Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Gego

Laure Chauvelot

Izenburua:
Gego
Egilea:
Laure Chauvelot
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Arkitektura | Artea eta espazioa | Artea eta hezkuntza | Artea eta pertzepzioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Forma | Geometria | Materiala | Mugimendua | Nazioarteko Tapizgintza Biurtekoa | Betty Parsons galeria | David Herbert Gallery | Museum of Modern Art (MOMA) | New York | Stuttgart | Venezuela | Metal | Alejandro Otero | Carlos Cruz-Diez | Gerd Leufert | Jesús Rafael Soto
Mugimendu artistikoak:
Abstrakzio Geometrikoa | Arte Abstraktua | Arte Zinetikoa | Op-art
Artelan motak:
Eskultura | Ikus-entzunezkoa | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Gego,

1912, Hamburgo (Alemaniar Inperioa) – 1994, Caracas (Venezuela)

Gertrud Goldschmidtek arkitektura-ingeniaritzako ikasketak egin zituen Stuttgarten. 1939an Caracasera aldatu zen, eta Gego izena hartu zuen. Urte batzuez diseinuan, grafismoan eta zenbait arte- eta arkitektura-eskolatan irakasle aritu ondoren, bere ibilbide artistikoari hasiera eman zion, Gerd Leufert artista ezagutu eta denbora gutxira. Garai hartan, Venezuelako artean joera zinetikoko abstrakzio geometriko bat garatzen ari zen, nagusiki Alejandro Otero eta Jesús Rafael Sotoren eskutik, eta haiek animatu zuten Gego eskultura lantzera. 1960an, bere obrak Betty Parsons eta David Herberten New Yorkeko galerietan aurkeztu ondoren, Esfera (1959) eskultura MoMAren bildumen parte bihurtu zen. Carlos Cruz-Díezen Movement and Vibration in Space: Sculpture by Gego filmean tarte berezia izan zuen obrak, eta 1965eko The Responsive Eye erakusketa aitzindarian erakusgai jarri zuten; erakusketa hark Gegoren sorkuntzen irakurketa optiko-zinetikoa egiteko aukera eman zuen. Gegok bestela adierazi bazuen ere —“Sekula ez dut artista izan nahi modu kontzientean”1—, 1967. urteak inflexio-puntu bat markatu zuen haren ibilbidean; izan ere, irakaskuntza alde batera utzi, eta buru-belarri murgildu zen artean.

1969an, Retikularea instalazioa sortu zuen, hirukien errepikapenean oinarrituriko bere obra grafikoetatik abiatuta. Obra monumentala da, bisitariak inguratzen dituen eta infinituraino hedatzen dela dirudien sare metaliko organiko bat. Haren ondoren, oinarrizko formen (hirukia, lerroa, karratua) errepikapenean oinarrituriko eskultura-pieza esperimentalen serie bat landu zuen. Artistaren mugimendu gestuala sumatzen da abstrakzio geometrikoaren kodeekin jolas egiten duten obra horietan. Burdinazko eta altzairu herdoilgaitzezko alanbre txikiez eginak dira, alanbreak eskuz elkarri uztartuta, eta “metalezko sareak” direla esan liteke: halaxe aurkeztu zen Retikularea Lausanako Tapizgintzako Nazioarteko Biurtekoan, 1975ean.

Betetasunaren eta hustasunaren, argiaren eta itzalaren, barnearen eta kanpoaren kontzeptuak lantzen dituzten “espazioko marrazki” horien artean, bereziki aipatzekoa da Retikularea karratua (1977). Obra delikatu hori zatituta dago zentroan: beheko aldea idulki baten gainean dago, eta goikoa, berriz, sabaitik zintzilik. Oso-oso arina denez, hari begiratzen dioten pertsonen joan-etorriak leun-leun mugiarazten du. Gegoren sorkuntzak erakusketa askotan agertu izan dira 1960 eta 1970 bitartean Venezuelako erakundeetan, herrialde hartako ordezkari nagusietakotzat hartua baita, baina artista hil ondoren arte —2000ko hamarkadara arte— ez zen antolatu Gegori buruzko erakusketa monografikorik AEBn eta, aurrerago, Europan.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. María Fernand Palacios, “Conversación con Gego”, 1972, International Center Fort The Arts of The Americas, at The Musem Fine Arts, Houston, ICAA Record ID 864837; ikus https://icaadocs.mfah.org/s/en/item/864831#?c=&m=&s=&cv=5&xywh=1771%2C681%2C857%2C480; hemen berrarg.: Nadja Rottner, Peter Weibel (arg.), Gego 1957–1988: Thinking the Line, Ostfildern, Hatje Cantz, 2006.

PDF-a JAITSI