Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Marlow Moss

Anne Montfort-Tanguy

1889, Londres (Erresuma Batua) -1958, Penzance, Cornualles (Erresuma Batua)

Marjorie Jewell Mossek St John’s Wood School of Art eskolan izena ematea erabaki zuen 1916an, eta ordura arteko ikasketetan izandako hezkuntza-ingurune kontserbadore aberatsetik aldendu zen horrela. Hurrengo urtean, Slade School of Art eskolan matrikulatu zen, baina bertan behera utzi behar izan zituen hango ikasketak 1919an, depresio larri baten eraginez, eta Cornuallesen babestu zen. Londresera itzuli zenean, familiarekiko harremanak eten, genero neutroko izen bat aukeratu (Marlow), ilea larru-arras moztu, eta gizonezko arropaz janzten hasi zen.

Garai hartan, British Museumen orduak eta orduak ematen hasi zen artista, heziketan zituen hutsuneak nolabait osatzeko. Ekonomikoki independentea zen 1917an osaba hil zitzaionetik, eta denboraldi batzuetan Penzancen bizi ohi zen, non egin baitzituen lehen urratsak eskulturan; aurrerago, 1926an, Parisen finkatu, eta Fernand Léger akademia modernoan sartu zen.

Piet Mondrianen obra ezagutu zuen, baita holandar pintorea bera ere, aurrez aurre, eta elkarrizketa emankorrak izan zuen harekin 1929 eta 1938 artean; harreman hark eraginda bat egin zuen Neoplastizismoarekin. Moss bere konposizioak senez asmatzen eta lege geometrikoetan oinarrituta erregelaz eta konpasaz marraztutako irudien bidez gauzatzen hasi zen orduan. 1930ean, lerro bikoitza txertatu zuen bere konposizioetan, haiek dinamizatzeko, eta handik bi urtera Mondrianek bere egin zuen berrikuntza hura.

1935etik aurrera, koloretako hariez, lehenik, eta sokez, ondoren, ordezkatu zituen gainazal lau beltzak, eta monokromo zuriak landu zituen. Paris eta Gauciel (Normandia) artean bizi izan zen, eta Sobreindependenteen Saloian parte hartu zuen; Abstraction-Création taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta arte abstraktu edo konstruktiboari loturiko ekitaldi handietan parte hartu zuen, hala nola Basileako Konstruktivisten erakusketan, 1937an.

1939an, Groot Valkenissera joan zen (Zeelanda), etxe bat baitzuen han bere bikotekide Antoinette J. Nijhoff holandar idazleak. Eta egurrezko erliebe batzuk eskatu zizkion hango arotz bati. Judua, homosexuala eta britainiar herritarra izanik, gudaroste alemanak Herbehereak okupatu ondoren handik ihes egin behar izan zuen, bakarrik.

1941ean Cornuallesen finkatu zen, Lamornan. Han, arkitekturako eskolak hartu zituen eta bere lehen eskulturak sortu zituen, Max Bill, Jean Gorin eta Georges Vantongerlooren obren hurbilekoak batzuk. Bonbardaketen eraginez, galdu egin ziren Mossen gerra aurreko mihise gehienak, Gaucielen gordeta zituenak, baina artistak bere zenbait konposizio berregin zituen.

1951an, Paule Vézelayk gonbidatuta, Espace taldean sartu zen, eta abstrakzioari buruzko zenbait talde-erakusketatan parte hartu zuen. Hannover Galleryk Mossi buruzko bakarkako bi erakusketa antolatu zituen, 1953an eta 1958an.

Ez zuen harremanik izan St Iveseko artistekin, ezta Victor Pasmoreren Londresko zirkulukoekin ere, eta, hala, haren obra salbuespen kontinentala bihurtu zen garai hartako britainiar abstrakzioaren barruan. Mossen arabera, “elementu abstraktua presente dago artelan handi orotan; ezaugarri hori da, hain zuzen ere, obra bere garaitik haratago daramana […] elementu inpertsonala, zeinak eusten baitio artistaren nortasun aginduzkoegiari”1, baina ikerketa feministetan egindako aurrerapenei zor die arte modernoaren aitzindari gisa lortutako ospe berantiarra.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. “The abstract element is in every great work of art, it is precisely this quality that carries it beyond its own epoch […] it is the impersonal element, holding in check the all too assertive personality of the artist”, Marlow Moss, eskuizkribua, Nijhoff/Oostheok bilduman kontserbatua (Zürich), hemen errepr.: Lucy Howarth, Marlow Moss (1889–1958), doktore-tesia, Sam Smilesek zuzendua, Plymoutheko Unibertsitatea, 2008ko abendua (3. lib., 3. eranskina, 2ii gehigarria).

PDF-a JAITSI