Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Louise Bourgeois

Jo Applin

Izenburua:
Louise Bourgeois
Egilea:
Jo Applin
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Panpinak | Feminitatea | Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Giza gorputza | Arkitektura | Artea eta gizartea | Artea eta psikologia | Artea eta emozioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Materiala | Sinbologia | Oihalak | Erakusketak | New Yorkeko Arte-Ikasleen Liga | Peridot Gallery | Feminismoa | New York | Paris | Lucy Lippard | Robert Goldwater | Gizontasuna | Psikoanalisia | Amatasuna | Sexismoa
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Surrealismoa
Artelan motak:
Eskultura | Pintura
Aipatutako artistak:
Bourgeois, Louise

1911, Paris (Frantzia) – 2010, New York (NY, AEB)

Louise Bourgeois estatubatuar-frantses artistak Arte Ederretako ikasketak egin zituen Parisen, eta 1938an New Yorken finkatu zen, senarrarekin (Robert Goldwater estatubatuarra, museo-kontserbatzailea) eta bien seme-alabekin. Han jarraitu zuen ikasketak osatzen, beste bi urtez, Art Students’ Leaguen. 1940ko hamarkadan, Etxe emakumea (Femme maison) izenburuko pintura-serie bat landu zuen, marko arkitektoniko batean txertatutako emakumezko gorputz baten irudikapen surrealista ardatz zuela. Gai errepikakor hori irudi femeninoak jasaten dituen inposaketen adierazpena da, emakumeak bere sorbalden gain baitaramatza etxea eta patriarkatuaren osagarriak. Irudiak iradokitzen du zer-nolako atsekabea zuen artistak AEBra lekualdatzeko unean eta zenbaterainoko zama zekarkioten emazte, ama eta artista rolek. Hirurogeita hamarreko hamarkadan, heldutasunean, mugimendu feministaren ikur bihurtu ziren Bourgeois eta Etxe emakumea (serie hartako obretako batek ilustratu zuen Lucy R. Lipparden From the Center: Feminist Essays on Women’s Art erreferentziazko obraren azala, 1976an).

1941ean, hiru dimentsioko neurri handiko obrak egin zituen Bourgeoisek bere etxeko eraikineko zabaltzan. Handik zortzi urtera, egurrezko pertsonaien multzo bat aurkeztu zuen New Yorkeko Peridot Galleryn. Beretzat, talismanak dira, eta Frantzian utzitako familia gogorarazten diote. Bere obraren bidez, arlo psikikoak eta gorputzak sortzen dioten interes bizia adierazten du Bourgeoisek. Forma erraboilakara errepikakorrek forma hanpatuko paisaia abstraktuak osatzen dituzte; lan haiek Lipparten begi zorrotza erakarri zuten, eta, 1966an, Eccentric Abstraction talde-erakusketan sartu zuen Bourgeois, artista jada heldua zela. Obra horiek organo genitalak gogorarazten dituzten formak dituzte, batzuetan; hala nola 1968ko Neskatxa (Fillette) obran eta Jano loratua (Janus fleuri) obran, zeina oszilatzen baita tankera maskulinoaren eta femeninoaren artean. Bourgeoisek maiz erabili zuen molde hustu bera askotariko materialekin, eta horren adibide dira Avenza berbisitatua II (Avenza Revisited II, 1968–69), Avenza (1967) igeltsuzko eskulturatik abiatuta landutako brontzea, edo Mukurua I (Cumul I, 1968), egurrez eta marmol zuriz egina. Aurrerago, ehunekiko interesak bultzatuta, panpin bigun bitxiak josi, eta “Ziega” (Cells) deritzen egitura domestikoen barruan kokatu zituen. Obra horiek artistaren bizitza psikikoaren adierazpen fisiko modura interpretatu izan dira sarri.

Aipu biografikoen eta eduki psikologikoz beteriko gaien mordoilo bat da Louise Bourgeoisen ibilbidearen ardatz nagusia. Haren irudiak nabarmen daude kritika feministak markatuak. Eguneroko asko idatzi zituen, eta hainbat testu, bere obran lantzen dituen gaiei buruzkoak –familiari loturiko atsekabeak eta traumak–, non adierazi baitzituen generoari, feminismoari eta teoria psikoanalitikoari buruzko auziak.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

PDF-a JAITSI