katalogoa
Georgiana Houghton
Simon Grant
- Izenburua:
- Georgiana Houghton
- Egilea:
- Simon Grant
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
- Neurriak:
- 22,5 x 30
- Orrialdeak:
- 350
- ISBN:
- 978-84-95216-93-9
- Lege gordailua:
- BI-01621-2021
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Emakumea artean | Argazkigintza | Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Kolorea | Lerroa | Erakusketak | Erretratua eta autorretratua | Espiritualtasuna | Kristautasuna | Sinbolismo erijiosoa | Loreak | Londres | Abbott McNeill Whistler | Anna Mary Howitt | Claude Monet | Espiritismoa | Traszendentzia
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Arte Figuratiboa
- Teknikak:
- Akuarela | Gouache | Marrazkia
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Houghton, Georgiana
1814, Las Palmas (Kanaria Handikoa) – 1884, Londres (Erresuma Batua)
Georgiana Houghton espiritista eta artista medium emankorra zen; 1860ko hamarkadatik 1870ekoaren hasieretaraino jardunean aritu zen eta mugimenduko figurarik gailenetakotzat nagusitu zen. 1859an interesatu zen lehendabizi espiritismoaz, bere lehengusuetako batek Marshall andrea esaten zioten medium ospetsu bat aurkeztu zionean. Houghtonek hezkuntza artistikoa izan zuen (Frantzian ikasiko zuen, beharbada) eta hainbat urte zeramatzan argazkigintzan jardunean, baina saiorako prestatutako gela ilunaren erakarmena sentitu zuen. Han egin zituen bere lehenengo marrazki espiritistak, hasieran oholtxo baten bitartez, eta, gero, esku hutsez. Espirituek berehala gidatu zuten haren eskua; Houghtonek bere “lagun ikusezinak” deitzen zien, eta haien artean ahaideak eta Errenazimentuko artistak agertzen ziren. Haren marrazki espiritistak lore-konposizio figuratiboak ziren hasieran. Hala ere, Houghtonek, ez zuen denbora asko behar izan mintzaira bisual propio bat garatzeko, eta imajinatu zuen kolore-sistema konplexu bat, ez bakarrik aldarte partikularretara igortzen zuena, aitzitik, haren uste sakon milenaristetan inspiratuta, sinbolo kristauen aipua ere egiten zuena, zeinaren zati bat Hirutasun Santuari baitzegokion gehienbat. Obra horiek askotarikoak ziren: sorburua espirituen munduan duten figuren errepresentaziotik bere adiskideen “erretratu” espiritualetaraino. Haren marrazki espiritistak, akuarelaz eta gouachez eginak, erditrantzeko egoeran egiten zituen sarritan, prestakuntzazko marrazkirik gabe, eta haietariko batzuek sei hilabeteko lana ere behar izan zuten1.
Houghtonen obrak eboluzio handia izan zuen bere marrazki espiritistak sortu zituen hiru hamarkadetan zehar. Haren lehenengo lanen ezaugarri nagusia estilo figuratibo eta lorezkoa baldin bazen, haren mintzaira bisuala abstraktuagoa bilakatu zen itxuraz, konplexuagoa eta sofistikatuagoa, 1860ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, Bakearen espiritua (The Spirit of Peace, 1865) izenburua duen marrazkian ikus daitekeen bezala, non ikusten baitira jadanik lerro bihurrituak, puntuz egindako tarteak eta hurrenez hurreneko geruza bereizgarrietan aplikatzen dituen gouache eta akuarela marra delikatuki eginak. Marrazki horiez gainera, Houghtonek bere garaiko pertsonen “erretratu” abstraktuen sail bat egin zuen aldi berean.
Annie Mary Howitten koroa espirituala (The Spiritual Crown of Annie Mary Howitt, 1867) forma eta lerro margotuzko atzealde abstraktu baten gainean gainjartzen diren zirkulu gris ilun eta zuri mordo batez osatuta dago. Esan liteke Houghtonek azaldu nahi zuela ezen zenbat eta intimoagoa izan bere modeloarekiko zuen adiskidetasuna orduan eta markatuagoak eta trinkoagoak zirela bere erretratuetako lerroak. Urteen joanean, Houghtonen paleta ilundu egin zen, marrazki berantiar batek agerian jartzen duen bezala; 1872 inguruan egindako marrazki horretan buru itxurako masa bat sortu zuen gouache zuriko lerro elkarri lotuen, espiralen eta boluten bitartez, tonalitate marroietan lausotutako lerro lodiz estalitako atzealde batetik ageri direnak.
Bere garaiko artista espiritisten tradizioari jarraiki, Houghtonek arreta berezia jartzen zion mundu material agerikoaren eta haraindiko espirituen mundu ikusezinaren arteko loturari. Bere anbizio espiritistak elikatzen zituzten arrazoiak artista gisa bere burua ezagutarazteko borondatearekin konbinatu zituen, eta bai zehaztu ere 1871n Londresen bere 155 obra bildu zituen erakusketa batean. Gertakari hark oihartzun zabala izan zuen prentsa nazionalean eta espiritistan, eta kritikaren zati baten harrera positiboa ere izan zuen. Gertaera horien garaian, Londresko eszenan ekoitzi ziren obrarik erradikalenak Claude Monetek pintatutako Tamesisen koadroak eta James Abbott McNeill Whistleren Nokturnoak (Nocturnes) saila ziren.
[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]