katalogoa
Giannina Censi
Adrien Sina
- Izenburua:
- Giannina Censi
- Egilea:
- Adrien Sina
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
- Neurriak:
- 22,5 x 30
- Orrialdeak:
- 350
- ISBN:
- 978-84-95216-93-9
- Lege gordailua:
- BI-01621-2021
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Feminitatea | Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Giza gorputza | Artea eta emozioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Mugimendua | Soinua | Jantziak | Licinium antzokia | Galleria Pesaro | Antzerkia | Dantza | Dantzariak | Paris | Milan | Poesia | Anton Giulio Bragaglia | Enrico Prampolini | Filippo Tommaso Marinetti | Tullio Crali | Bruno Sanzin | Mario de Bernardi | Nino Burrasca | Rosina Ferrario | Hegazkinak
- Mugimendu artistikoak:
- Futurismoa
- Artelan motak:
- Performance
- Aipatutako artistak:
- Censi, Giannina
1913, Milan (Italia) – 1995, Voghera (Italia)
Giannina Censi, aerodantza futuristen gorpuzte lehenengoa eta bakarra, Rosina Ferrario bere izebak lizentzia eskuratu eta Italiako lehenengo hegazkin-pilotua bihurtu zen urte berean jaio zen. Harekin egingo zuen hegan. Parisen dantza klasikoa ikasi ondoren, Censi Milanera iritsi zen, non haren aitak, musikaria eta Filippo Tommaso Marinettiren adiskidea, elkar ezagut zezaten lagundu baitzuen.
Dantza irauli nahi zuela esan zion Censik Marinettiri. Dantzaren eta abiazioaren konbinazioak seduzitu egin zuen Marinetti, zeren eta 1917ko bere Dantza futuristaren manifestuarekin bat baitzetorren, berrikuntza baten zain. Marinettik 1931ko maiatzaren 28tik ekainaren 16ra bitarteko Simultanina antzerki bira futuristan sartu zuen Censi. A mille metri su Adrianopoli bombardata bere poemarentzat dantza bat asmatzea proposatu zion. Mario de Bernardi pilotu akrobatikoarekin hegan egitera gonbidatu zuen pirueta arriskutsuen emozio sakonak sentitzeko. “Nire dantzetan nire gorputzaren bitartez adierazi dut De Bernardik bere hegazkinarekin adierazi duena” esan zuen Censik.
Errealitatearen esperientzia indartsu eta ikaragarri horrek gauzatu zuen haren aerodantzen zehaztasuna eta doitasuna Milango Galleria Pesaron, 1931ko urriaren 31n. Dantza horiek dantzatzen jarraitu zuen Censik beste erakusketa futurista batzuen inaugurazio saioetan, musikarik gabe beti, hots silabikoen, garrasien, xuxurlen eta ahozko txioen laguntza bakarraz, hala nola Marinettiren aeropoema motlibristes* direlakoetako “vrumfv” eta “sumf”, eta 1932an Bruno Sanzinen eta Nino Burrascaren laguntzaz.
Enrico Prampoliniren aeropinturen paisaje zorabiagarri eta airekoekin ere dantzatu zen Censi; Prampolini zen, hain zuzen, aluminiozko islak zeuzkan Censiren hegazkinlari-maillotaren diseinatzailea. Hark asmatutako aerodantza inspirazio-iturri bihurtu zen poeta futurista askorentzat, eta berarentzat idazten hasi ziren. Tullio Cralik aeropinturen eta aeroeskulturen sail baten gaia egin zuen haren dantzekin. Sentsazioen, formen, imintzioen eta sonoritateen gama femenino berri eta simultaneo batekin aberastu zuen Censik Futurismoko makinen imajinarioa.
Haren mugimendu angeluarren edo asimetrikoen dotoreziak Jia Ruskajaren koreografietan zuen jatorria; Anton Giulio Bragagliak ekarri zuen 1921ean Ruskaja eszena futuristara. Berarekin egin zituen Censik bere lehenengo agerpenak 1929an Erbako Licinum Antzokian. 1932tik aurrera, bere eskola propioa sortzeari eman zitzaion; eskola arima femeninoa goratzeko sortutako dantza mota bati eskainia zegoen, eskakizun hala estetiko nola psikikoak zituena, haren mentore urrunaren ideiekin bat eginik.
[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]