Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Mary Ellen Bute

Jonathan Pouthier

Izenburua:
Mary Ellen Bute
Egilea:
Jonathan Pouthier
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Enkoadraketa | Artea eta musika | Artea eta teknologia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Erritmoa | Geometria | Kolorea | Lan-prozesua | Mugimendua | Soinua | Museum of Modern Art (MOMA) | AEB | New York | Ted Nemeth | Vasily Kandinsky | Aaron Copland | Don Gillis | Edwin Gerschefski | Joseph Schillinger | Léon Theremin | Sinestesia | Elektronika | Optika | Matematika | Zinema
Artelan motak:
Animazioa | Ikus-entzunezkoa
Aipatutako artistak:
Bute, Mary Ellen

1906, Houston (TX, AEB) – 1983, New York (NY, AEB)

Mary Ellen Bute, Estatu Batuetako zinemako abangoardiaren aitzindaria, funtsezko artista izan zen haren historian. Hain zuzen ere, AEBko zinema abstraktuko lehen zinemagile emakumezkoa izan zen, 1930ean, eta aitzindaritzat hartua da, halaber, ikonografia elektronikoarekiko esperimentazioan. Harengan eragin nabarmena izan zuten Joseph Schillinger musikagile eta teorialariarekin eta Theremin errusiar ingeniari eta asmatzailearekin izandako topaketek, Vasily Kandinskyren obrak eta Oskar Fishingerren zinemak, eta, eragin haietatik abiatuta, ikasketaz argiztapen-teknikari zen margolari honek erritmo bisualen eta soinu-erritmoen sintesi bat egiteko aukera ikusi zuen irudi mugimendudunean.

Argia, forma, mugimendua eta musika erabiliz enkoadratzearekin elkarreragiten duten elementu dinamiko modura, Butek bere ingurunearen propietate sinestesikoa ikertu zituen bere filmetan, musika bisual berri baten oinarriak formulatzeko.

Tarantella, 1940an sortua zinemagilearen beraren jatorrizko marrazki sorta batetik abiatuta, haren ikerketa plastikoen luzapena izan zen; hain zuzen ere, kolorearekiko esperimentaziorako luzapena. Animaziozko film hura, zeinaren izenburua baitator Italia hegoaldeko herri-dantzaren izenetik, forma abstraktuen eta geometrikoen errepertorio baten bilgune da (diskoak, lerroak, triangeluak…), zeinak mugitzen baitira aske, uniformeki koloreztatutako hondo batzuetan, Edwin Gerschefskiren konposizio musikal baten erritmoan.

Butek matematikarekiko eta teknologia berriekiko interes bizia baitzuen, animaziozko teknika tradizionalen eta elektronikoki sortutako konposizioaren arteko hibridazio ordura arte ezezaguna egin zuen Abstronic (1952) filmean. Osziloskopioa, Bell laborategietan fabrikatua, tresna ideala da, Buteren aburuz, efektu bisualen gaineko bere ikerketetan sakontzeko: “argi-arkatz benetakoa”, esan zuen. Zinemako film batean fotografiatuta, atzealdea betetzen duten konposizio abstraktuen sorta batean inprimatuta erreproduzitzen dira seinale elektrikoaren distortsioak. Gai horiek, zeinak dinamizatzen baitute planoaren gainaldea beren uhindura elektrikoekin, Aaron Coplanden eta Don Gillisen doinu musikal alai eta arinen arabera mugitzen dira.

Aitzindaria eta erabakigarria izanik ere, Buteren obra abangoardiako zinemaren historiak ahantzita egon da urteetan. 1940tik aurrera New Yorkeko MoMara gonbidatutako emakumezko zinemagile bakarra izan da —europar artista garaikideekin batera aurkeztu zituen han bere lanak—, eta ikusi zuen nola proiektatzen zituzten bere filmak herrialdeko areto komertzialetako aurre-programa modura, publiko zabalaren aurrean; Ted Nemeth senar eta lankidearen laguntzaz, zinema abstraktuaren sustatzaile handi eta aktiboenetakoa izan zen Bute.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

PDF-a JAITSI