintings for the Future, New York, Guggenheim Museum Publications, 2018, 186–204. or.

PDF-a JAITSI