Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Verena Loewensberg

Beat Wismer

1912, Zürich (Suitza) – 1986, Zürich (Suitza)

Verena Loewensberg Basileako Arte eta Lanbide eskolako ikaslea izan zen 15 urterekin; hain zuzen ere, ehungintza, marrazkia eta kolorearen teoria landu zituen eskola hartan. 1929an, balleteko eskolak hartu zituen Zürichen. 1934an adiskidetasunezko harreman bat hasi zuen, luze iraun zuena, Max Billekin eta haren emazte Biniarekin —argazkilaria, Lucia Moholonyren ikaslea—. 1935ean, Billi esker, Abstraction-Création taldearen inguruan zebiltzan artistekin harremana egin zuen Parisen, eta Georges Vantongerloo ezagutu zuen; funtsezko harremana izan zen hura Loewensbergentzat.

1930eko hamarraldiaren hasieran, marrazki figuratiboak nahiz abstraktuak egin zituen. 1936ko Zeitprobleme in der Schweizer Malerei und Plastik [Suitzar pinturaren eta eskulturaren gaur egungo problemak] erakusketan parte hartzeko gonbita jasotzen emakume artista apurretakoa izan zen; Züricheko Kunsthausen aurkeztu zuten erakusketa hura, eta funtsezkoa izan zen suitzar arte modernoarentzat. Sophie Taeuber-Arp baino belaunaldi bat geroagokoa izan arren (1889an jaioa baitzen hura), haren antzeko prestakuntza jaso zuen —ehunen diseinua eta balleta—, eta pentsamendu irekia izan zuen, hark bezalaxe. 1937an, Allianz taldea sortzen parte hartu zuen (talde sortzaileko emakume bakarra izan zen); suitzar artista modernoak elkartu zituen talde hark, eta haren kide izan ziren, besteak beste Taeuber-Arp eta Meret Oppenheim.

“1936an, koadro konkretuak margotzen hasi nintzen, eta harrezkero ez naiz gelditu”1. Askoz ere aurrerago, zera adierazi zuen: “Obsesionatuta nengoen nire arazo plastikoekin”2. Oso elkarrizketa gutxi egin zizkioten Loewensbergi, eta haren inongo adierazpenetan ez da ageri Züricheko Konkretuak (Zürcher Konkreten) taldeko laukoteko artista gisa edo emakume bakar gisa egindako lanaren berri. Ez zuen teoria artistikorik aditzera eman: Max Bill eta Richard Paulen esku utzi zuen manifestuak idazteko eta teorizatzeko ardura. Konposizio-molde xehe eta egituratua erabiltzen zuen arren, Camille Graeserren antzera, askatasun formal eta kromatiko poetikoagoak eta ia musikalak aitortu zizkion bere buruari.

Loewensbergen obraren katalogo arrazoituan, 1944ko data du haren lehen olio-pinturak, eta, harrezkero, Arte Konkretuaren protagonista erabatekoen artean nabarmendu zen. 1960–63 inguruan inflexio-puntu bat gertatu zen Loewensbergen ibilbidean; hirurogeita hamarreko urteetan, Arte Konkretuaren kanonetatik haratago hedatu zen haren pintura. Hala, haren koadroek —bi kolore monokromora mugatuak, maiz— harrezkeroko haren lana Kolore Eremuen Pinturarekin eta Minimalismoarekin lotzeko bidea ematen dute. Loewensbergen ekoizpenean beti nabarmendu bazen ere kolorearen zentzu zorrotza, lan berantiarretan kolorista bikain gisa agertu zen Abstrakzio Geometrikoko ordezkarien artean.

1970eko hamarkadaren amaierara arte, Arte Konkretua izan zen nagusi Züricheko eta Suitzako artearen esparruan. Bill, Graeser eta Lohse haren lankide gizonezkoei bai, baina Loewensbergi sekula ez zioten eman Züricheko hiriaren Arteen Saria (Kunstpreis).

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Verena Loewensberg, 1976an Schweizerische Institut für Kunstwissenschaft (SIK-ISEA) erakundeak aurkeztu zion galdetegiari erantzunez, Verena Loewensbergi buruzko dokumentazioa, SIK-ISEA, Zürich.
  2. V. Loewensberg, hemen aipatua: Margit Weinberg Staber, “V. Loewensberg – Protokoll über ein Gespräch mit der Malerin/V. Loewensberg – Notes from a conversation with the painter” (1977ko maiatzean grabatutako elkarrizketa), Éditions Médiak argitaratutako karpetan, Neuchâtel, 1979, 4. or.

PDF-a JAITSI