Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Louise Nevelson

Fanny Drugeon

Izenburua:
Louise Nevelson
Egilea:
Fanny Drugeon
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Artisautza | Feminitatea | Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Beltza | Egurra | Tamaina | New Yorkeko Arte-Ikasleen Liga | Kolonaurreko kulturak | Ingurunea eta natura | AEB | New York | Ukraina | Diego Rivera | Georg Grosz | Hans Arp | Hans Hofmann | Kurt Schwitters | Berdintasuna | Immigrazioa eta emigrazioa
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Kubismoa | Primitibismoa
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
Nevelson, Louise

1899, Pereyáslav (Ukraina) – 1988, New York (NY, AEB)

Umetan, Louise Nevelsonek (Leah Berliawsky ezkongabe-izenez) artista izan nahi zuela jakinarazi zien ingurukoei: “Eskultorea, hain zuzen, ez baitut koloreen laguntzarik nahi”1. Errusiar jatorriko eta tradizio juduko familia batean hazia, Nelsonek AEBetara emigratu zuen 1905ean. Herentzia kultural aberats horretan bat egiten zuten sexu-berdintasunaren aldeko pentsamendu-askatasuna eta artisautzaren praktika. 1920an ezkondua, 1931n dibortziatu eta Europara joan zen bizitzera. New Yorkera itzulita, Diego Rivera margolari mexikarraren laguntzaile izan zen denboraldi batez, eta Art Students League ikastetxean, Hofmannen eskolak hartu zituen berriro, George Groszen ikastaroetara joateaz gain. Kubismoaren eta arte primitiboen eragin bikoitza konbinatuz, Nevelson han-hemenka bildutako zur zatiz osatutako muntadurak egiten hasi zen. 1950eko hamarkadan, kolonaurreko arkeologia-kokapenen aurkikuntzek espazioa “edergailu-munstro” (Jean Arpen hitzetan esateko) elkarketatik sortutako eskulturez habitatzera bultzatu zuten. Jean Arpek lotura zuzena ikusi zuen eskultura horien eta Kurt Schwittersen lan batzuen artean2.

Nevelsonen eskulturak tamaina handiko zur margotuzko muntadurez eta eraikuntza geometrikoz osatutako muralak dira: Lorategi tropikala II (Tropical Garden II, 1957). Kolore bakar batek —kasu honetan, beltza, “kolore totala” artistarentzat— batasuna ematen dio multzoari, osagai dituen elementuen jatorrizko identitatea deuseztatuta. Nevelsonek eboluzionatzen uzten dio eskulturari, berak aldarrikatzen duen —baina naturarekin estuki lotuta dagoen— dimentsio abstraktu baten barruan eboluzionatzen: “Nire bizitza osoa ikuspegi berri baten, irudi berri baten eta ezagutza berri baten ikerketa kontzientean oinarritu da. Ikerketa horrek, objektua ez ezik, objektua inguratzen duena ere hartzen du barne. Egunsentia eta ilunabarra. Gizakiaren sorkuntza orok du bere isla naturan”3.

Nevelsonek arbuiatu egiten du emakume artistaren kategoria, baina, aldi berean, emakumeen artista kondizioa defendatzen du. “Emakume izatea ez dut eragozpentzat hartu. Garrantzia zuen gaitasun bat zela iruditu zait. Eta konturatu naiz nik banuela gaitasun hori”. Hala ere, bere lanen femeninotasuna azpimarratzen du: “Nire lana hauskorra da; sendo itxurakoa, baina hauskorra. Benetako indarra hauskorra izan ohi da. Nire lanak nire bizitza osoa darama bere baitan, eta nire bizitza osoa femeninoa da. Nik ikuspuntu erabat desberdin batetik abiatuta egiten dut lan”4.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Louise Nevelson, Dawns + Dusks: Taped Conversations with Diana MacKown, New York, Charles Scribner’s Sons, 1976, 14. or.
  2. Jean Arp, “Louise Nevelson”, XXe Siècle, 1960ko martxoa.
  3. L. Nevelson, hemen: John I. H. Baur, Nature in Abstraction: The Relation of Abstract Painting and Sculpture to Nature in Twentieth-Century American Art, New York, Whitney Museum of American Art, 1958, frantsesez berrargitaratua hemen: Louise Nevelson, Paris, CNAC, 1974.
  4. Louise Nevelson, hemen: Edward Albee, “Louise Nevelson: the sum and the parts”, en Louise Nevelson. Atmospheres and environments, erak. kat., New York, Whitney Museum of American Art, 1980, 25. or.

PDF-a JAITSI