Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Georgia O'Keeffe

Anna Hiddleston-Galloni

Izenburua:
Georgia O'Keeffe
Egilea:
Anna Hiddleston-Galloni
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Artea eta filosofia | Artea eta paisaia | Artea eta emozioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Kolorea | Lan-prozesua | Lerroa | Erakusketak | Pinturagintza | 291 galeria | Bizitza | Ingurunea eta natura | AEB | Mexiko Berria | Lake George | Alfred Stieglitz | Vasily Kandinsky | Henri Bergson
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Minimalismoa
Teknikak:
Marrazkia
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
O'Keeffe, Georgia

1887, Sun Prairie (WI, AEB) – 1986, Santa Fe (NM, AEB)

Georgia O’Keeffe artistaren sorkuntza abstraktuek betidanik bilatu dute naturaren funtsa mamitzea, Texaseko espazio handietatik Mexiko Berriko desertura: loreak eta hezurdurak, ibai idorrak eta lautada harritsuak. Errealitatean sustraitzen badira ere, artista honen konposizio minimalistetan kolore puruak eta trazu sendoak agertzen dira, zeinek erakusten baitute zer-nolako emozio sakonak sentitzen dituen artistak bizitzaren energia immanentearen agerpenen aurrean, bere sen bitalistaren aurrean; bulkada hori orobat aurkitu dugu Henri Bergson filosofoaren lanean; hark, ordea, “élan vital” edo bizi-grina deitzen dio. Motibo errepikakorrak erabiltzen ditu O’Keeffek, ikusgai dagoenetik haraindiko erritmoak hautemateko ahaleginean, “arimaren bibrazioen” bila –hala deitzen zien Vasili Kandiskik–, eta honela deskribatzen ditu: “Marrak eta koloreak dira, zeinak, batera jarriz gero, zerbait esan nahi izan baitezakete. Niretzat, horixe da margolaritzaren oinarria. Sarritan, abstrakzioa da nire barnean dagoen alderdi ukigaitz hori adierazteko biderik aproposena, eta margolaritzak bakarrik ematen dit hori argitzeko aukera”1. 1915eko urrian, O’Keeffek marrazki abstraktuen sorta berritzaile bat egin zuen, motibo organikoak irudikatuz; marrazki horiek eten errotiko bat erakusten dute bere formazio klasikoarekiko. Zoruan bertan egin zituen, sukar batean, eta “funtsean, emakume baten emozioak”2 adierazten dituzte, egileak berak emandako azalpenaren arabera. Alfred Stieglitzek, marrazki haiek ikusirik, zera esan zuen —harrezkero ospea hartu duen iruzkin bat—: “Emakume bat paperaren gainean, azkenean”. Stieglitzek erabaki zuen O’Keefferen irudiak erakustea bere galerian —Galerie 291—, eta emakumeak fama lortu zuen berehala horren ondorioz.

Trazu gorri, hori eta beltza lanean (Red, Yellow and Black Streak, 1924), ilunabarreko eguzkia islatzen da George lakuaren gainean, eta energia-zirimola indartsuak sortzen ditu mihisearen bi aldeetan. Arrastiriaren esperientzia sentsoriala barneratuz, forma osoak baliatzen ditu O’Keeffek, gorputzaren tolesak nola kiribiltzen eta jariatzen direnak. Konposizioak apenas duen paisaia erreal baten trazarik. Disoziazio horren bidez, O’Keefferen obra abstraktuak aitzindari bihurtu ziren, eta argiaren distira iraunkorra dugu horren erakusgarri. 1929an, Mexiko Berriko paisaia txundigarriak deskubritu zituen artistak, eta ezagutza horrek areagotu zuen forma argi eta sintetikoekiko joera. Horren ostean, garezurrak, talaiak eta zeru estaliak margotu zituen, argitan blaiturik eta garbi-garbi; lan horiek osatzen dute bere ibilbideko faserik errotikoena, gupidagabea, eta 1960ko hamarkadan AEBko artean sortzear zen estilo minimalistaren aurrekariak izan ziren.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Georgia O’Keeffe, Georgia O’Keeffe, New York, The Viking Press, 1976; berredizioa: New York, Penguin Books, 1988, or. Gabe.
  2. Georgia O’Keeffe: Art and Letters, Jack Cowart eta Juan Hamilton (ed.), Washington, D. C., National Gallery of Art/Boston, New York Graphic Society Books, 1987, 147. or.

PDF-a JAITSI