Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Sheila Hicks

Jessica Gerschultz

1934, Hastings (NE, AEB)

Sheila Hicks artista estatubatuarrak arte-praktika jori eta kontinentez haraindiko bat garatu du: horren bidez, ehungintza-arteei dagozkion materialak, formak eta historiak aztertu eta birplanteatu ditu. 1950eko hamarkadan, Yale unibertsitatean ikasi zuen, Bauhaus-eko artista Josef eta Anni Albers-ekin eta George Kubler eta Junius Bird irakasleekin. Fullbright bekari esker, bolada bat igaro zuen Txilen, eta Amerikan ehungintza kolonaurrekoarekiko interesa areagotu zitzaion. Mexikora eta beste herrialde latino amerikar batzuetara joan zen, eta irakasle gisa jardun. Ikasketa-urte horietan, Hicksek inspirazio-iturri gisa baliatu zituen Erdiko Amerikako eta Andeetako ehungintza-praktika amerindiarrak, hala nola gerriko ehungailua eta hariz inguraturiko sokak. Hainbat eratako piezak sortu zituen: lauki txikiak, kolore biziko artileekin ehunduak, eskuz; bai eta oihal zintzilikari eta disko erraldoiak ere, zeinetan uhin distiratsuak sortzen baitira, zetarekin eta kotoiarekin txirikordatutako liho-harien bitartez; batzuetan, quipu deritzon tresna dakarte gogora, kalkuluak egiteko tresna andetar antzinakoa.

1950ean nabarmendutako beste emakume artista batzuekin batera —Lenore Tawney, esaterako—, zenbait erakusketatan parte hartu zuen Hicksek, eta materialekin egindako ikerketak zein ehungintza-eraikuntzak erakutsi zituen, bereziki Woven Forms erakusketan, zeina American Crafts Museum-en (New York) egin baitzen, 1963an. Artisautzari eskainitako espazio batean erakutsi zituen bere obrak, eta horren aditzera ematen du Europako eta AEBko arte-instituzioek harrera epela eman ziotela ehungintzako arteei. 1964an, Parisen ezarri zen Hicks, eta, gerora, bidaia luzeak egin zituen Asiako hego-ekialdera, Afrikara eta Ekialde Hurbilera. Indiatik Senegalera, lankidetzan jardun zen artistekin eta ehuleekin. 1970eko hamarkadaren hasieran, egitasmo diplomatiko eta kulturaletan aritu zen, United States Information Service1 erakundearen eskutik. Bere ehungintza-pieza ez figuratiboak probokazio politikotik at daudela uste zen; horrenbestez, Afrikako iparraldean eta mendebaldean truke artistikoak egiteko aproposak zirela iritzi zitzaion2. Halaber, emakumeen baldintza sozialak hobetzeko ekintzetan parte hartu zuen Hicksek, bereziki Marokon, zeinetan ehunak diseinatu baitzituen artisautza nazionalarentzat. Denbora-tarte horretan, Hicksek inspirazio-iturri gisa erabili zituen Islamaren ikonografia eta kultura materiala, bai eta forma arkitektonikoak ere —arkua eta mihrab-a, kasu—, Otoitzerako tapizak (Prayer Rugs) sorta miresgarrian adibidez, zeina hainbat tokitan aurkeztu baitzuen: Galerie Bab Rouah (Rabat), Tapizgintzaren Nazioarteko Biurtekoa (Lausana) eta Wall Hangings erakusketa (Museum of Modern Art, New York). Tapizgintza Berriaren mugimenduarekin bat eginez —zeinak hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadan sortu baitzen—, oihalaren dimentsio espazialak aztertu zituen Hicksek, eta bolumen handiko instalazioak egin zituen, soka tolestuekin, oihal ehunduen mordoekin, harilen antzeko objektuekin eta sabaitik zintzilikatutako zutabe moldagarriekin. Gaur egun, praktika horiek berrasmatzen segitzen du. Erakusketa, biurteko eta enkargu publiko ugaritan aritu denez, aitortza eskuratu du nazioartean. Zehazki, aipagarria da Centre Pompidou-n egindako erakusketa (2018).

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. AEBren irudia atzerrian hauspotzeaz arduratzen zen agentzia estatubatuar publikoa, 1953tik 1999ra bitarte jardun zen [Itzultzailearen oharra: J. F. Cornu].
  2. Sheila Hicks, Jessica Gerschultz-ekin elkarrizketan, 2015eko urriak 23.

PDF-a JAITSI