Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Zilia Sánchez

Laure Chauvelot

1926, Habana (Kuba)

Habanako San Alejandro Arte Ederren Eskola Nazionalean ikasketak amaituta (1948), Zilia Sánchezek Keinu Abstrakzioan oinarritutako obra bat hasi zuen 1953an. Urtebete zen orduantxe Kuba Fulgencio Batistaren diktadura militarraren uztarpean zegoela. Abstrakzioa hizkuntza iraultzailea bihurtu zen, artistak Los Once (1953–1955) taldeko kideekin batera partekatu zuena. Loló Soldevilla artistak 1956an antolatutako Pintura de hoy: Vanguardia de la Escuela de París erakusketaren lehen kontaktu bat izan zuen abstrakzio geometrikoarekin, baina Sánchezek gertukoago sentitu izan zuen beti abstrakzio informala, 1957an eta 1966an Espainian egindako egonaldietan ezagutu zuenez geroztik.

1960an New Yorkera joan zen, abstrakziorako toxikoa zen testuinguru politiko batetik ihesi. Izan ere, berak praktikatzen zuen estiloa ez zen egokitzat hartzen ideologia iraultzailea transmititzeko. Pratt Graphic Art Centerren grabatuaren teknika menderatzen ikasi ahala, lankidetza asko egin zituen hainbat aldizkari, poeta eta idazlerekin. 1966tik aurrera, hizkuntza formal eta kolore urriko margolan sail bat egin zuen, eta “modulu infinituen” kontzeptua esploratu zuen; bere lanak hainbat modutara konfiguratzeko aukera eman zion berriro horrek.

Urte hartan bertan, minimalisten lanak aurkeztu ziren Jewish Museumeko Primary Structures: Younger American and British Sculptors erakusketan, eta, Sanchez bat etorri zen haien ideietako batzuekin. Sánchezek, zeinak “mulata minimalista” deitzen baitzion bere buruari, bere filiazio abstraktu minimalista aitortu zuen, baina azpikoz gora jarri zituen estilo horren kodeak, gorputz-dimentsio nabarmen bat txertatuta. Haren mihise formadunak (shaped canvas), Kubako paisaien oroitzapenean inspiratuak, nabarmenki erotikoak dira: Eros (1976–88) eskulturak emakume gorputz baten kurbak iradokitzen ditu, edo maitasun-topaketa baten sentsualiatea. Sánchezek, bere lanei buruz hitz egitean, “gorputzak” zirela esaten zuen, “larruak” balira bezala zabaldutako mihiseak.

Borroka feministetan zuzenean parte hartu ez arren —1971n, New York utzita, San Juan de Puerto Ricon jarri zen bizitzen—, haren margolan sailetako askok emakume-heroismo hezigaitza dute ospatzen, haien izenburuek erakusten dutenez: Troiarrak, Amazonak, Joana Arcekoa, Antigona. 1971n, bere lanetako batek Dolores Pridaren “Women of the Hour: Cosmic Feminist Poetry” poema ilustratu zuen, La Nueva Sangre aldizkarian.

1984an, Puerto Ricoko Emakume Artisten Elkartea sortu zuen beste kide batzuekin batera. Sánchezen lana 1960ko eta 1970eko hamarkadetan aurkeztu zen Puerto Ricon, baina hainbat erakusketa egin zituen New Yorken ere (Zegri Galleryn 1966an, Sarduy Galleryn 1969an, INTAR Latin American Galleryn 1984an, eta Artists Spacen 2013an). 1970, 1984 eta 1985. urteetan, Solomon R. Guggenheim Museumek atzera bota zituen haren beka-eskariak. 2019an, bere lehen atzera begirakoa aurkeztu zuen, Washingtoneko Phillips Collectionek, eta merezitako ospea lortu zuen horrela, hirurogeita hamar urte baino gehiagoko ibilbide oparoaren ondoren.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

PDF-a JAITSI