Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Janet Sobel

Eleanor Nairne

Izenburua:
Janet Sobel
Egilea:
Eleanor Nairne
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Erakusketak | Puma Gallery | Erbestea | Time aldizkaria | New Jersey | New York | Ukraina | André Breton | Jackson Pollock | Max Ernst | Clement Greenberg | John Dewey | Peggy Guggenheim | Sidney Janis | Automatismoa | Subkontzientzia | Herri-kultura | Indarkeria
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Surrealismoa
Teknikak:
Dripping
Aipatutako artistak:
Sobel, Janet

1893, Ukraina – 1968, Plainfield (NJ, AEB)

43 urterekin, Janet Sobel, bere semearen margoak hartu, eta margotzen hasi zen. Janet (Jennie Lechovsky ezkontaurreko izenez) 1908an atera zen Ukrainatik, haren aita pogrom batean bortizki eraila izan ondoren. 1937an, buru-belarri arteari ekin zion urtean, Brooklynen zen bizitzen, Max bere senarrarekin (imitaziozko bitxien modelogilea zuen senarra). Janeten hasierako margolanak, jantzi tradizionalez jantzitako giza irudiak, ukrainar arte herrikoiaren estiloaren barruan kokatu ziren. Ondoren, saiakuntza abstraktuagoak egin zituen, kristalezko pipetak (senarraren lantegikoak) eta lehortze azkarreko esmalteak baliatuz, eta, horrela, pintura-zurrustez egindako margolan dentsoak sortu zituen, gau-zeru izarratuak gogorarazten dituztenak.

Janeten seme Solek honela deskribatu zuen haren sormen-prozesua: “Koadroaren hondoa prestatzen zuen, eta hondoak ‘ideia’ bat pizten zion beti […], eta pintura isuri, mihisea inklinatu, eta putz egiten zuen laka hezearen gainean”1. Metodo hori bat zetorren automatismo surrealistarekin, inkontzientera iristera ahalbidetzen zuen horrekin, bai eta artista autodidakten ustezko “benetakotasuna” ezagutzeko gerraosteko joerarekin ere2. Solek New Yorkeko kulturako pertsona ospetsuei ezagutarazi zien amaren lana, besteak beste Max Ernst margolariari, André Breton idazleari, Sidney Janis arte-merkatariari eta John Dewey filosofoari. Azken horrek testu bat idatzi zuen Sobelen bakarkako lehen erakusketarako (Puma Gallery, 1944). Urte hartan bertan idatzitako gutun batean, “alde handiz, Estatu Batuetako margolaririk onena” zela adierazi zuen Peggy Guggenheimek artistari buruz3.

Clement Greenberg arte-kritikariak Sobelen margolanei buruz esan zuen berak “ikusitako lehen ‘all-over’ lanak” (euskarri osoa hartzen zuten margolanak) zirela, eta adierazi zuen “pintura haiek biziki hunkitu zutela onartua zuela” Pollockek berak ere. Baina, segidan, “etxekoandretzat” eta margolari “primitibotzat” jo zuen artista4. Edozein arrisku uxatzen zuen horrela! Pollockek5 pintura zurrustaka isuriz margotzen esperimentatu zuen 1943an, eta 1947tik aurrera berriro berreskuratu zuen teknika hori, Sobelek inspiratua beharbada, bere tantazko pintura (dripping) ospetsuak egiteko. Sobel New Jerseyn kokatu zen urte hartan, eta haren obra ahanzturan erori zen berehala. Gaur egun ere, “Jack The Dipper” —izengoiti hori jarri zion Time aldizkariak6— hartzen da teknika ospetsu horren asmatzaile bakartzat.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Janet Sobelen Esne Bidea (Milky Way, 1945), New York, MoMA: https://www.moma.org/collection/works/80636?sov_referrer=artist&artist_id=5503&page=1.
  2. Sobelek ez zuen arte-heziketarik jaso, baina margolarien monografiak eta erakusketa-katalogoak zituen. Ikus Sandra Zalman, “Janet Sobel: Primitive Modern and the Origins of Abstract Espressionism”, Woman’s Art Journal, 36. libk., 2. zk., 2015eko udazken–negua, 23. or.
  3. Peggy Guggenheimek David Porterri egindako gutuna, 1944ko azaroaren 17koa, David Porter artxiboak, Archives of American Art (AAA), Smithsonian Institution, Washington D. C.
  4. Greenbergek dio Pollockek eta biek 1944an bisitatu zutela “Peggy Guggenheimen galeria”, baina Sobelek 1945ean hartu zuen parte Art of This Century galeriako The Women (2. zatia) erakusketan. Beharbada, Abstract and Surrealist Art in the United States erakusketaz ari da (1944an ikusi zuen, Sidney Janisen galerian), edo datak nahasten ditu. Clement Greenberg, “‘American- Type’ Painting” [1955], Art and Culture, Boston, Beacon Press, 1961, 218. or. Azpimarratu beharra dago, halaber, testu horren jatorrizko edizioan (1955) ez dela Sobelen aipamenik egiten; bai, ordea, berrikusitako eta 1961ean argitaraturiko bertsioan.
  5. Pollockek erabiltzen duen teknika horren lehen adibideetako bat: Pintura zurrustaka isuriz egindako konposizioa II (Composition with Pouring II, 1943), Hirshhorn Museum and Sculpture Garden, Washington, D. C.
  6. “Art: The Wild Ones”, Time, 1956ko otsailak 20. “Jack the Dripper” izengoitia, hitzez hitz “Jack tanta-isurlea”, beste harako “Jack the Ripper” (“Jack Tripa-ateratzailea”) ospetsu hartatik asmatua da [J.-F. Cornu itzultzailearen oharra]

PDF-a JAITSI