katalogoa
Arpita Singh
Laure Chauvelot
- Izenburua:
- Arpita Singh
- Egilea:
- Laure Chauvelot
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
- Neurriak:
- 22,5 x 30
- Orrialdeak:
- 350
- ISBN:
- 978-84-95216-93-9
- Lege gordailua:
- BI-01621-2021
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Artisautza | Emakumea artean | Mitologia | Artea eta espazioa | Artea eta paisaia | Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Lan-prozesua | Lerroa | Papera | Mugimendua | Erakusketak | Natura hila | Kaligrafia | Group 1890 | Progressive Artists’ Group | The Unknown taldea | Ehungintza | Delhiko Weaver’s Service Centre | Talwar Gallery | Kiran Nadar Museum of Art | Kunika Chemould Art Centre | Tradizioa | India | Paramjit Singh
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Arte Figuratiboa | Surrealismoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Mohamedi, Nasreen | Singh, Arpita
1937, Baranagar (India)
Arpita Singhek Delhiko Eskola Politeknikoan egin zituen ikasketak 1954tik 1959ra, eta, 1960ko hamarkadan, The Unknown taldearekin bat egin zuen beste ikasle batzuekin batera. Garai hartan, pizkunde artistiko ikusgarria bizi zuen Indiak: Progressive Artists’ Group taldea sortu zen 1947an, eta gerora hainbat artistak, Nasreen Mohamedi margolariak besteak beste, ikertu zuten arte ez-figuratibo bati bide eman zion Group 1890 taldeak 1963an. Tankera surrealistako paisaiak eta natura hilak sortu zituen garai hartan Singehk, eta obra haiek aukera eman zioten bakarkako erakusketa egiteko New Delhiko Kunika Chemould Art Centren 1972an. Handik urtebetera, figuraziotik aldendu zen, bat-batean, eta konposizio abstraktuak lantzen jardun zuen 1982ra arte: “Ia zortzi urtez, lerroak eta laukiak marrazten aritu nintzen, eta puntu eta gai errepikatuak margotzen. Kaligrafiako ariketa modura hartu nuen, nire ahotsa aurkitu arte”1.
Papera aukeratu izanak aditzera ematen du trantsizioko obra horiei aitortzen zien kategoria, material txiro eta hauskorra izanik; ez zituen lan haiek jendaurrean erakutsi, eta haren senarrak, Paramjit Singh paisajistak, ditu gorderik. Oinarrizko formak errepikatuz —marrak, lerroak, puntuak—, ikerketa egiturazko eta espazialak egiten ditu Singhek. Haren konposizioek abstrakzio informal eta senezko bat iradokitzen dute, afektuz josia. Objektu sinpleekin laukisare deformatu, alboratze eta gainjartze askeek osatzen ditu Singhek; seguru asko, 1960ko hamarkadaren hasieran Delhiko Weaver’s Service Centren (indiar eskulangintza tradizionala berreskuratzeko xedea zuen estatu-programa) ehungintzako diseinatzailea modura lanean aritu zen bitartean ikasitako ehungintza tradizionaleko prozeduren eraginpean.
Ikatz-ziria, arkatza, tinta, akuarela eta pastela modu organikoan nahasten ditu artistak, bere lerroen intentsitatearen araberako efektu materikoak sortuz; batzuetan, zapia erabiltzen du euskarria igurzteko, eta, hala egiten duenean, materialak modu are estuagoan lotzen zaizkio elkarri. Singhek hondatu egiten du euskarria, paper-latzez harramazkatzen du, edo luma batez zulatu, sentitzen duenaren arrastoa erregistratzeko asmoz bezala. Laukisare aske horietan, artistak jardunean egiten duen bat-bateko mugimendua hautematen da, eta konposizio biziki argiak lortzen ditu, pastel-ukituak gehituta. Kasu honetan, sorkuntza-prozesua, alegia ikerketa- eta esperimentazio-unea, nagusitzen da obra amaituaren gainetik. Adierazkortasun handiko eta itxura kaligrafikoko konposizio hauek artistak bere burua berrasmatzeko behar dituen bere buruaren gaineko idazketa moduko bat dira. Laurogeiko hamarkadan figuraziora itzuli zenean, konposizioen azken planoetan elementu abstraktuak txertatu zituen sotilki, eta elementu biografikoak eta mitologikoak nahastu zituen. Indiako modernitateko artista aipagarria izan zen Singh, eta ospetsua egin da etxeko ingurunean irudikatutako irudi femeninoengatik. Nolanahi ere, berriki egin dira ezagunak Singhen konposizio abstraktuak, Talwar Galleryk 2017an eta 2018an antolatutako Tying Down Time y Tying Down Time II erakusketetan; eta 2019an haren atzera begirako lehen erakusketa egin zen Kiran Nadar Museum of Arten.
[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]