Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Hedda Sterne

Eleanor Nairne

Izenburua:
Hedda Sterne
Egilea:
Eleanor Nairne
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Arkitektura | Artea eta paisaia | Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Erakusketak | Haserrekorrak taldea | Art of This Century galeria | Betty Parsons galeria | Wakefield Gallery | Erbestea | Hiria | Life aldizkaria | AEB | New York | Londres | Bukarest | André Breton | Fernand Léger | Frederick Kiesler | Hans Arp | Marcel Duchamp | Marcel Janco | Nina Leen | Betty Parsons | Peggy Guggenheim | Immigrazioa eta emigrazioa
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Espresionismo Abstraktua | Surrealismoa
Teknikak:
Collage
Artelan motak:
Ilustrazioa | Pintura
Aipatutako artistak:
Sterne, Hedda

1910, Bukarest (Errumania) – 2011, New York (NY, AEB)

XX. mendean zeharreko bere ibilbide luzean, Hedda Sternek beti egin zion uko “fabrika-marka” bat hartzeari1. Heddak (Hedwig Lindenberg ezkontaurreko izenez) Bukaresten, Vienan eta Parisen egin zituen ikasketak, filosofia ikasi zuen Bukaresteko Unibertsitatean, eta artea Marcel Jancoren eta Fernand Légerren estudioetan. Hans Arpek ezagutarazi zion Peggy Guggenheimi Sterneren lana, eta Peggyk haren collageetako bat sartu zuen 1938an Londresen egindako erakusketa kolektibo batean. 1941ean, Ameriketako Estatu Batuetara (AEB) iritsi zen, Bukaresten juduen kontra egindako pogrom batetik ihesi, eta Guggenheimek migratzaile artistekin eta New Yorkeko pintura-eszenara iritsi berri zirenekin harremanetan jartzen lagundu zion.

1942an, André Bretonek haren obraren aurkezpena egin zuen First Papers of Surrealism erakusketan —Marcel Duchampen Le fil (Hamasei milia lokarri) [Le fil (Sixteen Miles of String)] delakoak eman zion ospea erakusketa hari—. 1943tik aurrera, Guggenheimek toki bat egin zion beti bere galeriako (Art of This Century, Frederick Kiesler arkitektoak diseinatua) erakusketa kolektiboetan. Betty Parsons arte-merkatariak, Sterneren artelanen beste defendatzaile goiztiar batek, haren lehen bakarkako erakusketa antolatu zuen, 1943an, Wakefield Gallery and Bookshop erakustokian. 1946tik aurrera, beste erakusketa askotan parte hartu zuen, Parsonsen galerian. Sternek —errumaniarra New Yorken— surrealisten (hirira iritsi berriak, Guggenheimen orbitakoak) eta espresionista abstraktu modernoen (Parsonsen galeriako erakusketetan parte hartzen zuten margolarietako asko izendatzeko 1946an sortutako izendapena) artean erdibidean zegoen artista bezala agertu zuen beti bere burua, ez batzuen ez besteen alde egin gabe.

Garai hartako lanetan, Sternek agerian utzi zuen bere ingurune berriarekiko (erabat estatubatuarra) sentitzen zuen lilura; haren hitzetan esateko, “inoiz gelditzen ez den tiobibo erraldoi bat da, islen eta soinuen koreografia konplexu baten eragilea”2. 1950eko hamarkadan, errepide-sarean inspiratutako margolan batzuk egin zituen, aerosol-pinturak baliatuz (auzoko burdindegi batean erosiak seguruenik), eta, hartara, modu berritzaile batean agertu zuen automobilen hara-hona zoroa, metropoli bateko bizitza modernoaren euforiaren irudikapen baten bidez deskribatuta. Beste mihise batzuetan, askotariko elementu arkitektonikoak —zutabeak, galtzadan margotutako seinaleak, sute-eskailerak, teilatuak eta kai-muturrak— bata bestearekin elkartzen zituen, gerraosteko urteetako eraikuntzaren boomaren aztarnak eta Konstruktibismoaren bektore dinamikoen aipamenak biltzen zituzten hiri-paisaia ezinezkoak osatuz.

1950ean, Sternek saritua ikusi zuen bere lana, Life aldizkariak orrialde osoko ilustrazio bat argitaratu ziolarik, 36 urtetik beherako estatubatuar margolari nabarmenei buruzko erreportaje baten baitan. Parsonsek gezurra esan zuen, nonbait, artistaren adinari buruz, erreportajean parte hartu ahal izan zezan. Nolanahi dela ere, Nina Leenen Haserrekorrak (The Irascibles) argazki ezaguna (1951ko urtarrilaren 15ean Lifen argitaratua) izan zen Sterneri benetako ospea eman ziona, hura izanik argazkian agertzen den emakume bakarra, aurpegi serioko gizon talde baten erdian gailen. Kontua kontu, irudiak merezi baino arreta gehiago piztu zuen, artistak espresionista abstraktuekin izandako loturak nabarmentzen baitzituen, haren ondorengo lana —paisaia opaleszenteetatik letxugen estudio irrealetara— bigarren mailan utzita. “Gehiago ezagutzen naute argazki horrengatik laurogei urteko lanagatik baino”3, esan ohi zuen Sternek.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Ikus Michael McNay, “Hedda Sterne Obituary”, The Guardian, 2011ko apirilak 14; in: https://www.theguardian.com/artanddesign/2011/apr/14/hedda-sterne-obituary.
  2. Hedda Sterne, hemen: Sarah L. Eckhardt, Uninterrupted Flux: Hedda Sterne, erak. kat., Champaign (IL), Krannert Art Museum, 2006, 17. or.
  3. H. Sterne, hemen: Barry Schwabsky, “Inside Out”, The Nation, 2015ko maiatzak 25, 27–30. or.

PDF-a JAITSI