Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Olga Rozanova

Elitza Dulguerova

1882, Melenki (Errusiako inperioa) – 1918, Mosku (Errusiako Errepublika Sozialista Federatiboa)

Olga Rozanova familia noble baina xume batean jaio zen; Vladimireko andereñoentzako institutuan ikasi zuen 1905ean Moskura joan aurretik. Konstantin Yuonen eta Ivan Dudinen eskolan egin zituen ikasketak 1907tik 1910ra bitartean. 1991tik aurrera San Petersburgon hartu zuen bizilekua eta aktiboki konprometitu zen Gazteriaren Batasuna elkarte artistikoarekin. Elkarte horren erakusketetan parte hartzeaz gainera, Rozanovak erakusketa bat egin zuen Moskun Diamante Txotarekin, eta Tramway V eta 0,10 (1915) erakusketa futuristetan parte hartu zuen, bai eta Erromako Nazioarteko Erakusketa Futuristan ere, 1914an, Filippo Tommaso Marinettiren gonbidapenaz. Bere kideek aintzat hartu zizkioten bere obrak eta, baita ere, bere testu teorikoak. Rozanovaren artikulu programatikoak, “Arte garaikidea eta hura ez ulertzeko arrazoiak”, Gazteriaren Batasuna almanakan 1913an argitaratuak, “errealitate independentetzat” aldarrikatzen zuen koadroa, zehatz aletzen zituen arte modernoaren prozedurak, intuizioa eta indibidualtasuna defendatzen zituen sormenezko ekintzan eta imitazioa eta errepikazioa gaitzesten zituen, eta aldi berean ikusleria hezten tematzen zen.

Haren hiri paisaia kubofuturistetan, nola haren pintura alogikoetan eta haren obra abstraktuetan, koloreak funtsezko lekua du, egiturazkoa. Rozanovak horri buruz teorizatu zuen “Kubismoa. Futurismoa. Suprematismoa” saiakeran, Kazimir Malevichen Supremus aldizkari argitaratugaberako 1917an idatzian, eta Malevichengandik aldenduz, hain zuzen ere koloreari zeregin nagusiagoa egozten ziolako materia piktorikoari bainoago. Kolorearen argitasuna erradikalki esploratu zuen 1916–18ko bere oihal abstraktuetan.

Rozanovak liburu futurista asko ilustratu zituen bere lagun min Alexei Kruchenykh eta Velimir Jlébnikov poetekin elkarlanean. Ilustrazio horietan kolorearen potentzial guztia hedatu zuen “bere horretan”, askotariko teknikak erabiliz: litografia, hektografia, paper itsatsi zeharrargiak eta collagea. Poema transmentalak ere idatzi zituen (zaum).

Malevichen Supremus taldeko beste kide batzuekin batera, Rozanovak arte ez-objektiboa eguneroko bizitzara aplikatu zuen Verbovkako eskulangintza taldearen bitartez. Talde horrek Moskun 1917an bigarren erakusketa egin zuenean, Rozanovak 60 gailu aurkeztu zituen: xingolak eta zorroak dekorazio suprematistekin, ehunen, brodatuen edo azaleztatzeen bozetoak, eta haietariko batean berriz landu zituen bere pintura ez-objektiboetako baten konposizioa eta koloreak.

Eskulangintzaren interesak Moskuko eskualdean zehar ibiltzera eraman zuen langintza eta arte herrikoien bila, Iraultza boltxebikearen ondoren, eta ondare horren kontserbazio plan bat eskatzera. Instituzio artistikoak berrantolatzen oso inplikatuta zegoen, baina goiztiar hil zen, 1918an. 1919an Lehenengo Estatu Erakusketak haren obraren atzerabegirako erakusketa bat aurkeztu zuen, haren kide artistek eta poetek oso aintzat hartua eta 7.000 lagunek bisitatu zutena. 1920ko hamarkadaren hasieran Rozanovaren obrak Errusian eta atzerrian erakusten ziren oraindik eta hainbat sobietar museoetako bildumetan zeuden, hiato luze baten aurretik.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

PDF-a JAITSI