katalogoa
Benita Koch-Otte
Ina Belcheva
- Izenburua:
- Benita Koch-Otte
- Egilea:
- Ina Belcheva
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
- Neurriak:
- 22,5 x 30
- Orrialdeak:
- 350
- ISBN:
- 978-84-95216-93-9
- Lege gordailua:
- BI-01621-2021
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Arkitektura | Artea eta industria | Artea eta espazioa | Artea eta hezkuntza | Artea eta musika | Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Erritmoa | Forma | Geometria | Kolorea | Barne-diseinua | Erakusketak | Lankidetza artistikoa | Bauhaus Eskola | Ehungintza | Betheleko Institutu Psikiatrikoa | Burg Giebichenstein Arte eta Diseinu Eskola | Bauhaus-Archiv Museoa | Nazismoa | Dessau | Weimar | Ernst Gebhardt | George Muche | Paul Klee
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Artelan motak:
- Alfonbrak | Tapiza
- Aipatutako artistak:
- Koch-Otte, Benita | Stölzl, Gunta
1892, Stuttgart (Alemania) – 1976, Bielefeld (Alemania)
Benita Koch-Ottek (ezkongaietan Benita Otte) marrazki, josketa eta gimnasia ikasketak egin zituen irakaskuntzan jarduteko xedez. Azterketak gainditu ondoren, bolada batean bigarren hezkuntzako irakaslea izan zen 1920an, 28 urterekin, Weimareko Bauhausean sartu baino lehen. Emakumeen gelan aurkitu zuen bere lekua eta, handik gutxira, Gunta Stölzlen adiskide egin zen. 1921ean Paul Klee Bauhauseko partaide izan zenean, Benitak haren ikastaroetan eman zuen izena, eta aztarna sakona utzi zioten. Kleek, bere aldetik, interes bizia agertu zuen Koch-Ottek formak eta koloreak ehungintzaren esparruan aplikatzeko zuen moduaz. Kleek Koch-Otteri egin zion zirrara handia begien bistakoa da 1924–28ko Oihal zintzilikarian. Oreka kromatiko fin-fineko lan zehatzak, erritmo musikal bat gogora dakarrenak, Paul Kleeren konposizio jakin batzuen antza du.
Margoaren lanketa izugarri garrantzitsua da Koch-Otteren obran. 1922an ehunen kolorazio ikastaroak egin zituen Stölzlekin batera. Bauhausean sartuko zuten gero biek jardun hori, eta bai aldaketa handia ekarri ere lantegiko ehungintzako produkziora. 1925 arte ez zuen Koch-Ottek lortuko bere sorkuntzen oinarria izango zen kolore-gama. Haren konbinazio kromatikoei oreka emateko erabiliko zuen.
1923an Bauhausean egindako erakusketa handiaren karietara, Haus am Horn etxearekin, Koch-Ottek esparru desberdinetan aditzera eman zuen bere burua. Alde batetik, George Muchek hala eskatuta, etxearen altxaera eta haren proiekzio isometrikoa egin zuen: emaitza erabateko artelana izan zen. Beste alde batetik, sukalde funtzionala diseinatu zuen Ernst Gebhardtekin batera, garai hartarako eredu bilakatuko zena. Beste arkitekto moderno batzuek adibide hori bereganatuko zuten gerora. Ehungintzaren alorrean, Koch-Ottek umeentzako alfonbra garbigarri bat egin zuen, gaur egun Weimareko Bauhausen Museoan dagoena. Hala bere forma geometrikoengatik, jostailuak iradokitzen baitituzte, nola ezaugarritzat duen harmoniagatik Bauhauseko garai hartako maisulan bat da.
Koch-Ottek Bauhaus uzteko hautua egin zuen erakundea Dessaura aldatu zenean, ez zuelako ofizioen industrializazioan parte hartu nahi. Ehungintzako lantegiko zuzendari artistikoaren karguan aritu zen Halleko Burg Giebichenstein eskolan. 1933an, erregimen naziak irakaskuntzako bere jarduerak uztera behartu zuen, baina, hurrengo urtean, 1934an, alarguna dagoeneko, zuzendaritzako postu bat lortu zuen Bielefeldeko Betheleko Institutu Psikiatrikoko Ehungintzako lantegian.
1976an bere obraren atzerabegirako handi bat antolatu zen Berlingo Bauhaus- Archiven. Eskolako emakume artista bati eskainitako lehenengoetako erakusketa monografikoa izan zen.
[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]