katalogoa
Maria Helena Vieira da Silva
Fanny Drugeon
- Izenburua:
- Maria Helena Vieira da Silva
- Egilea:
- Fanny Drugeon
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
- Neurriak:
- 22,5 x 30
- Orrialdeak:
- 350
- ISBN:
- 978-84-95216-93-9
- Lege gordailua:
- BI-01621-2021
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Emakumea artean | Arkitektura | Artea eta musika | Artea eta paisaia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Gardentasuna | Erritmoa | Espazioa | Lan-prozesua | Erakusketak | Eskulturagintza | Académie de la Grande Chaumiere | Ranson Akademia | Galerie Jeanne Bucher | Bigarren Mundu Gerra | Ingurunea eta natura | Hiria | Paris | Portugal | Brasil | Antoine Bourdelle | Árpád Szenes | Fernand Léger | Joaquín Torres-García | Othon Friesz | Paul Klee | Pierre Bonnard | Roger Bissière
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Arte Figuratiboa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Vieira da Silva, Maria Helena
1908, Lisboa (Portugal) – 1992, Paris (Frantzia)
Maria Helena Vieira da Silvak, lisboarra sortzez, haurtzaro bakartia izan zuen, eta bakardade horretan ikasi zuen bai begiratzen bai marrazten. Bost urterekin Ingalaterrara egin zuen bidaiatik hasi (non Uda-gau bateko ametsa antzezlanaren emanaldi bat ikusteko aukera izan zuen) eta haurtzaroko azulejo eta labirintoetaraino, oroitzapenek osatu zuten behin eta berriz haren obraren bizkarrezurra. Arte Ederretako ikasleentzat Medikuntza Fakultatean ematen ziren anatomia-ikastaroak (1926–27) egin ondoren, eskultura ikasi zuen, eta, aurrerago, baita pintura ere, figuratiboa gehienbat.
Artistak berak azaldu zuenez, 1928an Parisen jarri zen bizitzen: “Pintura ikasteko asmo bakarrarekin. Margolari izan nahi nuen kosta ahala kosta. Parisen urtebete edo bi geratzeko asmoa nuen, baina zer gertatu zen? Bada, betiko geratu nintzela”1. Antoine Bourdelleren eskoletara joaten hasi zen, Gran Chaumière akademian, eta gerora senarra izango zuena ezagutu zuen han, Arpád Szenes hungariar jatorriko margolaria. Othon Friesz eta Fernand Légerrekin ikasi zuen, baita Roger Bissièrerekin ere, Ranson akademian. Garai hartan, hainbat artistaren eraginak jaso zituen, hala nola Pierre Bonnardena eta Paul Kleerena, besteak beste.
1933an, bere lehen bakarkako erakusketa egin zuen, Galerie Jeanne Bucher-en. 1935-36an, Vieira da Silvak formen sintesira jotzeko lehen etapari ekin zion, distortsioak eta koloreen gardentasun-efektuak konbinatuz, baina “abstrakzio geometriko arriskutsuaren” bideetan galdu gabe. Garai hartan, aire zabalean marrazten zuen: “Naturaren aurrean jartzen nintzen, haren barruan ezkutatzen zena margoz irudikatu ahal izateko”2. Errealitatearekin zeukan harreman estu horrek bultzatuta, ez-figuraziora jo zuen.
1939-1947 bitartean, Portugalen eta Brasilen babestu zen, senarrarekin batera. Bigarren Mundu Gerra amaituta Parisera itzuli zelarik, espazioa laukitxotan zatikatzen hasi zen, Joaquin Torres-Garcíarengandik ikasitako teknika bat erabiliz. Vieira da Silvaren paisaia abstraktuak beste artista batzuenetatik bereiziz joan ziren 1950-60ko hamarkadetan: elementu jariakorrak, egitura arkitektonikoak, irudizko hiriak… Gardentasun-efektuak eta indar-lerroetan oinarritutako konposizioak ere ugalduz joan ziren haren lanetan, non onartutako errepikapen bakarrak erritmoari lotutakoak ziren, Lorategi esekiak (Jardins suspendus) obrakoak edota beirateari buruzko bere ikerketetan agertuko zituenak bezalakoak. Musikaren eragina, bestalde, funtsezkoa izan zen artistaren ibilbidean. Etengabeko zalantzan bizi zen: “Nire pinturan nabarmena da ziurgabetasun hori, labirinto izugarri hori. Zerua dut labirinto hori, baina litekeena da labirinto horren erdian ziurtasunen bat aurkitzea ere”3.
[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]
Oharrak
- Argitaragabeko lekukotasuna, Vieira da Silvak Paris Match aldizkarirako idatzia, 1969eko iraila, hemen: Maria João Avillez, “Vieira da Silva: a pintura e a vida”, hemen: Espresso Revista, uztailak 25, 1981, 22R. or., frantsesez berrargitaratua hemen: Marina Bairrão Ruivo, “Lisbonne – Paris, les villes de Maria Helena Vieira da Silva”, Reflexos [online], 004 zk., “Paris-Lisbonne: un dialogue capital, mis à jour le 02/05/2019”, ikus http://revues.univ-tlse2.fr/reflexos/index.php?id=541.
- Daniel Le Comteren programa, Ombre et lumière. Regards sur l’art abstrait: L’immensité intime, 1976, INA.
- “Entretien avec Madame Vieira da Silva”, hemen: Georges Charbonnier, Le Monologue du peintre, Paris, La Villetteren argitalpena, 2002, 175. or.