Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Helen Frankenthaler

Eleanor Nairne

1928, New York (NY, AEB) – 2011, Darien (CT, AEB)

Umetan, Helen Frankenthalerrek atsegin hartzen zuen urez beteriko konketa batean azazkal-esmalte tantak isurtzen, eta uraren gainazalean koloretako zerrendak nola eratzen ziren ikusten. Bospasei urterekin, New Yorken, klarionezko bere “lehen marra” egin zuen, Metropolitan Museum of Artetik etxeko sarreraraino, 74 Kalean1. Helen New Yorkeko familia aberats batean jaio zen, eta Dalton Schoolen egin zituen ikasketak. Han, Rufino Tamayo margolari mexikarra izan zuen irakasle, eta hura lanean ikusteko parada ere izan zuen: Northamptoneko (Massachusetts) Smith Collegeko Arteen Liburutegian fresko bat margotzen, hain zuzen2. Gero, Vermonteko Bennington Collegen jarraitu zituen ikasketak, non, beste batzuen artean, Paul Feeley3 izan zuen irakasle. 1950eko udan, Hans Hofmannen Provincetowneko (Massachusetts) eskolan jardun zuen ikasten, lehenago Lee Krasnerrek eta Elaine De Kooningek bezala.

Haren talentuaren erakusgarri, horra bi datu: hogeita bat urte besterik ez zituen bere lanak Ninth Street Show erakusketan ikusgai jarri zituenean, eta hogeita hiru urte, bere bakarkako lehen erakusketa aurkeztu zuenean, Tibor De Nagy Galleryn. 1952an, Mendiak eta itsasoa (Mountains and Sea) izeneko margolana sortu zuen, ez euskarririk ez inprimaziorik ez zuen kotoizko mihise bat estudioko zoruan bertan zabaldu, eta trementinarekin diluitutako pintura isuriz eta mihise gainean irristatzen utziz. Metodo horrek —soak-stain (blaitu-lohitu) deitua4— Kenneth Noland, Morris Louis eta beste artista batzuen arreta erakarri zuen, oso irudi garbiak sortzeko aukera ematen zuelako, baina, aitzitik, kritikak keinu-abstrakzioarekiko interesa galtzea eragin zuen. Alexander Nemerovek azaltzen duen bezala, haustura horri esker, Frankenthalerrek “zuzenean antzemango du nolabait bizitza, berez den bezalakoa, eta, hala, artelanean txertatzen duenean hura, ez du bizitako esperientziaren petrifikazio zurbil bat delako sentsazioa sortuko, bizi duguna bezalako bizitza horren beraren aurrean, bizitzaren muinean bertan, gaudelako sentsazioa baizik”5.

Frankenthalerren lanaren lehen erakusketa instituzionala, Frank O’Hara New Yorkeko Eskolako poetak antolatua, Jewish Museumen egin zen, 1960an. Artistak AEBak ordezkatu zituen Veneziako 33. Biurtekoan, 1966an (Ellsworth Kellyrekin batera, besteak beste). 1969an, haren obraren atzerabegirako bat antolatu zen, aurrena Whitney Museumen, Londresko Whitechapel Galleryn gero, eta Hanoverren eta Berlinen hurrena. Marcia Tucker Whitney Museumeko lehen emakume kontserbatzailea izendatu zuten urte berean antolatu zen atzerabegirakoa. Batzuetan, Frankenthalerrek itzal handiko gizon batzuekin izan zuen harremana nabarmendu ohi da beste gauza batzuen gainetik, Clement Greenberg arte-kritikariarekin eta Robert Motherwell margolariarekin izan zuena bereziki, hark Kolore Eremuko Pintura (Color Field Painting) delakoaren hastapenetan izan zuen paper aitzindaria minimizatzeko. Bere maiseatzaileak zein gero feministen artean izan zituen jarraitzaileak aintzat hartu gabe, zera esaten zuen Frankenthalerrek: “Ez nau gogaitzen emakume margolaria izateak. Ez zait ezertarako baliatzen hori. Nik margotu egiten dut, eta kito”6.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Grace Glueck, “Helen Frankenthaler Obituary”, The New York Times, 2011ko abenduak 27; Helen Frankenthaler, Barbara Roserekin grabatutako elkarrizketa, 1968, Archives of American Art (AAA), Smithsonian Institution, Washington, D. C.
  2. Joan Mitchell, Linda Nochlinekin grabatutako elkarrizketa, 1986ko apirilak 16, AAA.
  3. Bennington College ospe handiko arte-eskola da; 1950 eta 1960 hamarkadeetan, Paul Feeley margolaria izan zuen zuzendari. [J.-F Cornu itzultzailearen oharra]
  4. Ikus Eleanor Nairneren saiakeraren 15. oharra katalogo honetan bertan.
  5. Alexander Nemerov, Helen Molesworthekin elkarrizketa: “Helen Frankenthaler: Let ‘er Rip”, “Recording Artists: A Podcast from the Getty, Season 1: Radical Women”, https://www.getty.edu/recordingartists/season-1/frankenthaler/, 2020ko uztailaren 8an bisitatua.
  6. John Gruen, The Party’s Over Now: Reminiscences of the Fifties – New York’s Artists, Writers, Musicians, and Their Friends, New York, Viking Press, 1972, 189. or.

PDF-a JAITSI