katalogoa
Rosemarie Castoro
Laure Chauvelot
- Izenburua:
- Rosemarie Castoro
- Egilea:
- Laure Chauvelot
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
- Neurriak:
- 22,5 x 30
- Orrialdeak:
- 350
- ISBN:
- 978-84-95216-93-9
- Lege gordailua:
- BI-01621-2021
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Giza gorputza | Artea eta espazioa | Artea eta gizartea | Artea eta emozioa | Artea eta umorea | Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Mugimendua | Erakusketak | Pratt Institute | Tibor de Nagy galeria | Centre Pompidou | MAMCO | Feminismoa | Dantza | New York | Carl André | Jan Dibbets | Lawrence Weiner | Richard Long | Robert Smithson | Sol Lewitt | Lucy Lippard | Yvonne Rainer | Berdintasuna | Sexismoa
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Arte Kontzeptuala | Minimalismoa
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Castoro, Rosemarie
1939, New York (NY, AEB) – 2015, New York (NY, AEB)
New Yorkeko Pratt Instituten Diseinu Grafikoko ikasketak egiten ari zen bitartean, dantza garaikide esperimentalera hurbildu zen Rosemarie Castoro, eta Yvonne Rainerren koreografia batzuetan parte hartu zuen. Lizentzia eskuratutakoan, buru-belarri pinturan jardutea erabaki zuen. Bere obretan, ordea, beti adierazi zuen mugitzen ari den gorputzarekiko interes berezia. 1960ko hamarkadaren hasieran, mugimendu kontzeptualarekin eta minimalistarekin bat egin zuen, eta harreman estua izan zuen haien ordezkariekin. 1961etik 1970era, Carl Andrerekin bizi izan zen, eta Lawrence Weiner, Richard Long, Sol LeWitt, Robert Smithson eta Jan Dibbetsekin agertzen da 1969ko argazki batean. 1971n, egurrezko panel autoportante batzuk aurkeztu zituen Tibor de Nagy Galleryn, grafito-muturraz egindako gai batzuez estaliak, gainazal osoan (all-over) errepikatzen den pintzelkada baten arrastoak imitatuz. Erakusketa-espazioan bionboen modura antolatu zituen obra haiek, giza gorputzaren neurrikoak, gutxi gorabehera. Baina haien antolaera aldatu egin daiteke, eta, hala, erakusketa ikusten dutenen ibilbideari eragiten diote eta txertatuta dauden ingurunea eraldatzen dute; “zizelkatu” egiten dute espazioa.
Lan haietatik abiatuta sortu zuen Castorok bere estudioaren hormak aske estaltzen dituzten pintzelkada (brushstrokes) monumentalen seriea. Horien artean daude Besapeko ilea (Armpit Hair, 1972), eskultura luzaxka bat, erratz baten bidez egurrezko euskarri bati aplikatuko igeltsuzko geruza grafitoz estali batek osatua. Esan liteke artistaren mugimendu gestualaren arrasto hori inguruko arkitekturaren eskrezentzia organiko bat dela. Pieza horiek bakarka nahiz taldean, Castororen bizitokiko eta lantokiko txoko guztietan barreiatuta daude, eta giza anatomiaren atalen bati erreferentzia egiten diote haien izenburuek, artistak gorputz zatikatuari keinu dibertigarri bat egiten diolarik horrela. Besapeko ilea “pintura-eskulturaren” izenburuak, zeinak salatzen baitu gorputz leun eta depilatua ideal femenino gisa, nabarmen kokatzen du Castoro, halaber, AEBn bigarren olde feministan emakumeen gorputzaren askapenerako gertatzen ari zen borrokan.
Castororen abstrakzioa itxura ez-formaleko abstrakzio “eszentriko” baten bilaketan kokatzen da, zeinarekin bat egin baitzuen Lucy Lippardek (zeinak, bide batez, aurkeztu zituen haren obra kontzeptualak Seattleko 557,087 eta Vancouverko 955,000 Numbers Showsetan). Castorok bere ibilbidearen hasieran minimalisten hiztegi formal garbi eta matematikoa bere egin bazuen ere, haren bertsio subertsibo bat proposatzen du, bere obrei eduki biografiko eta emozionala atxikiz. 1970ean, zera idatzi zuen: “Nire burua ikusten dut ontzi baten modura, eta nire sorkuntzak ikusten ditut naizen horren erupzio modura”1. Egilearen subjektibotasuna adierazten duen obra baten ideiak arte feministara hurbiltzen duen arren, ihes egiten dio genero horri: “Ez dut nire burua hartzen artista emakumetzat. Artista naiz beste ezer baino gehiago, eta ez dut onartzen kuotetan eta bereizketan oinarrituriko sistema baten arabera sailka nazaten”2. Haren obra gutxietsi egin zuten artearen historialariek luzaroan, baina aintzat hartua da, gaur egun. Hain zuzen ere, Centre Pompidouren bildumaren parte bihurtu zen 2019an, eta hari buruzko garrantzi handiko atzera begirako bat egin zen Genevako Mamcon.
[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]