Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Bice Lazzari

Paola Ugolini

Izenburua:
Bice Lazzari
Egilea:
Paola Ugolini
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Arkitektura | Artea eta denbora | Artea eta espazioa | Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Erritmoa | Geometria | Materiala | Dekorazio-arteak | Lankidetza artistikoa | Espiritualtasuna | Bigarren Mundu Gerra | Erroma | Venezia
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua
Teknikak:
Gouache
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Lazzari, Bice

1900, Venezia (Italia) – 1981, Erroma (Italia)

Bice Lazzari Veneziako goi-burgesiako enpresario eta arkitektoen familia batean sortu zen, eta artista bakartua eta bakartia izan zen. 1916an, Veneziako Arte Ederren Eskolan matrikulatu zen, eta dekorazioko eskolak hartu zituen, ez, ordea, pinturakoak, “familia oneko andereño batentzat” desegoki jotzen baitziren, aurrez aurreko biluziak marrazten zirelako eskola haietan. 1925etik aurrera, artista gisa lan egin zuen arte aplikatuen esparruan; izan ere, garai hartan, huraxe zen bere lanetik bizitzeko eta ekonomikoki senarraren mende ez egoteko askatasuna irrika zuen emakume artista batek eskuragarri zituen irtenbide profesional apurretakoa. “Gure ahaleginak bihar utziko du arrastoa denboraren joanean”1, dio Lazzarik. Arte aplikatuek —berrikuntzaz beteak eta esperimentu estilistikoei irekiak– askatasuna ematen diote apaindura-arte modernoen joera eta orientazio ez-figuratiboak praktikan jartzeko eta ikertzeko. Lazzarrirentzat, 1930eko hamarkadaren amaierara arte abstrakzioa ez zen oraindik aukera intelektual eta programatiko kontzientea, tradizioarekiko haustura zehazteko bitartekoa, baizik eta, gehiago, barne-dekorazioko estilo moderno eta funtzional zail baina beti apaindurazko baten emaitza nabarmen abangoardista.

1935ean, Erromara aldatu zen Lazzari, eta han jarraipena eman zion orduko arkitekto eta dekoratzaile onenekin bideratu zuen lankidetza oparoari. Gerraren ondoren, 1949an, heldu zion berriro pinturari, enkarguekiko mendekotasunik gabe. Berrogeita hamarreko hamarkadan egin zituen obrak “[…] italiar pintura informalaren adibide baliotsuenetakoa dira2”.

1959az geroztik, erabat materikoa bihurtu zen Lazzariren pintura, material berriak erabiltzeari esker, hala nola itsasgarria, harea eta gouachea. Beltza eta bioleta (Nero e viola) aldi oparo haren adibide bikaina da: obra bat, non konbinatzen baitu artistak zeinuaren arintasuna eta mihisean zuzenean espatulaz landutako gouachearen loditasun oretsua. 1970 eta 1971 bitartean, Lazzarik goitik behera aldatu zuen bere erregistro piktorikoa, eta pintura akrilikoa, jariotsuagoa eta distiratsuagoa, soilik erabiltzen hasi zen. Hogeiko hamarkadaren erdialdean abiatutako ikerketa horren ildotik egindako obra abstraktu adierazgarrienak hamarkada haren hasierakoak dira. Zeinua modu obsesibo eta erritmikoan errepikatzen da, eta konposizioak, soiltasun geometrikoa gorabehera, ukitu liriko berdingabe eta originala du. Lazzariren heldutasuneko obrak oreka formaleko ariketa bikaina dira, zeinetan zeinuak erritmikoki laguntzen baitio mihisearen espazioari, eta ikuslearen begirada erakartzeko ahalmen berezia dute espazioaren, denboraren eta neurriaren artean ezarritako ekuazio perfektu horren bidez.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Bice Lazzari, Ohar autobiografikoak, Bice Lazzari artxiboak, Erroma.
  2. Guido Montana, Bice Lazzarik Erromako Il Bilico galerian egindako erakusketako katalogoaren sarrera, Erroma, 1965.

PDF-a JAITSI