Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Lygia Pape

Laure Chauvelot

Izenburua:
Lygia Pape
Egilea:
Laure Chauvelot
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Artea eta musika | Artea eta pertzepzioa | Artea eta politika | Artea eta umorea | Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Kolorea | Parte hartzeko artea | Erakusketak | São Pauloko Bienala | Grupo Frente | Grupo Ruptura | Feminismoa | Antzerkia | Balleta | Dantzariak | Brasil | Poesia | Liburuak | Ferreira Gullar | Gabriel Artusi | Ivan Serpa | Max Bill | Mário Pedrosa | Reynaldo Jardim | Zentzumenak | Dimentsioa
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte Konkretua | Kubofuturismoa | Neo-Konkretismoa
Artelan motak:
Eskultura | Instalazioa | Pintura
Aipatutako artistak:
Clark, Lygia | Pape, Lygia

1927, Nova Frigurgo (Brasil) – 2004, Rio de Janeiro (Brasil)

Lygia Papek ez zuen prestakuntza artistikorik 1940ko hamarkadaren amaieran Brasilen —herrialdeko urbanizazio- eta industrializazio-prozesuak bultzatuta— Arte Konkretua hedatzen hasi zelarik. Garai hartan, arte modernoko museo handi bana sortu zen Rio de Janeiron eta São Paulon, eta garrantzi handiko erakusketak antolatu ziren: Do Figurativismo ao Abstracionismo 1949an, edo Max Bill 1950ean. 1951n, São Pauloko lehen Bienalak nazioarteko arte eszenan kokatu zuen behin betiko Brasil. 1950eko hamarkadaren hasieran, Pape harremanetan sartu zen gerora Grupo Frente taldea izango zenaren kideekin (Iván Serpak sortu zuen taldea, 1954an). Abstrakzio konkretu, geometriko eta objektibo baten kodeak bereganatuz, talde horrek —Mário Pedrosa kritikariaren laguntzaz bereziki— alde batera utzi zuen —São Pauloko Grupo Ruptura taldeak bezala— Brasilgo arte modernoak 1930eko hamarkadatik bere eginak zituen folklorea eta nazionalismoa.

1954tik aurrera, Erliebeak (Relevos) saileko lanekin —Bideen liburuak (Livros dos Caminhos, 1967) da ezagunenetako bat—, zalantzan jarri zuen gainazal piktorikoaren dimentsio-bitasun tradizionala, partzialki margotutako kubo txiki batzuk hondo monokromo batean kokatuta. Obra horiek —begiralearen ikuspuntuaren arabera itxura bat edo beste hartzen baitute— handik aurrerako haren lanaren zentzumen-aniztasuna iragarri zuten.

1958an, Ballet Neoconcreto I lanarekin, Papek barregarri utzi nahi izan zuen Arte Konkretua, intelektualegi iritzita. Reynaldo Jardimen olerki batean oinarrituta, ballet horrek azken ondorioetara eraman zituen errusiar artista kubofuturistek antzerkiaren arloan izandako esperientziak: dantzarien gorputzak desagertu egiten ziren Gabriel Artusiren musikaren doinura mugitzen ziren zortzi zutaberen (lau zuri eta lau laranja) artean.

Urtebete geroago, Papek Ferreira Gullarren Manifesto Neokonkretua sinatu zuen, Lygia Clark eta beste hainbatekin batera. Azken horrek, Grupo Rupturaren arrazionalismo formala baztertu, eta artearen planteamendu fenomenologiko, esperimental eta subjektiboa sustatu zuen. Paperen Sorkuntzaren liburua (Livro da Criação) lanak Gullarren “ez objektu” gisa ilustratzen du artelana, ezin hobeto ilustratu ere: “Izen horrek ez du antiobjektu bat izendatzen, esperientzia sentsorialen eta mentalen sintesi bat egiteko baliatu nahi den objektu berezi bat baizik”1. Izan ere, obra horrek hainbat esperientzia sentsorial konbinatzen ditu forma geometriko funtsezko, abstraktu eta sinbolikoen hiztegi batean oinarritutako liburu-poema batean. Izenburuak bera zentzu bikoitza hartzen du kasu honetan: munduaren sorrera kontatzen duen liburu hori, erabilia izateko sortua, unean uneko sorkuntzaren liburua ere bada.

Obra ikusten dutenek sorkuntza-ekintzan bertan parte hartzen dute, beren subjektibotasun indibidualaren arabera aukeratzen baitute istorio hori kontatzeko antolakuntza formal egokiena. Abstrakzioa, beraz, esperientzia sentsorial unibertsal bihurtzen da Paperen lanean, epidermização (epidermizazio) fenomenoa lortzeko beharrezko adimena gaindituz. 1970eko hamarkadan genero-estereotipoak salatuz egindako lanak gorabehera, Papek ez zuen onartu bere lana arte feministarekin lotu zezaten, eta nahiago izan zuen kritika instituzional baten zerbitzura jarri, 1964az geroztik diktadura militarra bizi zuen Brasil hartan.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Ferreira Gullar, “Teoria do Não-objeto”, Jornal do Brasil, 1959ko abenduaren 20ko gehigarria; hemen berrargitaratua: Glória Ferreira (zuz.), Arte contemporáneo brasileño: documentos y críticas, Santiago de Compostela, Artedardo, 2009.

PDF-a JAITSI