katalogoa
Lillian Schwartz
Jonathan Pouthier
- Izenburua:
- Lillian Schwartz
- Egilea:
- Jonathan Pouthier
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
- Neurriak:
- 22,5 x 30
- Orrialdeak:
- 350
- ISBN:
- 978-84-95216-93-9
- Lege gordailua:
- BI-01621-2021
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Artea eta musika | Artea eta pertzepzioa | Artea eta teknologia | Artea eta zientzia | Artearen demokratizazioa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Kolorea | Mugimendua | Erakusketak | E.A.T. taldea | Museum of Modern Art (MOMA) | AEB | New York | Piet Mondrian | Kenneth Knowlton | Max Mathews | Richard Moore | Optika | Efektu estroboskopikoa | Ordenagailuak | Zinema
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Arte Digitala | Arte Zinetikoa
- Artelan motak:
- Animazioa | Ikus-entzunezkoa
- Aipatutako artistak:
- Schwartz, Lilian
1927, Cincinnati (OH, AEB)
Lillian F. Schwartz ordenagailuz lagundutako ikusizko esperimentazioaren (Computer Art) aitzindarietako bat izan zen. 1970eko hamarkadan, film abstraktu batzuk egin zituen, ikusmen-erregimen berri baten agerpenean ordura arte inoiz ikusi gabeko aukerak ikusten uzten zituen teknologia —artean esperimental— baten potentzial formala aztertzen zutenak. Artista estatubatuar hau, jatorri xumeko familia ugari batean hazia eta gerraosteko Japonian erizain ibilia, marrazketaren eta pinturaren alorretan aritu zen hasieran, 1960ko hamarkadan bere jarduera Arte Zinetikora bideratzea erabaki aurretik. Gogotsu jardun zuen New Yorkeko eszena artistikoan; besteak beste, harremanak izan zituen E.A.T. (Experiments in Art and Technology) taldearekin, eta 1968an, MoMAk antolatutako The Machine as Seen at the End of the Mechanical Age erakusketan parte hartu zuen. Urte hartan bertan, New Jerseyko Bell laborategietako talde zientifikoetako kide izendatu zuten, modu ofiziosoan. Bera izan zen, beraz, talde horietan jardun zuen lehen emakume artista.
Kenneth Knowlton (infografian aitzindaria) eta Max Mathews (ordenagailuz lagundutako musikaren aita pontekoa) programatzaileekin elkartuta, Schwartzek bitarteko berri horren mugak aztertu zituen, eta irudi bizidunen propietateetara hedarazi haren aplikazioak. Haren 16 mm-ko filmak, ingurune teknologiko horrek eskaintzen zion paleta grafikotik abiatuta sortuak, teknologia digital berrien eta animazio analogikoko zinemaren tekniken arteko bidegurutzean kokatutako esperimentu hibridoak ziren. Ordenagailuz sortutako motibo abstraktuak lauki batean sartuta geratzen ziren, hainbat efekturen eraginpean jarrita eta errebelatu optiko bidez biderkatuta, artistak berak muntaketa-mahaian muntatu aurretik.
Haren Enigma (1972) filma, Pixillation (1970) eta UFOs (1971) lanen ondotik filmatua eta komunitate zientifiko eta artistikoaren aintzatespena jaso zuena, esperientzia bisual ia haluzinagarritzat jo daiteke. Oinarrizko forma geometriko batzuetatik sortutako motibo abstraktu batzuk (lerroak, laukizuzenak) planoaren gainazalean hedatzen diren bitartean, inspirazio modernoko konposizio hori (Piet Mondrianenak gogorarazten ditu) irudiaren klisken (flicker) efektu estroboskopikoen eraginpean geratzen da pixkanaka, bariazio kromatikoekin eta Richard Mooreren soinu-banda baten doinu elektroniko eta esperimentalekin batera nahastuta. Schwartzek, zeinarentzat ordenagailua artista ororen lan-tresnen bilakaera naturalaren parte baitzen, hiztegi ikonografiko abstraktu berri baten —haren hitzetan esateko, “puntillismo teknologiko” baten1— oinarriak formulatu zituen bere filmen bidez, eta, horrela, zalantzan jarri zituen pertzepzioaren mekanismo fisiologikoak eta psikologikoak, paradigma teknologikoko aldaketa aro baten erdian.
[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]