Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Claire Falkenstein

Laure Chauvelot

1908, Coos Bay (OR, AEB) – 1997, Venice (CA, AEB)

Claire Falkenstein —Alexander Archipenko eskultorearekin ikasia Oaklandeko (Kalifornia) Mills Collegen— zeramikazko eta, geroago, zurezko eskultura abstraktuak egiten hasia zen jada 1930eko hamarkadan. New Yorkeko Bonestall Galleryk bakarkako erakusketa bat antolatu zuen haren zurezko lanekin 1944an. 1948an, California School of Fine Arts-eko irakasle zela, bere alanbrezko delineazioak (wire delineations) erakutsi zituen, lehen aldiz, San Frantziskoko Arte Modernoaren Museoan. 1948tik Errealitate Berrien Aretoan parte hartu izanak animatua, 1950ean Parisera joan zen. Han, Jean Arp, Constantin Brancusi eta Alberto Giacometti ezagutu zituen, eta harremanak izan zituen herrikide batzuekin, hala nola Sam Francisekin eta Paul Jenkinsekin. Parisen, metalezko hariaren posibilitate teknikoak aztertzen jarraitu zuen, eta harribitxiak egin zituen, gero New Yorkeko Betty Parsons Galleryn (1950), Deutsche Werkbund Berlinen (1952) eta Londresko Institute of Contemporary Arten (1953) aurkeztu zituenak.

1953an, Musée Bourdelleko Gazte Eskulturaren Aretoan, Michel Tapié kritikariak begiz jo zuen haren Ledaren zeinua (The Sign of Leda) izeneko eskultura metaliko ikusgarria, eta haren hustura bat erosteko asmoa azaldu zuen. Falkensteinek, lanak gauzatu aurretik, haien miniaturazko bertsioak egiten zituen, alanbrez. Handik aurrera, Tapiék Falkensteinen lana defendatu zuen, berak “informaltzat” jotzen zuen beste arte mota bateko artisten lanak biltzen zituzten erakusketetan ikusgai jarrita. Geroztik, Parisko eszena artistikoaren ordezkari garrantzitsuenetako bat izan zen Falkenstein.

Urte hartan bertan, Eguzkiak (Suns) saileko lanak egitera ekin zion: hari metaliko txirikordatuz osatutako eskulturak ziren, sabaitik zintzilik jartzen zituenak. 1967ra bitartean, artistak era horretako 36 eskultura egin zituen, hedatzen ari den espazio gisa (expanding space) definitzen zituenak: “Einsteinen […] terminoetan pentsatzen dut, hedatzen ari den unibertsoaren planteamendu einsteindar batean. Bere osotasunean ulertzen dut nik espazioa, eta zerbait sortzen dugunean, kontua ez da sortze-lanak espazio jakin bat hartzen duela, baizik eta espazio horren beraren zati osagai bat dela”1. Eguzki zerua (Sun Sky, 1956) izeneko piezak, adibidez, pieza bera inskribatuta dagoen espazioa inguratzen du, espazioa bera gardentasun-jokoen bidez indartuz.

Falkensteinen sortze-lanetan, Alexander Calderren irudi eskegiak gogora ekartzen dizkigun oihartzun hori gorabehera, ez dago ezer irudikatzeko inolako asmorik. Titulurik gabea (1957–60) obraren ertzak ez dira zurrunak; eskultura hori amaigabe heda liteke espazioan barrena. Clyfford Stillekin eta Mark Tobeyrekin zuen adiskidetasunak haren obraren irakurketa espresionista bat sustatu zuen AEBetan, obra hori eskulturazko “all-over” bat bezala hartuta. Lynn Chadwickek Ingalaterran egin zituen ikerketen garaikide izan bazen ere, Falkensteinek, hark ez bezala, beira zatiak sartzen zituen bere eskulturetan: teknika aitzindari horri esker, hainbat enkargu monumental lortu zituen, besteak beste Veneziako Peggy Guggenheim Collection museoko ateak egitekoa, 1961ean. Itxura organikoko eskultura haiek —zeta-harren krisalidak edo kuskuak ageri dira haietan—, material alternatibo baten ezaugarri fisikoek baldintzatuak neurri batean, 1966ko erakusketan Lucy Lippardek hainbeste goretsi zuen abstrakzio “eszentrikoaren” aitzindari bihurtu zuten Falkenstein.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Claire Falkenstein, hemen: Howard Warshaw y Susan Einstein, Los Angeles Art Community: Group Portrait, Los Angeles, University of California, 1977, 189. or.

PDF-a JAITSI