Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Ida Lansky

Julie Jones

1910, Toronto (Kanada) – 1997, Dallas (TX, AEB)

Ida Lansky, sortzez kanadarra, New Yorken finkatu zen 1928an, eta, New Yorkeko Unibertsitatean, Brooklyn Jewish Hospitalen eta Cornelleko Unibertsitatean ikasketak egin ondoren, Osasun Publikoko diploma eskuratu zuen. Dentonera aldatu zen, Texasera, eta bost urtez aritu zen Dentoneko Texas Women’s Universityn ikasten (1954–59 bitartean), unibertsitate haren Visual Art Studies Program programaren barruan.

Argazkilaritzan espezializatu zen Carlotta Corpronekin. László Moholy-Nagy eta György Kepesek Chicagoko New Bauhausean egindako irakaspenen tradizioari jarraituz, Corpronek lehengai gisa interpretatu zuen argia, eta ingurunearen planteamendu esperimentala sustatu zuen (fotogramak, distortsioak, solarizazioak, fotomuntatzeak…).

Andreas Feiningerren eta Heinz Hajek-Halkeren irudien eraginpean, halaber, gaia bigarren mailan uzten duten irudiak landu zituen Lanskyk: haren obra batzuk figuratibotzat hartzen jarrai baliteke ere —batzuetan, izenburuaren laguntzaz ezagutzen dira leihoa, uraren islak, objektuak edo arkitektura elementuak—, abstrakzioaren aldeko apustua egiten du artistak ia beti.

Argi-itzalen jokoak interesatzen zaizkio, batik bat. Hautu hori bereziki nabarmentzen da fotomuntatzeen eta fotogramen sailetan —argazkilaritzako tresnarik gabe egindako irudiak—, non eraikitzen baititu askotariko konposizioak objektuen bidez (arropa esekitzeko pintzak, amianto-hautsa…), objektuak paper fotosentikorraren gainean jarriz. Orobat egin zituen argazki harrigarriak irudia errebelatzean argazki-emultsioa erretikulatuz.

Ikasketak amaitutakoan, 1959an, haren lanari buruzko erakusketa monografikoa egin zuen San Frantziskoko Gateway Galleryk (Camera Abstractions by Ida Lansky). Eta, urte hartan bertan, Henry Holmes Smith argazkilariak Indianako Estatu Unibertsitateko Art Center Galleryn (Bloomingtonen) antolatutako Photographer’s Choice erakusketan ere parte hartu zuen. Carlotta Corpron, Minor White, Clarence John Laughlin, Ansel Adams, Frederick Sommer, Harry Callahan, Van Deren Coke eta garai hartako argazkilaritzaren esparruko beste irudi ospetsu batzuen argazkiekin batera egon ziren ikusgai Lanskyren esperimentuak.

Azken erakusketa 1960an egin zuen, Dallasko Black Tulip Galleryn (Photographs by Ida Lansky). Harrezkero, argazkilaritza alde batera utzi, eta liburuzaintzako ikasketak hasi zituen Texas Women’s Universityn. Ibilbide laburra egin zuen argazkilaritzan, beraz, baina Ipar Amerikako eta Europako hainbat bilduma pribatutan jasota daude haren argazki-abstrakzioak, baita erakunde publikoetan ere, honako hauetan besteak beste: Amon Carter Museum of American Art (Forth Worth, TX), El Paso Museum of Art (Dallas) eta New Yorkeko Liburutegi Publikoa.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

PDF-a JAITSI