Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Abstrakzio dantzatuaren aitzindariak

Adrien Sina

Abangoardiako mugimenduetan aitzindari izan ziren bide-urratzaile hauek beren gorputza berrikuntza plastikorako material gisa erabiliz egin zieten aurre garaiko (eta erabat gizonezkoen kontrolpeko) diziplina artistiko estatikoei. Artelan bihurtu zuten dantza, espazioan banatutako lerro, forma eta koloreen arteko konposizio dinamiko, gorputzaren eta bere mugimenduen geometrizazio huts. Ispilu aurreko intimitate femeninoan, eguzki-izpi batek haren ohe-atorraren tolesturetan eragin zuen distira irisatuak inspiratuta, Loïe Fullerrek abstrakziorako bidea hartu zuen 1892an. Haren petalo-itxurako formek, seinale safiko nabarmenek, aise gainditu zituzten Georgia O’Keefferen abstrakzio organiko eta sexualizatuak. Abiadura handiko indar zentrifugoei esker armiarma-zetazko oihal-zati handiak haizatuz bere inguruan, forma arin ezezagunak zizelkatu zituen. Haren goranzko eta beheranzko espiralek, oszilazio sinusoidal edo helikoidalek geometria aerodinamiko konplexuak (orduan ia erabat ezezagunak) beretu zituzten. Argi-forma berriak bilatu nahirik, materiagabetasunaren atzetik ibili zen. Thomas Edisonekin, berezko argia zuten gatz fosforeszenteak aurkitu zituen. Marie Curierekin, dantza erradioaktiboa izan zuen amets. Agertokian, intentsitate ikaragarriko proiektagailu multzo baten argipean bere baitaratzen zen. Iluntasuna zeharkatuz, abstrakzio gori bihurtzen zen haren gorputza, bibrazio kromatiko biziko argi huts.

Valentine de Saint-Pointen abstrakzio esoterikoak gorputz astralaren kolorea, argia, bibrazioa eta energia-fluxua ere gehitu zizkion ikuskizunari, haren marrazkiek, futurismotik eta raionismotik hartutako osagaiez hornituek, erakusten duten bezala. Multimedia performancearen aitzindari, haren Métachorie ikuskizuna beraren poemetan oinarritutako dantza ideista abstraktu eta multisentsorial bat zen. Musika interpretatzeko funtzio soiletik askatu zuen dantza, eta txundituta utzi zituen Parisko Champs Elysée antzokiko eta New Yorkeko Metropolitan Opera Houseko ikusleak, 1913 eta 1917an, hain garaikidea dugun dimentsio atonal horretarako bidea irekiz. Argizko motibo geometrikoak eta ikurrak erakusten zituen proiekzio baten azpian dantzatzen zuen. Haren poemetako ideiak irudi geometrikoetan antzaldatuta, kolore sinbolikoko argiz blaitzen zen agertokia. Lurrean modu berezi batean jarrita amaitzen zuen dantza-saio bakoitza: yoga esoteriko eta erotizatu baten lerro egituratuetan inspiratutako jarrera bat zen, teosofiaren jarraitzaileen artean bakarrik ezaguna eta dantzariak berak Auguste Rodinekin partekatzen zuen sekretu batean inspiratua.

Gret Palucca ere antzeko jarrera geometriko eta, inoiz, borrokakoetan inspiratu zen (jarrerok Rudolf von Labanen eta Mary Wigmanen ariketa abstraktuak gogorarazten dizkigute, bidenabar esanda). 1927an, haren Inprobisazio teknikoak gorputz-giltzadurak erlaxatzeko egiten diren eguneroko luzaketak deseraiki zituen dantzaren bidez, Yvonne Rainerren Hautsa (Dust) kontzeptua aurreratuz. Haren flotazio eta fluktuazioek, espazioa kondentsatuz eta egituratuz, haren arintasun atsegin axolagabeak, liluratu egin zuten Bauhaus eskola. Marianne Brandtek, Paul Kleek eta László Moholy-Nagyk inspiraziotzat hartu zuten. Vasily Kandinskyk haren mugimendu abstraktuen hezurdura geometrikoa atzeman zuen bere Marrazki analitikoak (1926, Dessins analytiques) lanean. Kandinskyren “Kurba dantzatuak: Paluccaren dantzaren gainean” (Tanzkurven: zu den Tänzen der Palucca) saiakera-lanak, 1926an idatziak, agerian uzten du gorputzak berez sor ditzakeela forma abstraktuak, Oskar Schlemmerrek gehitzen ohi zizkion jantzi eta luzapenen beharrik gabe. Paluccak sortutako mugimenduaren dekonstrukzio abstraktuen analisia eginez, artistak etorkizuneko bere anbizio eszenikoak sustatu zituen: Schlemmerren nagusitasunaren ordezko aukera bat Bauhauseko dantzaren alorrean.

“Gorputz biderkatua” Filippo Tommaso Marinettiren imajinario maskulinoaren obsesio bat zen, 1917ko Dantza futuristaren manifestuan azaldu zuena. Bere aerodantzekin, Giannina Censik jada ez zuen modu protesikoan —hau da, luzapen mekanikoen bidez— adierazi hori, hezur-haragitan baizik, sentsazio abstraktu zirenak indar-lerro garbietan eraldatuta eskainiz. Studio Santacroce-ko bere argazkietarako, Enrico Prampolinik gehitutako gas-hodiak (1931n Milango Galleria Pesaro-ko emankizunean behar bezala mugitzen eragotzi ziotenak) kendu zituen. Oinutsik, aluminiozko distirak jaurtitzen zituen elastiko satinatu bat baino ez jantzita, bere hegazkinlari-gorputz lauaren eta hegazkin-fuselaje baten arteko fusio erotizatua. Musikarik gabe dantzatzen zuen, zeruko isiltasunean bezala, aeropoema “motlibriste” zirelako haien soinura. “Graziarik gabeko” dantza “asimetriko” baten promesa marinettiarrari eutsi zion, haren argazkiek mugimendu bakoitzaren amaiera harmoniatsua baino ez baitzuten erakusten, beste keinu kaotiko eta probokatzaileago batzuek trantsizioak markatzen zituzten bitartean.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

PDF-a JAITSI