Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Monir Shahroudy Farmanfarmaian

Rose Issa

1924, Qazvin (Iran) – 2019, Teherán (Iran)

Monir (ezkontaurreko izenez, Mah-Monir Shahroudy), Qazvinen (Iran) jaioa bera, zazpi urteko neskatoa zen familiarekin hiriburura, Teheranera, bizitzera joan zelarik. Urte batzuk geroago, Arte Ederren ikasketak egin zituen hango unibertsitatean. Hiru lagun “zaintzaile” gisa hartuta —senar izango zuen Manoucher Yektai margolaria tartean—, New Yorkera joan eta, ingurukoek animatuta, Parsons School of Design eskolan matrikulatu zen. 1950eko hamarkadaren hasiera zen, eta neska gazteari, oso emakume ederra bera, abegi ona egin zioten New Yorkeko artista eta bildumagileek. Izen handiko artista asko ezagutzeko aukera izan zuen orduan: Jackson Pollock, Joan Mitchell, Willem de Kooning, Mark Rothko, Barnett Newman eta Alexander Calder. Baita, geroago, Andy Warhol ere, Bonwit Teller saltoki handietarako lanean ari zirela biak.

1957an, Abol-Bashar Farmanfarmaian nazioarteko abokatuak Iranen berarekin elkartzera gonbidatu zuen Monir (dibortziatua eta alaba baten ama ordurako), eta era guztietako laguntza eskaini zion arlo artistikoan, ekonomikoan eta emozionalean. Bere senar bilakatuko zen gizon horren erabateko babesak aukera eman zion herrialdean zehar ibili, tribuen artisautza ezagutu, monumentu eta meskitak bisitatu, eta kafetegietako pintura herrikoien, kristal gaineko margolanen eta artisau-harribitxien bildumak egiteko. Shirazera egindako bisita batean, eta Shah-Cheragheko santutegiko ispilu mosaiko tradizionalen edertasun txundigarriak eta islek zeharo liluratua utzi zuten. Izan ere, gurtza-tokietan obra figuratiboak erakusteko debekuaren erantzun gisa, islamiar motibo geometriko abstraktuen mugagabeko apaindura-oparotasunak gainezka egiten du meskita eta otoitz-lekuetan. Handik aurrera, haren obrak, gehienbat lore eta txorien marrazkiez eta grabatu naturalistez osatua ordura arte, apaindura abstrakturako bidea hartu zuen, Irango arkitekturaren motibo geometrikoetan oinarrituta. Eboluzio horren ondorioz, oso estilo pertsonala sortu zuen, non marrazkiak, ispilu mosaikoak eta kristal gaineko pintura nahasten ziren. 1970eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, bere obrak behar besteko sendotasuna bazuela ikustean, New Yorkeko Jacques Kaplan eta Parisko Denise René galerietan jarri zituen ikusgai bere lanak.

1979ko Iraultza Islamikoaren kariaz, bertan behera utzi behar izan zuen bere ekoizpen artistikoa Iranen, senarraren egoitza eta negozio komertzialak konfiskatuak izan zirenez gero. New Yorkera erbesteratua, hurrengo bi hamarkadatan etxeko lanetan jardun zuen, negozioetarako sen berezia zuen etxekoandre aurreztaile bihurtuta. Amonaren papera ere bete zuen, eta Frank Stellaren lagunarena, alargundu aurretik. Garai hartan, enkarguak urriak izan ziren, eta are urriagoak erakusketa kolektiboak. Hala, Monirren orduko praktika artistikoak gaztaroko marrazkiak (natura, loreak, txoriak) berreskuratu zituen, bai eta formatu handiko eskulturak proiektatzeko erabiliko zituen maketa txikiak ere. Lan horiek, eta oihal eta ilustrazio zaharrekin eta egunkari-ebakinekin egindako kutxa oso pertsonal batzuk ere1, 1970eko hamarkadako beste zenbait lanekin batera, ikusgai dira orain Londresko Barbican Centren2.

2004an, Victoria and Albert Museumen enkargu batek, 2006rako aurreikusita zegoen Arte Islamikoen Sailaren inaugurazioaren kariaz egina, Teheranera itzultzeko eta garai bateko artisau-taldearekin lan egiteko aukera eman zion. Gainera, Teherango Niavaran Kultur Zentroak banakako erakusketa bat antolatu zion, eta bere lanari eskainitako lehen monografia argitaratu zioten3. Geroztik, Monirrek jada ez zuen bere herrialdetik alde egiteko aukeran pentsatu. Gainerakoa historia da. Behin bakarrik bueltatu zen New Yorkera, 2015ean, Solomon R. Guggenheim Museumek antolatu zion lehen bakarkako erakusketa zela eta4. Handik gutxira, bere obrari eskainitako museo bat —Teherango Monir Museoa— duen lehen emakume iraniarra bihurtu zen Monir Shahroudy.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Monir Shahroudy Farmanfarmaian: Heartaches, Teheran, Nazar Research and Cultural Institute, 2007.
  2. Iranian Contemporary Art, Londres, Barbican Centre, Booth-Clibborn, 2001.
  3. Rose Issa (ed.), Monir Shahroudy Farmanfarmaian: Mosaics of Mirror, Teheran, Nazar Research and Cultural Institute, 2006.
  4. Erakusketak Portoko Fundação Serralvesen izan zuen lehen egoitza, 2014an, AEBen arantzel-araudiak ez baititu Iraneko produktuen zuzeneko inportazioak baimentzen.

PDF-a JAITSI