Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Carmen Herrera

Domitille d'Orgeval

1915, Habana (Kuba)

Carmen Herrerak, kubatar jatorriko estatubatuar margolari abstraktuak, New York du bizileku eta lantoki. Ehun eta bost urteak beteak izan arren, 2016. urtera arte itxaron behar izan zuen lehen atzerabegirako instituzionala aurkezteko, New Yorkeko Whitney Museum of American Arten. Zer dela-eta hain beranduko aitorpena? Herrera Habanan jaio zen, kazetari familia batean, eta arkitektura-ikasketak egiten hasi zen unibertsitatean. 1940ko hamarkadaren hasieran, New Yorkeko Art Students Leaguen matrikulatu zen. Haren senarra, Jesse Loewenthal, letretako irakasle zen han. Aurrerago, 1949 eta 1954 artean, Parisen egin zuen egonaldia erabakigarria gertatu zen haren ibilbidean: izan ere, geroztik bertan behera utzi zuen figurazioa, abstrakzio geometrikoaren mesedetan. Haren lehen konposizio geometrikoak —hala nola Koloretako hegaldia, 16. zk. (Flight of Colors # 16, 1949) izenekoa, pintzelkada sendoz egindakoa, beste lan batzuetan bezala kurba- eta angelu-jokoa azpimarratzen zuena— kolore-kontraste urrikoak ziren. Lan horiek 1950eko hamarkadaren hasierako lan erradikalen aitzindariak izan ziren, zeinetan artistak zuri-beltzaren eta konposizio geometriko soilen alde egin zuen, angelu zuzena bakarrik erabiliz. Parisen egon zen garaian, Herrerak urtero jarri zituen ikusgai bere lanak Errealitate Berrien Aretoan. Sarritan joaten zen Saint-Germain-des-Présera eta Montparnassera, eta lagunak egin zituen hango mundu intelektual eta artistikoko kideen artean, hala nola Marie Raymond eta Fred Klein, bai eta Jean Genet ere.

New Yorkera itzulita, Espresionismo Abstraktua nagusi zen garai batean, Herrera gogor borrokatu behar izan zen gizonen mendeko ingurune artistiko hartan leku bat izateko: “Inork ez zidan kasurik egiten […]. Gizonek dena kontrolatzen zuten, eta emakume artista ezagunak gaizki ikusita zeuden”1. Paradoxa badirudi ere, laidorik bortitzena emakume batek egin zion. Rose Fried galeristarengana aholku eske joan zen batean, hala erantzun zion hark: “Oso gustuko dut margotzen duzuna, baina ezin dizut aukerarik eman, emakumea zarelako”2. 1960 eta 1970eko hamarkadetan, Ellsworth Kelly eta antzeko artisten eskutik hard-edge pintura nagusitu zenean, Herrerak itzalean segitu zuen. Ikusgaitasun falta horregatik minduta, 1971n bat egin zuen Women in the Arts Foundation elkartearekin, eta 1973an, elkarte horrek New York Cultural Centren antolatutako Women choose Women erakusketan parte hartu zuen, beste 108 emakumerekin batera.

Bere artista-ibilbidean zehar, Herrerak Latinoamerikako arte-erakusketa batzuetan ere parte hartu zuen. Museo del Barriok 1998an antolatu zuenak (Carmen Herrera: The Black and White Paintings, 1951–1989) inflexio-puntu bat markatu zuen, 2004an Manhattango Latin Collector Galleryn egin zenak bezala: Concrete Realities: Carmen Herrera, Fanny Sanin and Mira Schendel. Izan ere, azken erakusketa horretan, Mondrianekin, Kellyrekin eta, batez ere, Lygia Clark eta Hélio Oiticica artista brasildar neokonkretuekin erlazionatu zen haren lana. Gaur egun, Herreraren lanak New Yorkeko MoMA, Washingtongo Hirshhorn Museum eta Londresko Tate Modern museoetan daude ikusgai.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Carmen Herrera, hemen: Simon Hattenstone, “Carmen Herrera: Men controlled everything, not just art”, The Guardian, 2016ko abenduak 31; ikus https://www.theguardian.com/p/5h25m/sbl.
  2. C. Herrerak Hermione Hobyri, hemen: Dana Miller, “Carmen Herrera: Sometimes I win”, hemen: Carmen Herrera, Lines of Sight, erak. kat., New York, Whitney Museum of American Art, 2017, 39. or., 36. zk.

PDF-a JAITSI