Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Lygia Clark 

Christine Macel

1920, Belo Horizonte, Minas Gerais (Brasil) – 1988, Rio de Janeiro (Brasil)

Lygia Clarkek, Brasilgo artearen izen handietako batek, txikitatik erakutsi zuen marrazteko zaletasuna. Gazterik ezkondu zen, hiru seme-alaba izan zituen, Rio de Janeiron jarri zen bizitzen senarrarekin, eta 1947an, pintura ikasten hasi zen Roberto Burle Marx eta Zélia Ferreira Salgadorekin. 1950ean, seme-alabekin Parisera joanda, pintura-ikasketak egin zituen Arpád Szenes eta Fernand Légerrekin, eta bere lehen olio-pinturak margotu zituen. Parisen egin zuen bere lehen bakarkako erakusketa ere, Institut Endoplastiquen. Riora itzulita, haren obran eragin erabakigarria izan zuen kritikari bat ezagutu zuen: Mário Pedrosa. 1953an dibortziatu egin zen, eta handik aurrera buru-belarri jardun zuen margotzen. 1954tik aurrera, Grupo Frente taldera batu zen. Talde horretako kide ziren Lygia Pape, Ivan Serpa, Hélio Oiticica eta Abraham Palatnik ere. Haren margolan abstraktu geometrikoek “lerro organikoa” bereganatu zuten, eta, aldi berean, markoa “apurtzen” saiatu zen. 1957an, Planoak gainazal modulatuan (Planos em superfície modulada) saileko lan batzuk Arte Neoconcreto erakusketan aurkeztu ziren, Rioko Arte Modernoko Museoan, berak ere izenpetua zuen Manifesto neoconcreto izeneko manifestuarekin batera. Kartoizko collage horiek —paper gaineko gouachez margotuak batzuk— bi dimentsioko forma geometrikoa hiru dimentsioko bihurtzen deneko gogoeta abiatu zuten, bizia ematen ziotela ziruditen eremu bete eta huts batzuek hala iradokita.

Garai hartan argitaratu zituen bere lehen testuak ere, beraren obrari lotuak beti. 1959an, uko egin zion margolaritza abstraktuari, bere obraren eta ikuslearen artean zegoen hesia hausteko eta bere sortze-lanei denbora-dimentsio bat gehitzeko asmoz, “Mondrianiri gutuna”1 delakoan azalduta utzi zuenez. 1960an bere lehen Zomorroak (Bichos) aurkeztu zituen, eta São Pauloko Bienalaren eskultura saria lortu zuen haiekin hurrengo urtean. Zomorro horiek —ikusleak berak, obraren sortzailekide bihurtuta, behin eta berriz berregin ditzakeen pieza modulagarriak, hirurogeita hamar inguru, aluminioz edo altzairuz eginak eta patina desberdinez estaliak— iraultza ekarri zuten eskulturaren mundura, eta argitzen lagundu zuten Lygia Clarkek bere artelanetan eta besteekiko eta kolektiboarekiko harremanetan mugak ezabatzeko hartutako borondatea. Lygia Clarken lehen atzerabegirako handia Londresen egin zen, Signals Galleryn, 1965eko udaberrian, artistaren ospea Ingalaterrara, Frantziara eta AEBetara ere zabaltzen zen bitartean, hainbat erakusketaren bidez. Parisen, 1972an, keinu-komunikazioari buruzko mintegi batean, Sorbonako Unibertsitateko Saint-Charles Centren, bere lan sentsorialak eta partizipatiboak landu zituen bere ikasleekin, eta Pierre Fédidarekin psikoanalizatzen hasi zen. 1975ean Riora itzuli zenean, bere lan “terapeutikoetan” zentratu zen, “Erlazio-objektuak” (Objetos relacionais) erabiliz, eta 1970eko hamarkadaren amaieran praktika horretara bideratu zuen erabat bere jarduna.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Lygia Clark, Mondriani gutuna, 1959, hemen berrargitaratua: Lygia Clark, erak. kat., Paris, Édition de la RMN, 114. or.

PDF-a JAITSI