katalogoa
Helen Khal
Christine Macel
- Izenburua:
- Helen Khal
- Egilea:
- Christine Macel
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
- Neurriak:
- 22,5 x 30
- Orrialdeak:
- 350
- ISBN:
- 978-84-95216-93-9
- Lege gordailua:
- BI-01621-2021
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Heriotza | Artea eta hezkuntza | Artea eta emozioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Kritika | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Argia | Kolorea | Erakusketak | Erretratua eta autorretratua | New Yorkeko Arte-Ikasleen Liga | American University of Beirut | Libanoko Arte Ederren akademia | Galerie Agial | Galerie Alecco Saab | Gallery One | Centre Pompidou | Washingtoneko National Women’s Museum | Feminismoa | Libano | Beirut | Mark Rothko | Michel Basbous | Shafic Abboud | Yvette Ashkar | Yusuf Al-Khal | Sentimenduak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Espresionismoa
- Teknikak:
- Kolore-eremuko pintura
- Aipatutako artistak:
- Adnan, Etel | Caland, Huguette | Khal, Helen
1923, Allentown (PA, AEB) – 2009, Ajaltoun (Libano)
Helen Khal Pensilvanian hazi zen, baina gurasoak libanoarrak zituen, eta bi urteko egonaldia egin zuen Libanon 1946tik aurrera, zeinetan pintura ikasi baitzuen Beiruteko Arte Ederren Libanoar Akademian; ikasketa-garaian, harremana izan zuen Shafic Abboud, Yvette Ashkar eta Michel Basbous eskultorearekin. Yusuf Al-Khal poetarekin ezkondu zen, eta New Yorkeko Art Students Leaguen sakondu zituen ikasketak. 1960an egin zuen lehen erakusketa, Galerie Alecco Saab galerian. Ama, lehenik, eta anaia, ondoren, hil zitzaizkiolarik, estilo gero eta espresionista eta sentiberago batean murgildu zen. 1963an, Gallery One sortzen parte hartu zuen; Libanoko lehen galeria izan zen. Handik sei hilabetera senarrarengandik banatu zen, eta hark lortu zituen seme-alaben zaintza eta galeriaren jabetza.
Helen irakasle hasi zen Beiruteko Amerikar Unibertsitatean, eta arte-kritikari gisa lan egin zuen Daily Star eta Monday Morning agerkarietan. Erretratuak lantzeaz batera, 1960ko hamarkadan olio-pinturako estilo berezi bat landu zuen, eremu kromatiko etereoek bereizgarritua eta argiz blaituriko koloreko blokeetan oinarritua, zeinetan sumatzen baita, maiz adierazi izan denez, Mark Rothkoren pinturaren eragina. Khalek, ordea, kolore-eremuen pinturaren estiloan kokatu zuen bere abstrakzioa, mundu fisikoari erreferentzia egiten dion esparru batean; formatu intimistei eutsi zien, eta egurrean muntatutako paper gainean margotu zuen. Koloreen bidez, “emozioentzako oasi bat” sortzen du artistak, eta haien presentziak aukera ematen diote “berriro hornitzeko, elikatzeko, desoreka eragiten duten egunerokotasuneko errealitateetatik aldentzeko, baretasuna desegiten doan mundu batean”1.
Hirurogeita hamarreko hamarkadan, haren estiloa gero eta bareagoa eta gogoetatsuagoa bihurtuz joan zen. Garai hartan, Huguette Calanden laguna egin zen, eta hari sostengua eman eta harekin erakusketak egin zituen. Galerista gisa eta arte-kritikari gisa egindako lanari esker, Woman Artist in Lebanon (1974–75) joera feministako erreferentziazko obra sortu zuen (1987an eman zuten argitara Libanon), zeinetan aipatu baitzituen hainbat artista, Etel Adnan, Yvette Ashkar eta Huguette Caland bera, besteak beste; Khalek Calandi ikusgarritasuna ematen lagundu zuen, AEBtan eman zituen hitzaldien bidez (hain zuzen ere, han finkatu zen 1976an). Woman Artist in Lebanon obra esentzialista da, edukiz, eta “emakumeen sentiberatasun bereziko eremuak” eta “teknika xeheagoa”2 aitortzen ditu, baina mugarria izan zen, artista emakumezko askea definitu zuelako gainerako emakumeen bizitzan eragiteko aldaketa-eragile gisa3. 1994an, Washingtoneko National Women’s Museumek Khalen obra sartu zuen arabiar munduko artistei eskainitako Forces of Change erakusketan, eta Beiruteko Galerie Agialek haren obra hedatu zuen hura hil ondoren. Ahalegin horiei esker, nazioartean ezaguna egin da artista, bereziki 2019an Centre Pompidouk haren lau koadro erosi zituelarik.
[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]