Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Marta Hoepffner

Laura Weber

Izenburua:
Marta Hoepffner
Egilea:
Laura Weber
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Artea eta hezkuntza | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Kolorea | Erakusketak | Pinturagintza | Städel Museum | Nazismoa | Das Illustrierte Blatt aldizkaria | Zentsura | Alemania | Berlin | Frankfurt | Weimar | Paris | Herbert Bayer | Irm Schoeffers | László Moholy-Nagy | Man Ray | Vasily Kandinsky | Willi Baumeister | Hugo Ball | Madeleine Hoepffner | Optika
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Ikuspegi Berria
Teknikak:
Fotomuntaketa | Polarizazioa | Solarizazioa
Artelan motak:
Argazkia | Fotogramak
Aipatutako artistak:
Hoepffner, Marta

1912, Pirmasens (Alemania) – 2000, Lindenberg im Allgäu (Alemania)

Marta Hoepffner, Hugo Ball poetaren iloba, nazionalsozialismoaren garaian Alemanian gelditu zen argazkilari talde txiki bateko kidea izan zen, 1920ko hamarkadako ikerketa fotografiko abangoardistari gerraostean segida eman ahal izatea bermatu zuena. Haren lan abstraktuan, Abstrakzio Piktorikoari buruzko erreferentziak eta Ikuskera Berriaren prozedurak nahasten ziren. Frankfurteko Arte Eskolan jaso zuen prestakuntza (1929–33) erabakigarria izan zen zentzu horretan: Frankfurteko hiria, Alemaniako arte modernoaren gune nagusi berria, lehian zen Berlingo edo Weimarko kultur eztandarekin. Willi Baumeister irakasleren eskutik argazkigintzan trebatzen hasia —argazkigintzaren hasi-masiak erakusteaz gain, Baumeisterrek László Moholy-Nagy, Man Ray eta Herbert Bayerren lanak ezagutarazi zituen bere ikasleen artean—, Hoepffner berehala sartu zen argazkigintza esperimentalaren munduan. Moholy-Nagyren Margolaritza, argazkigintza, zinema (1925) lanak ez zuen helburu hori indartu besterik ez egin.

Prestakuntza-urte haiek abangoardietako argazki-tekniketan trebatzeko aprobetxatu zituen (solarizazioa, esposizio anizkoitza, gainesposizioa eta fotomuntaketa), baina margolaritzaren unibertsora lotuta betiere. Frankfurteko Städelmuseumek 1931n antolatutako Vom Abbild zum Sinnbild erakusketa eta 1937an Parisera maiz egindako bisitak pintura abstraktuari buruz zuen ezagutza aberastu zuten eta erabakigarriak gertatu ziren haren imajinario artistikoaren osaeran. Das Illustrierte Blatt (1936–38) aldizkarirako egindako akabera irrealeko konposizio batzuei aplikatu zien hiztegi berritzaile hori, baina baita nazien erregimenak debekatutako estetika modernoa babesteko ezkutuan gorde zituen fotograma batzuei ere (Kandinskyri omenaldia, 1937).

Gerra amaitu ondoren, Hoepffnerrek buru-belarri jardun zuen koloretako fotogramak sortzen, polarizazio-prozedura baliatuta. Argi zuriaren errebelatuari eta sortutako efektu optikoari buruzko lan hori, baina, bazuen anbizio handiagoko helburu bat: zinetismoa. Lightboxes (argi-kutxak) izeneko lana haren fotogramen hiru dimentsioko transposizioa da, hain zuzen ere. Antzekotasun asko ditu Moholy-Nagyren Espazio-argi Modulatzailea (1930) lanarekin: argazkigintzaren eta argi-itzalen jokoen arteko lotura ezartzeaz gain, argiak gure begien aurrean agertzen dena margotzen duelako inpresioa ere ematen du, bere itxura piktorikoa dela eta. Azkenik, Hoepffner, 1949an sortu zuen argazkilaritza-eskolan irakasle gisa egindako lanarengatik ere nabarmendu zen. Madeleine ahizparekin eta Irm Schoeffers argazkilari eta neska-lagunarekin batera, argazkigintzaren esplorazio tekniko, esperimental eta erabatekora bideratutako ikastaroak eman zituen han.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

PDF-a JAITSI