Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Aurelie Nemours 

Fanny Drugeon

Izenburua:
Aurelie Nemours 
Egilea:
Fanny Drugeon
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Artea eta espazioa | Artea. Teoria | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Erritmoa | Forma | Geometria | Lerroa | Erakusketak | Errealitate Berrien Aretoa | Académie André Lhote | Académie Moderne | École du Louvre | Colette Allendy galeria | San Joan Gurutzekoa | Paris | Fernand Léger | Gottfried Honegger | Paul Colin | Piet Mondrian | Michel Seuphor | Zenbakiak
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte Figuratiboa | Arte Konkretua
Teknikak:
Pastela
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Cahn, Marcelle | Nemours, Aurelie

1910, Paris (Frantzia) – 2005, Paris (Frantzia)

Aurelie Nemours —Marcelle Cahn, Michel Seuphor eta Gottfried Honeggerren kidekoa— funtsezko pertsonaia izan zen Arte Konkretuaren mugimenduan. École du Louvren bere lehen prestakuntza teorikoa jaso ondoren, sormen-lanetan murgildu zen, lan plastikoak zein poetikok eginez. Bere garaiko emakume askok bezala, akademia pribatuetara jo behar izan zuen ikastera. 1937tik 1940ra, Paul Colin kartelgile eta dekoratzailearen lantegian ikasi zuen, eta ondoren, André Lhoteren eta Fernand Légerren akademietara jo zuen. Bidenabar esanda, André Lhoteren Paisaiaren tratatuak zirrara handia sortu zion. Maisu haien irakaskuntzak figuraziora bideratuta zeuden arren, eraikuntza piktorikoaren ezagutza sakona eman zioten, abstrakziorako bidea hasteko behar zuen askatasun-tartea uzteaz gain.

1949an, Parisko Errealitate Berrien Aretoan parte hartu zuen. 1953an, erakusketa bat egin zuen Colette Allendyren galerian; Michel Seuphorrek —Piet Mondrianen obra ezagutarazi zionak— idatzi zion katalogoaren hitzaurrea. Bere lehen lan piktorikoen ondoren —“arkaikoak” deitzen zien—, Nemoursek Egoitzak (Demeures) saila hasi zuen 1950. urte aldera, bere “pastelak”, gogo-jardunak ez ezik ikerketa plastiko huts ere badirenak. Artistak, zeinak ikatz-ziriaz marrazten baitzuen, “hutsa” erdiesten saiatu zen, Joan Gurutzekoaren Kantu espirituala aldarrikatuz batera.

Pixkanaka, zeinuaren esturetatik askatu zuen marra, zirriborroaren mesedetan. Lehenenik eta behin, irudia baztertu zuen, gero kurba eta lerro zeiharra, materiaren desintegraziora eta hutsaren lengoaiara iristeko. Egoitzak izan ziren, beraz, hiztegi plastiko horren eraikuntzaren lehen mugarria: lerro horizontalek eta bertikalek —elkar ebakitzean gurutzea osatuz— zein laukizuzenek eta laukiek markatu zituzten berriro haren lanen formatuak 1965etik aurrera. Materiaren gozamena hautematen da bereziki haietan, formen esplorazioari lotua. Artistak baztertu egin zuen materialtasun sentsualegi hori, olio-pinturak eskaintzen zion urruntasunaren mesedetan.

Aurrera jarraitu zuen, halaber, zenbakiaren eta erritmoaren inguruko ikerketarekin, Milimetroaren erritmoa (Rythme du millimètre, 1976tik aurrera), Isiltasunaren egitura (Structure du silence, 1983–90) edo Zenbakia eta zoria (Nombre et Hasard, 1992 arte) sailekin. Abstraktua bada ere, haren pintura irudizko bihurtzen da: “Abstrakzioan, abstrakzio ez den hori da interesgarriena, abstrakzioaz bestelako toki batean sortzen da abstrakazioa”1. Bere idazkietan, berari egindako elkarrizketetan, Nemoursek ez zion generorik atxikitzen artistari: “Emakumeak ez du erdiesten kimera / ez absentzia / gorputzik ez / ‘ni’ delakoa baino ez dago”2. Artista, izan, gizakia da, obraren aurrean desagertu behar duen formulazio generikoa: “Artista desagertzen den unean gauzatzen da miraria”3.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Egilearekin elkarrizketa.
  2. Aurelie Nemours, Bleu bleu noir, Paris, Melville/Léo Scheer, 2003, 65. or.
  3. Ibid., 25. or.

PDF-a JAITSI